Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zergatik ez dute egia esaten?

Zergatik ez dute egia esaten?

2013/06/19
Adolfo Muñoz "Txiki". ELAren Idazkari Nagusia.- Uztailaren 7a, hitzarmen askoren ultraaktibitatea agortzen den eguna, gainean daukagu ia eta patronala erreformaz baliatzen da xantaia egiteko. Hau gutxi balitz, PP beste erreforma laboral bat prestatzen ari da. Patronalak, besteak beste, zinismoz jokatzen du. Negoziazio kolektiborako unea oso gogorra da, legeak marraztu duen agertokia patronalaren alde oso lerratuta baitago.

Hori ikusirik, EAEn LABek,Adolfo Muñoz "Txiki" CCOOek eta UGTk birritan uste izan zuten Confebaskekin Lanbidearteko Akordio bat lortuko zutela. Ez dirudi hala izan denik. Bestalde, LABek ere porrot egin zuen Akordio marko sektorialak ixteko saioan. Ez dute azaldu zer gehiago eskatu zien patronalak, lanbidearteko akordioa ezinezko egiteko punturaino. Fidatuta zeuden patronalarekin, baina honek bere esku dauden esparruetan akordioak blokeatu egiten ditu, bai baitaki legeak asko eman diola eta are gehiago emango diola etorkizunean.

Sektoreko hitzarmenei dagokienez LAB, CCOO eta UGT bat datoz. “Minimo sektorial” batzuk bermatu nahi dituztela diote, eta ezkutatu egiten dute erreforma ezarri zenetik hori ezinezkoa dela. Sektorea ez da aurrerantzean gutxieneko bermea izango.

LABek, CCOOek eta UGTk zergatik ez diote enpresetako negoziazioari heldu nahi, badakiten arren patronalak sektoreak blokeatzen dituela eta hitzarmen sektorialak ez direla bete beharreko gutxienekoa? Jakinagatik ez dela egia, zergatik esaten dute lantokietan erreformatik babesteko gauza bera dela ituna ala hitzarmena izatea?

LABek, CCOOek eta UGTk zergatik ez diote enpresetako negoziazioari heldu nahi, badakiten arren patronalak sektoreak blokeatzen dituela eta hitzarmen sektorialak ez direla bete beharreko gutxienekoa?

CCOOek eta UGTk are argiago hitz egiten dute. Sektoreak bere horretan itxi nahi dituzte. Horixe egiten dute, izan ere, nagusi diren esparruetan: soldaten jaitsiera eta erreforma ontzat ematen dituzte. Hego Euskal Herrirako euren helburua, berriz, Madrilen CEOErekin sinatu zuten Negoziazio Kolektiboko Akordioa (ANC) aplikatzea da. Akordio hark soldata igoerei muga jartzen zien, “%0,6rainokoa”, eta gainera CEOEk iragarri du ez duela betetzeko asmorik. CCOOek eta UGTk, Zapateroren erreforma ezarri zenetik, negoziazio kolektiboa zentralizatzea erabaki zuten, Euskal Herrian sektoreak husteko asmoz. Areago, CCOOek esan du “ultraaktibitateaz baliatu behar gara negoziazio kolektiboko mapa ideal baten eraikuntzan aurrera egiteko”, estatu mailako esparru sektorialak indartzeko. Patronala ultraaktibitateaz baliatzen da soldatak jaisteko, eta CCOO, berriz, espainiar markoa sendotzeko. Aliatu bitxiak topatu ditu LABek Lan Harremanetako eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua gauzatzeko.

Lanak ematen ditu ulertzeak zergatik ukatzen den -beste indar-erlazio bat oinarritzat hartuta- enpresa esparruko hitzarmenen negoziazioari ekiteko aukera, hori bailitzateke sektoreetan patronalak ezartzen duen blokeoa gainditzeko modua.

Halere, zailtasunak gorabehera, egoera guztia ez da hain iluna. Dagoeneko ehundik gora enpresa-hitzarmen sinatu da erreforma saihesteko klausulekin. Ehun horien artean badira ETEak ere. Negoziatzeko aukera badago, jendea antolatuz gero. Ez dago beste ezkutuko errezetarik. Gipuzkoan ADEGIk blokeatuta zeukan Egoitzen hitzarmena. Ez zuen erreformaren aurkako puntu bat ere jasotzerik nahi, Aldundia balizko akordio bat finantzatzeko dirua jartzeko prest agertu arren. Blokeo hau ikusita, ELAk enpresaz enpresa joatea erabaki zuen; gaur enpresa-hitzarmena sinatuta duen sektoreko langileen kopurua %80tik gora dago, eta gehienbat emakumeak dira. Beste adibide bat: ELAk oso ongi irizten die Euskal Dendak merkatarien elkarteak akordio baterako proposatu dituen edukiei (elkarteak ez dauka oraingoz negoziatzeko ahalmen formalik, mahaiak osatu eta gero sortu zelako). Baina kontu juridikoaz harago, eskaintza horrek erakusten du hitzarmenak beste parametro batzutan negozia daitezkeela, ez soilik Confebaskeko kide diren patronalen erara. ELA lanean ari da eduki horiek merkataritzako gero eta langile gehiagori aplika diezaizkioten.

Noski, arazo guztiek ez dute irtenbide berbera izango. Kontrakoa esatea ergela izatea litzateke. Baina hori kontu bat da, eta bestea, oso desberdina, erabakitzea partida soilik patronalari komeni zaion zelaiean jokatuko dugula; hark, ordezkaritzaren monopolioa izanik, betoa ezartzen duen esparruan, indartsuen dagoen horretan. ELAk ez du baztertuko negoziazio kolektiboan beste indar-erlazio batzurekin lor daitezkeen emaitzak lortzeko aukera. Ezinbestean ondorioak atera behar ditugu antzeko erreformak ezarri dituzten tokietatik. Erreformek eta enpresa mailan ekintza sindikalari uko egiteak lan-baldintzetan eta sindikalismoarengan kalte izugarria eragin dute. Ingalaterran, esaterako, negoziazio kolektiboaren estaldura 80etako hamarkadako %80tik gaurko %20raino jausi da.

Erreformen xedea sindikalismoa txikitzea eta bera lanaren deshumanizazio prozesuan laguntzaile bihurtzea da. Lortu egingo dute, enpresetan oinarri antolaturik ez badugu. ELAk ez du onartzen errua soldatei egozterik. Areago, guk diogu soldatak defenditu egin behar direla, bidezkoa delako eta haien alde eginez enpleguaren alde egiten delako.

Erreformen xedea sindikalismoa txikitzea eta bera lanaren deshumanizazio prozesuan laguntzaile bihurtzea da. Lortu egingo dute, enpresetan oinarri antolaturik ez badugu.

Baten batek uste badu akordio sektorialak itxita lana amaitu dela, oker dago; ez da hala gertatuko. Soldatak eta lan-baldintzak hondatu egin nahi dituzte, muturreraino hondatu ere. Alemanian ere uste zuten negoziazio sektoriala “egituratuz” guztia kontrolpean egongo zela. Haatik, Alemanian sektoreen eragina erabat murriztu dute minijob delakoekin (gaur Alemaniako kontratuen %25 dira honelakoak), hots, 450 eurotik beherako soldata eta babes sozialik ez duten lanpostuekin. Bada, iragarri denez, PP prestatzen ari den hurrengo erreformak aurrekoa “errematatu” nahi du, aurrerantzean egiten diren kontratuak hitzarmenean araututakoa baino askoz baldintza okerragoetan egin daitezen. Alemanian bezalaxe: esplotazio hutsa. Sindikatuok zer datorren ikusi beharra daukagu.

Egia da, gure jendeari esan diezaiokegu “lasai, ez kezkatu; dena guk konponduko dugu”. Honelako mezu bat eman zuten hain zuzen LABek, CCOOek eta UGTk Lanbidearteko Akordioaren aldeko postura egin zutenean. Patronalak Espainian sinatzen dituen moduko akordio bat nahi zuen, berarentzat bete beharreko ez den zerbait, soldatak eta lanpostuak suntsitzen ari den bitartean. Orain, antza apustu hori galduta, presaka eta inprobisatuz osatu nahi dute beren estrategia gabezia; patronalak, ordea, inork baino hobeto ezagutzen ditu batzuren eta besteen ahuleziak. Ez da negoziatzen nahi den esparruan, ahal denean baizik. ELAk azkeneraino berretsiko du bere mezua: antolatu beharra dago; antolatzea da, garai honetan, geratzen zaigun arma bakarra.

Adolfo Muñoz “Txiki”

ELAko idazkari nagusia

Zergatik ez dute egia esaten?