Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zero zuzendari, zero kutsadura, zero esplotazio

Zero zuzendari, zero kutsadura, zero esplotazio

2016/03/31
2008ko krisi ekonomikoak Europan barrena utzitako ondorio dira kontinente zaharrean berreskuratutako hainbat eta hainbat fabrika. Grezian, Frantzian, Euskal Herrian, Espainian eta Italian, besteak beste. Italiako bi fabrika berreskuratutan izan gara: Officine Zero eta Rimaflow. Martin Mendizabal Garairen artikulua Argian.

Martin MendizabalMartin Mendizabal Garai (artikulu hau Argian argitaratu zen)

Argentinara emigratutako Luicci Zanon italiar gazteak bere abizena zeraman zeramika fabrika sortu zuen diktadura garaian, Neuquen hirian. Hegoamerikako herrialde hark 2001ean jasan zuen krisi ekonomiko larriaren ondorioz porrot egin zuen ordea, eta bertako langileek berreskuratu zuten: FaSinPat (Patroirik gabeko fabrika) izena eman zioten guneari. Egun, enpresako ekoizpenak langileen esku jarraitzen du eta denek soldata bera daukate. FaSinPat eta antzeko lantegiak eredu bihurtu dira Europan, langileen esku geratutako hainbat eta hainbat enpresa aurrera ateratzeko.

Officine Zero Erroman

2013a baino lehenago hainbat kolektibo hasiak zeuden harremanetan: bertako langileek garbi zuten fabrikak ez zuela etorkizunik izango eurak antolatu ezik

Erromako Tiburtina tren geltokitik gertu dagoen eraikinean izan gara. Gaueko trenen mantentze lanak egiten zituen RSI fabrikaren behin betiko kiebra 2012ko abenduan izan zen. Orduan 33 langile zeuden lanean. Giusseppe RSIko langilea zen eta fabrikan jarraitzen duen lagunetako bat da. Lan baldintzak jada 90eko hamarkadan okertzen hasi zirela esan digu: “Enpresak 1970 eta 1990 urteen artean eskaini zituen lan baldintza onenak. 1992tik aurrera lan moldea aldatu egin zen, guk egiten genuen lan asko azpikontratatzen hasi ziren”.

Elisa Gigliarelli Officine Zero asanbladako kide da, RSIren eraikina 2013ko urtarrilean berreskuratu zenetik. Berak azaldu digunez enpresa langileen eskuetara igaro aurretik langileak instituzioekin hitz egiten aritu ziren, beraien lanpostua mantendu ahal izateko: inbertitzaile berri bat bilatu edota sektore publikoak enpresa erostea ziren langileen esperantza bakarrak, baina saiakerak ez zuen erantzun positiborik izan.

Nolanahi ere, 2013a baino lehenago hainbat kolektibo hasiak zeuden harremanetan: bertako langileek garbi zuten fabrikak ez zuela etorkizunik izango eurak antolatu ezik. RSIko langile ohiak, langile prekarioak batzen zituen CLAPP sindikatu txikiak eta unibertsitateko beste hainbat eragilek bat egin zuten. Sindikatuak coworking edo lan kolektiboa egiteko espazio bat okupatu nahi zuen, eta hortik abiatu zen Officine Zero sortzeko ideia.

Beste fabrika batzuetatik kaleratuak izan ziren 100 langile inguru batu zitzaizkien eta jende hori guztia etxetresna elektriko, ordenagailu eta altzariak errekuperatzen hasi zen

Hiru urtetik hona, Erromako Officine Zero berreskuratutako fabrikan –bere lema: zero zuzendari, zero kutsadura eta zero esplotazio– antzinako RSIren makinaria erabiltzen dute egunerokoan. Altzariak, mahaiak eta aulkiak ere berrerabili egiten dituzte konpondu ondoren. Horretan aritzen dira hainbat langile, aroztegian lan egiten duen Giuseppe bera da horietako bat. Horrez gain, tapizeria eta burdindegia ere badituzte, eta lehen administraziorako bulegoak zeuden tokian, orain arkitektura lanak egiten dituzte. Fabrikak denera lau hektarea inguruko hedadura dauka, jantoki eta guzti.

Officine Zeron errefuxiatu eta langabetuei laguntza eskaintzen zaie. Erromako enplegu zerbitzuek formakuntza zerbitzuak eskaintzen dituzten arren, ez dute ordaintzen. “Guk formakuntza kurtsoak eskaintzeaz gain, lanen bat sortuz gero, irakaskuntza hori jaso duten pertsonengan delegatzen dugu”, dio Gigliarellik. Soldatei dagokienez, sartzen den diru guztia kaxa komun batean gordetzen da, eta hilabete bukaeran pertsona bakoitzari bere soldata ordaintzen zaio. Kiebren ondorioz, momentu honetan eraikinaren jabetza Erromako auzitegiarena da eta bi milioi euroko enkantean dago salgai. Berreskuratutako enpresako kideak instituzioekin harremanetan daude: “Aukerarik egokiena kooperatiba sortzea litzateke –mintzo da Gigliarelli–, horrek bidea asko erraztuko liguke”.

Rimaflow Italia iparraldean

Officine Zero ez da Italian berreskuratutako lantegi bakarra. 2013ko otsailean, Milan inguruan automobilgintzarako lan egiten zuen Maflow enpresaren lana Poloniara eraman zutenean, enpresa itxi zuten: “Erabaki genuen lantegiak ezin zituela ateak itxi eta patroi gabe eta autogestioan oinarrituz fabrika berriro martxan jarriko genuela”. Egun Rimaflow proiektuaren kide den Gigi Malabarba ari da hizketan.

Maflow enpresatik kaleratuak izan ziren 15-20 langileak fabrikako azpiegitura eraitsia konpontzen hasi ziren: “Lehen bi urteetan langileen borondatezko lana medio produkziorako makinaria konpondu ahal izan genuen”. Denbora horretan beste fabrika batzuetatik kaleratuak izan ziren 100 langile inguru batu zitzaizkien eta jende hori guztia etxetresna elektriko, ordenagailu eta altzariak errekuperatzen hasi zen.

Enpresa txikien eta kooperatiba batzuen produktuak saltzen ere hasi ziren: “Denbora horretan herritarren aurrean zilegitasuna irabazi genuen eta ezin izan ziguten politikoki eraso –azaldu du Malabarbak–. Gure jarduera komertziala ilegala omen zen aitzakiapean isun ekonomiko handiak jarri zizkiguten eta produkzioaren zati bat Rimaflowetik kanpo bideratu behar izan genuen. Finantziazio nahikorik ez genuenez, lantegiko espazio batean autokarabanak aparkatzeko zerbitzua eskaintzea otu zitzaigun, inguruko aparkaleku bat itxi egin zutelako”.

Officine Zero proiektuan bezala, Rimaflowen ere 2001ean Argentinan berreskuratzen hasi ziren fabrikak dituzte zerumugan: “Hegoamerikako zenbait herrialdetan kapitalismoari aurre egiteko alternatiba ekonomiko erreal bat ari dira sortzen, beheko klase sozialetatik hasita”. Horixe bera egin nahi dute Erroman, Milanen, Euskal Herrian eta Europako makina bat txokotan.