Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zor publikoa zer den jakin behar du jendeak, zer ordaindu behar den erabaki dezan

Zor publikoa zer den jakin behar du jendeak, zer ordaindu behar den erabaki dezan

2014/04/14
Urte luzez lan egin du Maria Lucia Fattorellik Hego Ameriketako zor publikoa aztertzen eta horren inguruan kontzientzia sortzen. 2007an Ekuadorko Gobernuak eskatutako zorraren auditorian parte hartu zuen, eta 2000. urtetik Brasilgo herri auditoriaren sustatzailea da. Prozesu horiek ezinbestekoak direla nabarmendu du, zorraren zein zati ordaindu beharko litzatekeen jakiteko. ELAk gonbidatuta izan berri da Euskal Herrian.


Berria 2014-04-13

Zor publikoa estatuak finantzatzeko erabiltzen duen baliabide bat da, baina esan izan duzu kasu askotan ez dela horrela izan...

Zor publikoak estatua finantzatzeko bide bat izan beharko luke, bai. Estatuak bere herritarren bizitza bermatzeko baliabideak eskaini behar ditu, eta horretarako zorpetzea zilegi da. Hala izan beharko luke, baina tamalez ez da horrela. Hainbat auditoriatan ikertu izan ditugu dokumentuak, kontratuak, akordioak eta abar. Eta kasu askotan erregistro eta zorraren arteko datuek ez dute bat egiten. Hori auditoria prozesuei esker jakin dugu, eta horietan ezagunena Ekuadorkoa izan zen. Rafael Correa presidenteak azken 30 urteetako zorpetzea ikertzeko batzorde bat sortu zuen dekretu bidez, eta hamalau hilabetez lan egin genuen horretan. Bertan jakin ahal izan genuen iruzurrak, legez kanpoko operazioak, zilegitasunik gabeko ordainketak eta baliorik gabe geratutako zorrak ordaintzen jarraitzen ari zela.

Zor hori nola sortu zen?

Ekuadorren zor publikoak diktadura finantzatu zuen. Auditoria bidez ondorioztatu genuen 1970eko hamarkadan sortu zen zor publikoaren zati handi bat kontratu eta akordiorik gabeko agindu txartelak izan zirela. Brasilen ere antzeko zerbait gertatu zela uste dugu, kontratuetan agertzen zen zenbatekoak ez baitzuen erregistroetako kopuruarekin bat egiten.

Gaur egun Europan beste modu batean ari da sortzen zorra.

Europan ikusi ahal izan da zor pribatuak nola bihurtu diren publiko. Bankuaren zorra ordaintzeko kredituak eman zaizkio diru publikotik. Horregatik, mailegu bat bezala izendatu beharko litzateke, bankua estatuarekiko zorduna baita erreskate horien ondorioz. Baina ez da hori gertatzen; estatuak berak bere gain hartzen du zor hori, eta herritar guztiek nozitu behar dute erabaki horren ondorioa. Horri ezin zaio zor publikoa deitu.

Zor hori ordaintzen amaitzen denean, gainera, beste bat sortuko dela esan izan duzu. Zergatik?

Estatuak daukan finantza egituragatik. Kapitalismoa finantza erakundeen esku dago. Banku pribatuengan botere asko metatu da, ekonomiaren distortsio bat sortuz. Gaur egun ondasunak metatzen ari da ekonomia, eta gutxi batzuen eskutan uzten. Horrela, 50 finantza enpresak ia mundu osoa kontrolatzen dute. Politikariak erosten dituzte, edo legeak euren interesen arabera aldarazi. Beraz, ikuspegia aldatzen ez badugu, beste zor bat etorriko da, ziur. Zorpetze publikoa kapitalismoa elikatzeko erabiltzen da, eta, hori egin ahal izateko, dirua gastu sozialetatik lortzen da.

Egoera horri aurre egiteko zorraren ikuskaritzak egitea ezinbestekoa dela diozu. Zergatik?

Dirua zertarako erabili izan den dakielako herritarrak dokumentuen bidez. Ekuadorren ikusi ahal izan genuen zilegi ez zen dirutza ordaintzen ari zela urtero estatua. Gobernuak eskatutako ikuskaritza egin ondoren desoreka horiek ikusi ziren, eta Correak zorraren %70 ordaintzeari utzi zion 2007an, eta diru hori gastu sozialera bideratu zuen. Bankuekin itun bat sinatu zuen handik bi urtera, zorraren %30 soilik ordainduko ziela esanez. Beraz, zorrari aurre egiteko bidea izan daitezke ikuskaritzak.

Bi motatako auditoriatan parte hartu duzu: batetik, Ekuadorko gobernuak eskatutakoan, eta, bestetik, Brasilgo zorraren herri auditorian. Zein bide litzateke egokiena?

Ekuadorko kasua itzela izan zen. Ofiziala zen, eta, gainera, herritarren parte hartzea ere sustatu zen. Hori da bide egokiena. Baina gaur egun oso zaila da halako zerbait gertatzea, agintariak boterera bankuen finantzaketarekin iristen direlako. Beraz, boterera iritsi aurretik salduta daude, eta ondoren bankuen zerbitzura lan egiten dute . Beraz, beste ekinbide batzuk bilatu behar dira. Brasilen, esaterako, 2000. urtean inkesta bat egin zen gure konstituzioak onartzen duen auditoria egitearen alde egongo ote ziren galdetuz. Sei milioi pertsonak parte hartu zuten, baina ez zen ezer pasatu. Une horretan erabaki zen herri auditoria martxan jartzea, oinarri bat bazegoelako. Eta hori litzateke garrantzitsuena.

Nola lan egiten duzue?

Hezkuntza bultzatzeko lan asko egin dugu, zorraren kontzeptua denek uler dezatela nahi baitugu. Zorraren sistemaren prozeduretako bat horixe baita, jendeak zer den ez ulertzea. Beraz, gure helburua aurkakoa da, jendeak uler dezala, horrela soilik erabaki ahalko baitugu zorraren zein zati ordaindu eta zein ez. Azkenik, politikan eragiteko gaitasuna landu beharko zen.

Baina zailtasunak ere izango dituzue. Esaterako, datuetara iristeko garaian.

Bai, zailtasun handiak daude, baina bide batzuk bermatuta dauzkagu, Brasilgo Konstituzioak zorraren ikuskaritza bermatzen duelako. 2009. eta 2010. urteen artean lortu genuen parlamentuan zorraren inguruko batzorde bat sortzea, eta zenbait hilabetez ikuskaritza egiteko aukera izan genuen. Eta ikerketa horren arabera jakin ahal izan genuen zorra interesak ordaintzeko erabili zela amortizazioak ordaintzeko erabili beharrean. Gure konstituzioaren aurkakoa da hori, baina txosten horrek oraindik fiskaltzaren eskuetan jarraitzen du, presioen ondorioz geldi.

Hego Euskal Herrian sortu berri da zor publikoaren herri auditoria lantzen hasi den talde bat...

Oso beharrezkoa da halako mugimendu bat. Batetik, herria hezi behar delako, eta ondoren iritsiko da irtenbidea, goitik behera izan beharrean, behetik gora. Baina horretarako kontzientzia sortu behar da, eta jakitun izan agintariek zer egiten duten gure diruarekin.