Hemen zaude: Hasiera Artikuluak (Maltzaga IV) Soberanismoa: Zein da abiapuntua?

(Maltzaga IV) Soberanismoa: Zein da abiapuntua?

2017/02/03
Premiazkoa da definitzea eta partekatzea zein den prozesu subiranista baterako abiapuntua. Abiapuntua aipatzen dudanean esan nahi dut zein den errealitatea zeinetatik prozesua bera pentsatzen hasi behar dugun. Litekeena da uste izatea hau begibistako zerbait dela, baina ez da halabeharrezkoa. Sarri, analisi politikoa nahi eta borondatetik abiatzen da, errealitatetik baino areago.

Xabi Anza, ELAko Trebakuntza arduraduna, Zuzeu 2017/02/03

Xabi AnzaPremiazkoa da definitzea eta partekatzea zein den prozesu subiranista baterako abiapuntua. Abiapuntua aipatzen dudanean esan nahi dut zein den errealitatea zeinetatik prozesua bera pentsatzen hasi behar dugun.

Litekeena da uste izatea hau begibistako zerbait dela, baina ez da halabeharrezkoa. Sarri, analisi politikoa nahi eta borondatetik abiatzen da, errealitatetik baino areago. Esaterako, niri galdetuko balidate zer nolako prozesu subiranista nahiko nukeen, zalantzarik ez nuke egingo:

1. Nik aldebikotasunean oinarritutako prozesu bat nahi dut: bere nazioei egindako kontsulta aintzat hartzen duen estatu demokratiko batek errespetatua. Hots, Eskoziakoaren moduko prozesu bat.

2. Batasunean oinarrituta nahi dut, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon arteko akordioan. Hots, Kataluniakoa bezala.

3. Prozesu instituzional bat nahi dut: Erabakitzeko eskubidearen aldeko hautetsien gehiengo handiak legitimatu eta bultzatutakoa. Hots, Eslovenia edota Kataluniakoaren modukoa.

4. Nahiko nuke ere interklasista izatea. Alegia, gizarte guztiaren eskariak aintzat hartuko lituzkeena, babesari, zerbitzu publikoei, eredu produktiboari eta kulturari buruzko eskariak, gizarte guztiarentzako “efizientzia partekatuko” espazio bat. Hots, Alemaniako berrelkartzea bezala.

5. Eta jakina, Euskal Herri osoak parte hartzen duen prozesu subiranista bat nahiko nuke.

Hori da nahiko nukeena. Baina... hori ote da errealitatea? Nire ustez, inola ere ez.

1. Hasteko, ez dago aldebikotasunik. Espainiar estatuak ez digu aitortuko erabakitzeko edo kontsulta egiteko eskubiderik, ezta emango ere menpekotasun eta sumisio estatus politikoa aldatzeko aukerarik. Ez gara Eskozia, eta Espainia ez da Erresuma Batua.

2. Bigarrenik, ez dago jarduera bateraturik erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon artean. Alderdiei begiratuz gero, erabakitzeko eskubidearen alde dagoen zati batek (EAJ) erabaki du euskal estatus politikoan edozein aldaketa egitekotan gutxienik PSOEren edo PPren adostasuna beharrezkoa dela, hots, erabakitzeko eskubiderik gabe izango dela. Ordezkaritza handia duen beste indar batek (Podemos-Ahal Duguk) dio aldaketa etorriko dela Espainiako aldaketa politikoaren ondorioz.

3. Hirugarrenik, ezerk ez du aditzera ematen erakundeak izango direnik estatus politiko aldaketaren aitzindari. Eztabaida ez dago Nafarroan. Enegarrenez EAEn erabaki da autogobernu ponentzia aktibatzea, oraingoan PSE, Podemos eta EAJren bultzadaz. Ez gara Katalunia.

4. Ez dago prozesu interklasista baterako oinarririk. Benetan gehiengo neoliberal itogarri bat daukagu, Nafarroan, EAEn eta Ipar Euskal Herrian, eskubide sozialak murriztearen aldekoa. Ez daukagu ere gutxieneko adostasunik herri-proiektuari buruz, oinarrizko gaiei dagokienez (energia-, elikadura- edo finantza-burujabetza, garraioa, I+G, industri-politika…). Kultura eta hizkuntzaren inguruan, berriz, gehiengo espainolizante ukaezina dago (hor dago euskararen egoera, TB edo irratiko audientzia datuak...); gutxiengo etnozida bat badago, oso indartsua, eragin handikoa, baita unibertso euskaldun bat ere, gutxiengo izanik bere garrantzia duena, baina hauskorra dela uste duena, eta hein handian tresna zein helmugak falta zaizkio (modu leunean esanda). Hots, ez gara Alemania.

5. Euskal Herri osoari buruz gogoeta eginez gero... 7 lurralde, 3 eremu administratibo, 2 estatu, 2 gobernu autonomiko, 3 foru-gobernu, estreinatu berria den elkargo bat, 3 hizkuntza, historia konplikatua, hamaika kontakizun... Lurralde-nahastea berebizikoa da.

Nire ustez unibertso subiranista ilusio batean bizi da. Ilusioa da uste izatea Legebiltzarrean dagoen erabakitzeko eskubidearen aldeko aritmetika (EAJ, EH-Bildu, Ahal Dugu) prozesu subiranista baten aldeko benetako gehiengo politiko bat dela. Hots, hegemonia potentzial bat, zeinak soilik aktibatzea erabaki behar duen.

Baina ez da hala, nire ustez. Erakundeetan ez dago gehiengo subiranistarik, eta balego ere, erakundeetan hainbat gehiengo eta hainbat gutxiengo dago.

1. Bada gehiengo minoritario bat (EAJ, Podemos) zeinak existitzen ez den aldebikotasuna aldezten duen; eta bada euskal gutxiengo bat (PP, PSE) zeinak Madrilen gehiengoa duen espainiar aldebakartasunaren alde, hau da, benetan existitzen denaren alde.

2. Neoliberalismoaren aldeko gehiengo instituzionala izugarria da (EAJ, PP, UPN, PSOE, GeBai…), Gasteiz, Iruñea eta Madrilen.

3. Bada gehiengo instituzional, mediatiko, kultural... bat zeinak eredu espainolizantea aldezten duen, eta bada euskaldun gutxiengo bat, oso zigortua.

4. Bada gehiengo instituzional bat zeinak ez duen begi onez ikusten jendea antolatzea (gizarte-mugimenduetan, sindikatuetan...) aurre egiten duten dinamiketan, honek sistema instituzional berari arazoak eragiten dizkiolarik (EAJ, PSOE, PP, UPN…).

5. Lurraldetasunari buruzko ikusmolde oso desberdinak daude, eta batik bat soberanismoak lurralde bakoitzean indar-erlazio oso desberdinak ditu.

Horregatik, gure analisia zuzena bada, gaur balizko prozesu nazional bat irudikatzerakoan subiranismoari buruz hau izan beharko genuke kontutan:

1. Oso minoritarioa da, ikuspuntu instituzionaletik begiratuta.

2. Aldebakarrekoa izan behar du, aldeko estaturik gabe.

3. Printzipioz ez du izango teorian babes lezaketen edota beste fase batean babestuko duten indar politiko guztien bultzada izango.

4. Batik bat soziala izango da, ez instituzionala, gutxienik oraingoz.

5. Lurraldeen arabera oso desberdina izango da.

Errealitate printzipioak behartzen gaitu kontutan izatera prozesu subiranistaren abiapunturako oinarriak oso ahulak direla. Ilusio aritmetiko instituzional eta errepresentatiboak aditzera ematen duena baino askoz ahulagoak.

Baina aurreko puntua eragozpen handia izanagatik, prozesu horrek ere baditu abiapuntutik bertatik bere indarguneak:

1. Instituzioetan gutxiengoa izanik, eremu sindikalean nagusia da eta sozialean, berriz, oso sendo dago (ELA, LAB, Eskubide Sozialen Karta).

2. Aldebakarrekoa izanik, eskari demokratiko unibertsalak plazaratzen ditu: burujabetza, parte hartzea, erabakia... Eskari horiek publiko zabalarengana iristeko aukera ematen diote.

3. Soziala izanik, eta beraz, ez sigla politiko ugarik babestua, ez dauka interklasismoak, oligarkiek, alderdien zuzendaritzek edota logika instituzionalak berak ezartzen dituzten mugarik. Alegia, soziala izanik hainbat bektore (klasekoa, feminista, ekologista, demokratikoa, euskalduna) indarrak biltzeko funtsezko bektore bilaka ditzake, hauek bestela balia ezinezkoak liratekeelarik. Eta bektore hauek baliatuta subiranismoa dinamika erakargarria bihur liteke gune politiko guztietako oinarri sozial eta hautesleentzat.

Baten batek pentsa dezake ez dela asko. Jakina, ilusio instituzional eta errepresentatiboak askoz gehiago daukagula pentsa araz dezake. Baina nago hau dela erreala den bakarra, eta beraz, bideragarria den abiapuntu bakarra.

Agian asmatuko dut, baina litekeena da ere oker egotea. Edonola ere, ez dago prozesu subiranistarik abiapuntuari buruzko adostasunik gabe. Premiazkoa da artikulu hasieran aipatutako bost puntuak, baita beste batzuk ere, eztabaidatzea.

1. Estatuarekiko aldebikotasunik ba al da?

2. Erabakitzeko eskubidearen aldekoen batasuna gaur egingarria al da (Maltzaga)?

3. Instituzioak izango al dira aitzindari?

4. Funtsean interklasista izan ote liteke?

5. Lurralde guztia har dezake bere baitan?

Galdera hauei ematen dizkiegun erantzunak behin-betikotzat jo eta horren arabera jokatu behar dugu. Hala uste dut nik behintzat.