Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zor-sistema maltzurrarren erradiografia

Zor-sistema maltzurrarren erradiografia

2014/03/20
Historikoki bidegabekeria eta esplotazioa inposatu dizkigute Hego Hemisferioko biztanleoi, orain hamarkada batzuk jabetu ginen egoera honetara iristeko erabili izan duten bide nagusietako bat zorpetze publikoaren prozesua izan dela. 2008tik aurrera, Ipar Hemisferioko herriak ere hasi dira zorpetze publikoaren prozesuan. Hau guztia ikertzeko erreminta zor publikoaren ikuskaritza da.

MariaLuciaFattorelliMaria Lucia Fattorelli, Zorraren Ikuskaritza Hiritarraren koordinatzailea Barasilen (Artikulu hau latindadd.org-en argitaratu da 2012/09/30)

Hitzaldia: Apirilak 2, 9:30tan Bilbon, Jesuitas Indautxu ikastetxean. Egitaraua ikusteko hemen klikatu.

Eskura dauzkagun munduko baliabideak nahikoak baino gehiago dira planetako biztanle guztiok bizitza duin eta oparoa izan dezagun. Haatik, historikoki bidegabekeria eta esplotazioa inposatu dizkigute Hego Hemisferioko biztanleoi. Orain hamarkada batzuk jabetu ginen egoera honetara iristeko erabili izan duten bide nagusietako bat zorpetze publikoaren prozesua izan dela; finantza eragiketa hutsek eragin duten prozesua, eta zorraren karga gainean jasan behar dugunontzat inolako abantailarik ekarri ez duena, zergak ordaindu bai, baina ez dugu zerbitzu publiko egokirik jasotzen.

"Zor publikoaren ikuskaritzaren bidez zorraren izaera, iturria, oinarria ezagutzeaz gain, haren hazkundea zein faktorek eragin zuten, prozesu horretaz zeintzuk baliatu ziren, eta errekurtsoak non erabili ziren jakin baitaiteke, zor bidegabeak eta ilegalak identifikatzeko."

2008tik aurrera, Ipar Hemisferioko herriak ere hasi ziren jasaten gehienentzat onurarik ez dakarren zorpetze publikoaren prozesua, herrialde gehienak baliabideak finantza sektorera bideratuz zorpetu baitziren.

Gauzak horrela, argi geratzen da mundu osoan hainbeste bidegabekeria ekarri dituzten zorpetze prozesuak ikertzea beharrezkoa dela, oso jende gutxirentzat, bereziki finantza sektorekoentzat, izan baitira onuragarri.

Zorraren ikuskaritza

Ikerketa hori egiteko erreminta zor publikoaren ikuskaritza da, zeinaren bidez zorraren izaera, iturria, oinarria ezagutzeaz gain, haren hazkundea zein faktorek eragin zuten, prozesu horretaz zeintzuk baliatu ziren, eta errekurtsoak non erabili ziren jakin baitaiteke, zor bidegabeak eta ilegalak identifikatzeko.

Ikuskaritza ez da eragiketa kontable bat soilik; bere bidez administrazioko arauak eta indarrean dagoen legedia bete diren iker daiteke, baita eragiketen zilegitasuna eta gizartean izan dituzten ondorioak ere.

Ecuador-eko ikuskaritza

Ecuadorren berriki egin den zorraren ikuskaritzak argi utzi du erreminta honek duen garrantzia. Comisión para la Auditoría Integral del Crédito Público (CAIC) batzordeak egin zuen lana, Rafael Correa presidenteak dekretu bidez sortua, parte hartzaileak, betebeharrak eta helburuak zehaztu ondoren.

"CAICen txostenak, datu eta txosten ofizialez hornitua, aukera eman zion Correari ekintza burujabe bat egiteko, zeinaren bidez tituluetan zegoen kanpo zorra %70 murriztea lortu baitzen, osasunean eta hezkuntzan inbertsio gehiago egitea ahalbidetuz"

CAICen txostenak, datu eta txosten ofizialez hornitua, aukera eman zion Correari ekintza burujabe bat egiteko, zeinaren bidez tituluetan zegoen kanpo zorra (Global bonuak 2012 eta 2030) %70 murriztea lortu baitzen, osasunean eta hezkuntzan inbertsio gehiago egitea ahalbidetuz. CAICen ezaugarri nagusienetako bat izan zen gizarte zibilari eman zitzaion parte hartzeko aukera, horrek gizarte mobilizazioa, lanaren jarraipen publikoa eta Correaren jarrera burujabeari babes politikoa ziurtatu baitzituen.

Brasilen ere, gizarte zibileko erakundeak zorpetze publikoaren inguruan mobilizatzeak ekarri zuen instiuzioek esfortzu berezi egitea jendeak prozesuaren ezagupen zabalago bat izan zezan. 2009 eta 2010ean, Zor publikoaren Ikerketa Batzorde Parlamentarioa osatu zen, Diputatu Federalen Ganberan. Batzorde honetan, Ikuskaritza Hiritarraren parte hartzearekin, zor publikoaren datuak ezkutatzeko eta manipulatzeko mekanismo zenbait aurkitu dira.

Zorraren itxuratzea

Zorra ezkutatzeko modu bat eraldaketa etengabea da, zeinaren bidez latinoamerikako herrialde askok kanpo zorra barne zor bihurtu baitzuten. Lehen, arazoak beste herrialdeekin eta organismo multilateraletan egindako eragiketetan biltzen baziren ere, orain banka pribatuan eta finantza merkatuetan jarri behar da arreta, hartzekodun gehienak bertan baitaude.

"Lehen, arazoak beste herrialdeekin eta organismo multilateraletan egindako eragiketetan biltzen baziren ere, orain banka pribatuan eta finantza merkatuetan jarri behar da arreta, hartzekodun gehienak bertan baitaude."

Hala, bonuak, salmenta publikoa egitean, nazioarteko banku handien esku gelditzen dira, ondoren merkatu sekundarioan negozia ditzaten, erabateko isiltasunak babestuta. Honela inork ez daki herrialdeen hartzekodunak zeintzuk diren. Hortaz gain, merkatu sekundario hauetan, bonuek era guztietako manipulazioak izaten dituzte, hartzekodunei etekin handiak emanez eta herrialdeak kaltetuz. [...]

Mekanismo maltzurrak

Eragiketak egiteko, “zorraren sistemak” herrialdeetako eredu ekonomiko, politiko eta finantzieroa erabiltzen ditu, eta agenteen sare artikulatu bat baliatzen du, zeinaren helburua finantza merkatuen irabaziak bermatzea baita, herrialdeak finantza sistemaren interesen pean jarriz eta herritarrei giza eskubideen galerak inposatuz. Agente hauek izan ziren (1979tik aurrera) nazioarteko interesen tasen igoera unilateralaren erantzuleak, 1982ko finantza krisia eraginez. Hauek izan ziren ere 2008ko krisia eragin zuen prozesua hasi eta sakontzearen erantzuleak ere.

"Ezin da onartu herritarrentzat onik ez dakarren zorpetze publikoaren mekanismoa, baliabide publikoak gaizki erabiltzeaz gain, prozesu ilegal, bidegabe eta iruzurtia bihurtzen da eta."

Halere, egungo krisien mehatxua izan zutenean, gobernuen berehalako erantzuna izan zuten, bankuak salbatzeko eragiketen bidez, herritarrek austeritate politiken ondorioak jasan behar izatea ekarriko zuena.

Zorraren sistema” salatu egin behar da, nahiz eta zilegi izan herrialdeak finantza maileguak jasotzea, ezin baita onartu herritarrentzat onik ez dakarren zorpetze publikoaren mekanismoa, baliabide publikoak gaizki erabiltzeaz gain, prozesu ilegal, bidegabe eta iruzurtia bihurtzen da eta.

Sistema horri aurre egiteak esfortzu kolektibo bat eskatzen du, finantza botereak mehatxatuak dituen gizarte mugimendu guztiak kontuan hartu behar dituena. Dena dela, borroka honek oinarri enpiriko garrantzitsu bat behar du, zorra ordaintzearen legezkotasun eza eta bidegabekeria agerian utziko dituena froga eta txostenen bidez. Proba hori gainditzeko erreminta zor publikoaren ikuskaritza integrala da; erakunde, aditu eta hiritar interesatuen parte hartzea bultzatuko duen ikuskaritza bat, prozesuak zilegitasuna osoa izan dezan.