Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zerrenda integratua lortzen Nafarroako irakaskuntzan

Zerrenda integratua lortzen Nafarroako irakaskuntzan

2017/12/27
Urteak dira gai honekin bueltaka gabiltzala eta badirudi, behingoz, Gobernu honek gaiari heltzeko gogoa duela, zailtasunak zailtasun. Alde batetik zerrenda bakarra dago (Hezkuntza Departamentuak jarri nahi duena) eta bestetik zerrenda integratua, ELAren proposamena, hizkuntzen araberako bazterkeria gainditzen duena eta askoz ere justuagoa. Gai hau azaltzea eta ulertzea ez da erraza Nafarroatik kanpo, nahiko surrealista baita. Baina saiatuko naiz.

Ainhoa FernandezAinhoa Fernandez, ELA irakaskuntza (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Irakaskuntzako langileok erabaki behar dugu oposaketak egin baino lehen zein hizkuntzatan lan egin nahi dugun: euskaraz ALA gaztelaniaz. “Ala” eta ez “eta”. Elebidunak garenok, gure ikasgaia bai euskaraz eta bai gaztelaniaz eman dezakegun arren, Nafarroako Gobernuak zerrenda berezituak kudeatu ditu, eta errealitate soziolinguistikoa aitzakiatzat harturik, zerrenda berezituak mantendu ditu 2003. urtetik.
Kontua zera da: Lan Eskaintza Publikoa antolatzen denean, azterketa hizkuntza batean ala bestean egitea erabakitzeaz gain, zein zerrendetan egon nahi dugun erabaki behar dugula; hau da: DBHko matematikako irakasle batek, adibidez, euskarazko gaitasun agiria duenak, euskaraz eta gaztelaniaz irakats dezakeela ez dugu zalantzan jarriko. Baina Nafarroako Gobernuak behartu ditu langileak zerrenda batean egotera eta ez bestean. Horrela, gaztelaniaz soilik dakitenek euskaldunok suposa dezakegun konpetentzia gainetik kendu dute.

DBHko matematikako irakasle batek, adibidez, euskarazko gaitasun agiria duenak, euskaraz eta gaztelaniaz irakats dezakeela ez dugu zalantzan jarriko. Baina Nafarroako Gobernuak behartu ditu langileak zerrenda batean egotera eta ez bestean. Horrela, gaztelaniaz soilik dakitenek euskaldunok suposa dezakegun konpetentzia gainetik kendu dute

Baina egoera berezi hau irakaskuntzan soilik gertatzen da, Hezkuntza Departamentuko irakasleekin, ez beste inon. Adibideak baditugu egoera surrealista hau salatzeko eta Nafarroako beste sektore batzuetan honelakorik ez dela gertatzen azaltzeko; urriaren 31n egindako Parlamentuko agerraldian azaldu genituen batzuk. Horietako bat Tuteran gertatzen da, baina ingelesarekin, noski. Tuterako haur eskolak kudeatzeko zerrenda bakarra dago. Hiru eskola daude: 2 gaztelaniaz eta 1 ingelesez. Langileen kudeaketa zerrenda bakar batekin egiten da; batzuek ingeleseko C1 dute, beste batzuek ez. Baina Tuterako Udalean inori ez zaio otu ingeleseko C1 duten langileak baztertzea eta gaztelaniaz ateratzen diren bakanteak hauei ez eskaintzea. Kontrakoa, guztiei eskaintzen zaizkie gaztelaniazkoak, prelazio ordenaren arabera eta ingeleseko profila dutenei ingeleseko eskakizuna dituzten plazak ere eskaintzen zaizkie. Hau guztia, PSNkoa izanik hezkuntzako zinegotzia eta alkatea IU-EBkoa. Une honetan, Izquierda-Ezkerrak ez dio baiezkoa eman nahi zerrenda bakarrari (errealitate soziolinguistikoa ez delako berdina Nafarroa osoan. Ez dakit zein errealitatetan oinarritu duten ingeleseko profila dituzten plazak). PSNren argudioa zerrenda bakarrari ezetz esateko oraindik surrealistagoa da: zerrenda honek euskara dakigunoi aukera gehiago ematen dizkigula, eta gaztelania soilik dakitenak diskriminatzen dituela. Bai noski! Eta zenbat eta hizkuntza gehiago edota titulazio gehiago eduki, orduan eta aukera gehiago edukiko ditugu. Logikoa.

ELA, bere proposamenarekin, haratago doa (Steilas dugu honetan bidelagun): zerrenda integratu batek, hizkuntzen bazterkeria gainditzeaz gain, titulazio eta habilitazio desberdinak sarituko lituzke. Gure proposamenak hezkuntza saileko kudeaketa asko erraztuko luke, eta baita langileen lan baldintzak ere asko hobetuko dituela uste dugu. Zerrenda honek integratuko lituzke langileen titulazioak: GUZTIAK. Beste adibide bat, oso arrunta irakaskuntzan: langile bat egon daiteke hiru zerrendatan, eta zerrenda bakoitzean postu ezberdinean. Batean, oposaketara aurkeztu zelako (demagun, lehen hezkuntzako 20. postuan); bestean, zerrenda agortu eta INEMetik deialdia zabaldu eta apuntatu zelako (ingelesa lehen hezkuntzan emateko 41. postuan); eta hirugarren batean deialdi berezi batean izena eman zuelako (haur hezkuntzako habilitazioa izanik apuntatu zen, eta 85. postuan dago). Egoera hau gertatzen da, eta langileek aukeratzera beharturik egon dira deialdia zegoenean (orain arte presentziala) konbokatutako espezialitate ordenaren arabera. Hau da, lehenengo ingelesekoa konbokatzen bazen, eta bakantea hartzera beharturik egonik, ezin uko egin (nahiz eta nahiago izan lehen hezkuntzako bakante bat) hurrengo zerrendan beharbada ezer gabe geratzeko arriskuagatik, eta gainera, behin bakantea hartuz gero, ez dago atzera egiterik, bestela zerrenda guztietatik kanpo botatzen gaituzte. Zorionez datorren ekainean badirudi Nafarroa ere teknologia berrien garaira iritsiko dela eta aukeraketa presentziala egin beharrean telematikoki egingo dugula.

Telematikoki egiteak prozesua asko erraztuko du, eta guk proposatzen dugun zerrenda integratuaren aplikazioa ere bai. Eta Erkidego gehienetan egiten den bezala egingo da, urduritasunik gabe eta estresik gabe, etxean lasai-lasai. Gure langile hau, ELAren proposamenarekin, zerrenda bakar batean egongo litzateke, euskara eta ingeleseko tituluarekin, lehen eta haur hezkuntzako habilitazioekin, eta aukeraketa dagokion postuan egingo luke (dituen puntuek ematen dioten postuan) bere gaitasunak eta nahiak kontuan harturik. Zerrenda bakarrarekin, ordea, hiru zerrendatan egongo litzateke, espezialitateka banaturik, bakoitzean aukera izanik gaztelaniaz eta euskaraz lan egiteko. Zerrenda bakarra, orain dagoen egoerarekin alderaturik, aurrera pasua litzateke; ELAren proposamena, ordea, langileen eskubide guztiak bermatzen dituen formula.