Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zertarako balio du grebak?

Zertarako balio du grebak?

2013/05/07
Greba orokor bat deitzen dugun aldiro gehien egiten den galdera zera da, erabilgarria ote den. Benetan lortuko al da greba honekin gobernuak hartzen dituzten erabakietan atzera egin araztea? Krisi uneotan lanuzte bat deitzea ez ote da mesede egitea produkzio urria ateratzen ari diren enpresei? Ez al diote komunikabideek, kapitalaren edota gobernuen esku baitaude, ohiko erantzuna emango, protesta gutxietsiz?

Xabi AnzaXabier Anza, ELAko prestakuntza arduraduna

Sarri izaten ditut gai honi buruzko eztabaidak militante sindikalekin; hauek hartzen dute beren gain borroka sozial, politiko eta sindikaleko eginkizunik zailena: lantokietan asanbleak deitzea; argudioak prestatzea; jendaurrean hitz egitea, norbere -ustezko- mugak gorabehera; lankideen gogoa mugiarazten saiatzea; jendea mobilizazioetara joan dadin konprometitzea... Militante horiekin eztabaida zaila da, izan ere, beren zalantza, galdera eta konbikzioak konpromisoz bustitako praxian sortzen baitira. Hartueman honek ikusarazi dizkidan ondorioak azalduko ditut, bada.

Nire iritzian, greba orokor bat aurrera ateratzen saiatzen direnek badakite errealitatea ez dela bapatean aldatzen; badakite gaitza dela egun bakarreko borrokaren poderioz gobernu bati atzera egin araztea. Haatik, militanteok uste dute greba egun bat berebiziko garrantzia duen unea dela borroken bilakaeran. Grebak eta erreibindikazio ekintzek nortasun kolektibo bat itxuratzen dute, “gu” bat, “haiek” bati kontrajartzen zaiona; kontrakotasun hau gabe ezin izango da beste agertokirik iritsi. Beraz, greba prozesu baten baitan ikusten dute, ez ultimatum edo hordago gisa. Eta badakite gure lorpen guztiak mobilizazioaren eta grebaren emaitza izan direla.

ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz

Greba orokorrarekin konprometituta daudenek ez dute epe laburreko kostu-etekinen kalkulurik egiten. Noski, greba egun bat garesti gerta liteke soldata miserable bat duenarentzat; litekeena da iriztea greba deitzeko motiboak ez didala niri zuzenean eragiten. Grebalariaren kalkuluak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: bere ustez, inor ez da ondo biziko jende asko eta asko txirotuta dagoenean. Horregatik, greba orokorra egiten dutenek politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta uste dute zilegi zaiela, beste edozein ustezko adituri bezala, gizarteari komeni zaiona erabakitzea. Gainera, gizartearentzako irudikatzen duten alternatiban guztientzako lekua dago... Greba orokorrarekin grebalariek politika beren esku hartzen dute, ozen eta argi esateko “besteek” diotena egia bada -hots, “ez dagoela alternatibarik”-, ez daukatela zentzurik gobernu aldaketek, alderdiek, ezta demokraziak ere.

Greba orokorra egitea erabakitzen dutenak ez daude beren buruari begira. Mendez mende beste jende batekiko elkartasunak piztu izan ditu grebak, nazioen barnean zein mugaz gaindi. Greba orokorrarekin lagundu egiten ditugu beren duintasunaren alde borrokan dauden guztiak. Greba egiten duenak badaki zer den goizero barrikadan egotearen beldurra, zalantza, nekea... Greba orokorrarekin, horrenbestez, mezu indartsu bat ematen da: “zuek, egunero borrokatzen zaretenok, arrazoia daukazue, eta gizarte honetako kiderik hoberenak zarete”. Greba orokorrak horrela aurre egin nahi dio ugazabak erabaki ditzakeen zigorrek eragindako beldurrari. Greba orokorrean isilarazi dituztenek, lan munduan beldurrez bizi direnek protesta egin dezakete pairatzen duten menpekotasuna, dependentzia eta esplotazioa salatzeko. Halaber, greba egunez enplegua dutenek deiadar egiten dute enpresetan bakerik ez dela izango guztiek lana izan arte, euren eta etxekoen bizimodua bermatu arte.

Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute

Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute. Egun batez bereganatu egiten dute komunikabideek gizartearen agenda baldintzatzeko duten boterea, eta deiadar egiten dute: errealitaterik larrienei lehentasuna eman behar zaie; gizarteko debatearen erdi-erdian guztientzako enplegu duina egon behar da, ez bankuen arazoak. Greba orokorrarekin orain eta hemen bideragarri diren alternatibak aldarrikatzen dira, gizarte zuzenagoa eta lan duinagoa lortu eta aberastasuna hobeto banatzeko.

Greba orokorraren alde eginez, alde batera “gu” gaude, eta bestera “haiek”, egoera honen arduradunak. Honela gogora arazten dugu gertatzen zaiguna ez dela halabeharra. Gauzak bestelakoak izan daitezkeela, eta izan behar direla.

Greba orokorra, bestalde, garaiotan desobedientzia ariketa bat da. Gaur greba egitea ez da borroka tresna konbentzionala, mendebaldeko legeetan babestuta egon arren ez baita benetako askatasuna, langile-klasearen zatirik handiena mehatxupean dagoenean: langabezia, prekarietatea, kaleratzeak...

Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula

Greba orokorra egiten dutenek kontzientziazioari dagokionez urrats erabakigarria egiten dute. Greba deitzea, arestian esan dudanez, hainbat lan hartzea da: prestakuntza eta argudioak eman, mobilizatu, jendea erakarri. ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz. Ez dago hau baino formazio politiko-sozial jarduera aberats eta handiagorik.

Amaitzeko, gogoeta bat: duela zenbait urte lehendakari batek enpresario talde hautatu baten belarriak gozatzeko bota zuen “zuek zarete herri honetako BPGaren %90a”. Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula; garbitu, irakatsi, zaindu, sendatu, zerbitzatu, eraldatu, eraiki, saldu, banatu, garraiatu... Aberastasuna askoren lanetik dator, eta lan nahikoa badagoenez, enplegua ere guztientzako adina behar dugu.

Gora greba orokorra!!