Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Hilurren, baina bizirik

Hilurren, baina bizirik

2017/10/19
Urria. 1997 urtea. Gernikako Estatutuak hemezortzi urte zeramatzan indarrean, Jaurlaritzan EAJk eta PSE-EEk gobernatzen zuten koalizioan, hiru hilabete ziren ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. Garai politikoa ezaugarritzen duten elementuetako hiru baino ez dira. Testuinguru horretan, ELA sindikatuak ekitaldi bat egin zuen Gernika-Lumon (Bizkaia), hilaren 18an, eta Joxe Elorrieta idazkari nagusiak orduan eginiko hitzaldiak arrastoa utzi zuen: «Estatutua itun politikoa zen, batik bat, eta txiki-txiki egin dute. Eta abertzaleok erantzun gabe gelditu gaitezen nahi dute. Estatutua hilda dago, zentralistek hil dute».

Jon Olano, Berria 2017/10/19

Urria. 1997 urtea. Gernikako Estatutuak hemezortzi urte zeramatzan indarrean, Jaurlaritzan EAJk eta PSE-EEk gobernatzen zuten koalizioan, hiru hilabete ziren ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. Garai politikoa ezaugarritzen duten elementuetako hiru baino ez dira. Testuinguru horretan, ELA sindikatuak ekitaldi bat egin zuen Gernika-Lumon (Bizkaia), hilaren 18an, eta Joxe Elorrieta idazkari nagusiak orduan eginiko hitzaldiak arrastoa utzi zuen: «Estatutua itun politikoa zen, batik bat, eta txiki-txiki egin dute. Eta abertzaleok erantzun gabe gelditu gaitezen nahi dute. Estatutua hilda dago, zentralistek hil dute».

10.000 lagun inguru elkartu ziren ekitaldian, eta estatutuaren «heriotza agiri» bihurtu zen Elorrietaren esaldia hainbatentzat; hala deskribatu zuen egunean bertan Floren Aoiz Herri Batasuneko orduko bozeramaileak. Izan ere, sindikatu nagusiaren idazkari nagusiarenak ziren hitzak, urte luzez bere burua autonomismoaren eskeman kokatu zuen erakunde batenak. Une politikoa baino zabalagoa da diskurtsoaren testuingurua, Xabi Anza ELAko Batzorde Eragileko kideak gogorarazi duenez: «Alor soziolaboralean, inposatu nahi zen formakuntza eredu bat langileentzat, eta eredu horrek zekarrena. Erabiltzen da formakuntza patronala eta sindikatuak finantzatzeko, eta ELA-LABek egin genuen sekulako lana eredu hori inposa ez zedin. Eta ikusi genuen euskal gobernua ez zegoela eredu propio bat garatzeko prest. Gatazka handia zegoen lan harremanetan».

Lan harremanen inguruko eztabaida, arazo sektorial bat bainoago, «autogobernuaren kalitatearen» isla bat zen. Irail horretan, Bilbon izan zen Rodrigo Rato Espainiako Ekonomia ministroa. Han ziurtatu zuen gizarte segurantza ez zela Jaurlaritzaren esku geratuko. «Testuinguru horretan, hori detonante bat» izan zen ELArentzat, Anzaren esanetan: «Gernikari buruz irakurketa asko egin dira, baina gure errealitateari atxikita egindako ekitaldia izan zen: lan harremanei loturiko irakurketa egin genuen».

Ordura arteko ikusmoldearekin haustura bat geratzen da, beraz: «Gernikako mezua hori da: aukera bat zena tranpa bat bihurtu da, diagnostikoa konpartitzen dugunok bide bat egin behar dugu, eta ETA sobera dago eta oztopo bat da elkarrekin bide hori egiteko». Bestelako gehiengo baten lehen irudia ikusi ahal izan zen, gainera; Gernikan izan ziren EAJ, EA, HB, LAB, EHNE, Elkarri eta Senideak, besteak beste. Neurri batean, ados zeuden gainera: Ricardo Ansotegi EAJko Euskadi Buru Batzarreko kide zenak dei egin zuen «denek gainditu» nahi zuten «sistema juridiko hori gainditzera», eta «beste marko politiko baten beharra» azpimarratu zuen Aoizek. Ekitaldi horretan bildutakoak «beste autogobernu maila bat» eskatzen ari zirela adierazi zuen Inaxio Oliverik EAren izenean, eta «ate bat zabaldu» zela nabarmendu zuen Jonan Fernandezek, Elkarri-renean. «Abertzaleen bestelako gehiengo bat eskatu du ELAk, autodeterminazioaren bidea egiteko», izan zen biharamuneko titularra Euskaldunon Egunkaria-n.

Ajuria Enetik Lizarrara

Ajuria Eneko Itunak azken hilabeteak zituen, eta Gernikako ekitalditik zortzi hilabetera eratu zen Irlandako Foroa, Lizarra-Garaziko akordioaren ernamuina izango zena. Eskema batetik besterako bidean, zein garrantzia izan zuen ELAren ekitaldiak? Anza: «Gernikako ekitaldiak suposatzen du, lehen aldiz, nazionalismo historiko eta estatutistatik datorren erakunde bat bloke autodeterminista-subiranistara igarotzen dela». Izan ere, sindikatuarentzat berarentzat ere mugarri izan zen Gernikakoa: «ELAren DNAn estatutua zegoen. Errepublika garaian estatutuarekin bat egin genuen, eta trantsizio garaian ere bai». Hortik harago, uste du Gernikako ekitaldia ELAren ekarpen «txikia baina inportantea» izan zela Irlandako Foroa osatzeko.

Inportantea, hainbat alorretan eragin zuelako: «ELAren mugimendua, sindikala izanik, politikoki oso esanguratsua bihurtu zen, Ajuria Eneko itunaren logika goitik behera apurtzen duelako». Lizarra-Garaziko akordioak, gainera, ETAren su-etena ere eragin zuen, Gernikako ekitalditik ia urtebetera: «Oso testuinguru polarizatuan, elkarrizketaren, distentsioaren eta negoziazioaren bidea aldarrikatu genuen. ELA eta LAB kenduta, oso eragile gutxik defendatzen zuten hori orduan».

Ekitaldi hura, ordea, «euskal politikagintzan eta, oro har, herrigintzan hasiko zen fase berri eta dinamikoaren ataritzat» har daitekeela idatzi zuen German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan.

Harrezkero igaro dira Lizarra-Garazi, 2004ko estatutu proposamena, Loiolako negoziazioak... eta indarrean dirau 1979ko testuak. Autogobernu lantaldea martxan da Eusko Legebiltzarrean, beste testu bat adosteko, eta estatutua osorik betetzeko falta diren eskumenak eskualdatzea da Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. «Pentsatzen genuen gure forentse lanetan hobeto asmatuko genuela», dio Anzak: «Estatutua dago garai hartan baino dezente okerrago, baina hildako hori oso bizirik dago».

Estatus politikoari buruzko egungo eztabaidari begiratuta, uste du Kataluniako prozesuak agerian utzi dituela bide estatutarioaren mugak. Baina bada alde bat oraingo eta aurreko prozesuen artean: «Gernikako eta Lizarrako formulazioan bizirik jarraitzen zuen Maltzagako metaforak, baina jada ezin da izan abiapuntu bat. Gure burujabetza lortzeko, ziur aski beharko da Maltzaga bat, baina ezin da abiapuntu bat izan».