2012ko HEHko aurrekontu proiektuen balorazio

2012/04/26
azala.JPG
2012rako Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak aurkeztu dituzten aurrekontu proiektuen azterketa eta balorazioa egiten duen txostena argitaratu dugu. Egiten den propagandatik haratago sakondu nahi duenak material baliagarria dauka hemen.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2012. urterako aurrekontuak aditzera eman dituzte. Gobernu bakoitzak bere aurrekontuak egin baditu ere, ondorio nagusia da bi proiektuetan gastu publikoa murriztu egin dela. Horri erantsi behar zaio, gainera, 2010ean eta 2011n ere gastu publikoa jaitsi egin zela.

Krisiak bazterrak gogor jo dituen honetan, gastu publikoa murriztea kaltegarria da, horren ondorioz krisia areagotu eta langabezia handituko baita, eta gizarte-babesak ere behera egingo du.

Hego Euskal Herriko Administrazioek tarte zabala dute gastu publikoa handitzeko; diru-sarrera gehiago lor litzakete, adibidez gastu fiskalak murriztuta, edo fiskalitatea aldatuta, diru gehiago biltze aldera (esaterako, soldatatik ez datozen errenten iruzur fiskalaren kontra borrokatuz, eta errenta altuenentzako eta kapitalaren errententzako zerga-presio txikiagoa ekarri duten erreforma fiskalak bertan behera utziz). EAEko eta Nafarroako administrazioek hartu duten aukera, beraz, bidegabeena eta antisozialena da guztien artean; izan ere, uko egin diote egitura fiskala nabarmen aldatzeari eta, horren ondorioz, gastua murriztearekin, krisia oro har herritarren bizkar gainean erori da; gastu sozialaren behar gorrienean dagoen jendearen bizkar gainean, bereziki.

Txosten honen bidez, gainera, ikusiko dugu gure administrazioek askoz ere diru gutxiago bideratzen dutela osasunera eta hezkuntzara inguruko herrialdeetan bideratzen dutena baino, eta gauza bera gertatzen dela gainerako arlo sozialetan. Horrek guztiak agerian uzten du garapen handieneko ekonomien ahaleginak eta haien estandarrak askoz ere hobeak direla hego Euskal Herrikoak baino, gizarte arloari dagokionean.

Txostena irakurri