Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zergatik dugu orain Alternatiben Herria bezalako dinamika baten beharra?

Zergatik dugu orain Alternatiben Herria bezalako dinamika baten beharra?

2015/09/23
Azken hilabeteetan sarri entzun eta irakurri dugu ELAren ekimen eta publikazioetan urriaren 24an Bilbon Euskal Herri mailako Alternatiben Herria ospatuko dela. Baina oraindik bada Alternatiben Herria zer den ez dakienik. Zer da? Nola ari da eraikitzen? Zergatik bultzatzen du ELA sindikatuak ekimen hau? Galderon erantzunak hemen aurkituko dituzu.

Ekimen honi buruzko info gehiago hemen: Alternatiben Herria eraikitzen lagundu nahi?

Baionako Alternatibaren bideoa hemen

Lagundu Alternatiben Herrria errealitate bihurtzen zure ekarpenarekin: klikatu hemen

Alternatiben Herria

Ekimen honekin, Parisen abenduan egingo den Klima Aldaketari buruzko goibilera (COP21) dela eta, Iparraldeko Bizi! mugimenduak Alternatiben Herriak antolatzeko egindako deialdiari erantzungo diogu. Europako beste 80 tokitan egin duten bezala.

COP goibilera urtean behin egiten da eta Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Konbentzioa sinatu duten 196 herrialdek partehartzen dute. COP hauetan erabakiak hartu beharko lirateke, konpromiso lotesleak planetaren beroketa 2ºC zentigraduren azpitik mantentzeko. 2009an Kopenhagen egin zen COP15ean Kiotoko protokoloa gaindituko zuen neurri sorta onartu behar zen, baina gobernuak multinazionalen nahiei men egin eta ez zuten ezer egin. Ordutik, akordioak urte batetik bestera luzatzen ari dira. Aurten Parisekoa ere istorio bera izango da. Bitartean, klima aldaketa jarduera ekonomikoak sorturikoa dela gero eta argiago erakusten duten datuak ditugu. Gobernuak ez daude egoerak eskatzen duenaren mailan eta konpromiso eta neurri lotesle ezak hondamendi ekologiko eta sozialera garamatza. Sistema ekonomikoa, injustizia soziala eta klima aldaketaren arteko erlazioa erabatekoa da. Horregatik borroken artean ere lotura estua dago “Aldatu sistema ez klima” lemapean.

Ondorengo hilabete eta urteetarako beste dinamika bat jorratzen ari da klima aldaketari aurre egin eta justizia soziala eraikitzearen bidean. Borroka hau ez baita klima aldaketari aurre egiteko soilik, kapitalismoari aurre egiteko ere bada

Ondorengo hilabete eta urteetarako beste dinamika bat jorratzen ari da klima aldaketari aurre egin eta justizia soziala eraikitzearen bidean. Borroka hau ez baita klima aldaketari aurre egiteko soilik, kapitalismoari aurre egiteko ere bada. Dagoeneko oso argi dugu klima aldaketa kapitalismoaren beste ondorio tamalgarri bat dela.

Alternatiben Herria aldarrikapenetik alternatibara pasatzeko pausua da. Sistema aldatu beharraren urgentziak estrategia berriak bilatzera eraman gaitu. Mundu mailako eztabaida bihurtu da hau, hitzetatik ekintzetara pasatzea. Beharrezkoa da mobilizazioa eta borroka urte osoan zehar izatea, COP goibilerako dataz haratago. Hemendik aurrera gure indarra eta nahia kalean erakutsiko ditugu, mobilizazioaren bitartez eta Alternatiben Herria bezalako ekimen ugariren bitartez. Aldarrikapenetatik alternatibak ditugula erakustera.

Zer izango da Alternatiben Herria?

Jasaten ari garen eraso guztien aurrean alternatibak ditugula erakusteko bidea izango da. Botereetatik behin eta berriz sinestarazi nahi digute bide bakarra dagoela, ez dagoela beste alternatibarik. Baina guk Euskal Herrian aurrera eramaten ari garen alternatibak eta proiektuak erakutsi nahi ditugu. Erakustearekin batera, informazioa partekatu, elkar ezagutu, gure artean gogoeta egin eta eztabaidatuko dugu, denon artean gure alternatibak saretzeko eta indartzeko.

Bilboko erdigunea, herri txiki bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dugu

Bilboko erdigunea, herri txiki bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dugu. Landuko den ardatz bakoitza “auzo” bat izango da, eta auzo bakoitzean arlo horretan martxan dauden alternatibak ezagutaraziko dira jarduera ezberdinen bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azoka, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak,... Noski, egunak festa kutsua izan dezan kale animazioa, jan-edanerako gunea, musika,... ez dira faltako.

5 auzo hauek egongo dira eduki hauek landuko dituztenak:

- Natura: energia, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa,...

- Ekonomia eredua: finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua,...

Alternatiben Herria- Demokrazia: eredu ekonomiko, soziala, kulturala eta politikoa erabakitzeko eskubidea, partehartze soziopolitikoa, partehartze prozesuak, herrien arteko elkartasuna...

- Bizitza anitz eta duinak: harremanak, gorputzak, jatorria, identitatea, sexu, funtzionalitatearen inguruko aniztasunaren kudeaketa,...

- Ondare komuna: euskal hizkuntza, hezkuntza, euskal kultura.

Eraldaketaren bidean, denon lana beharrezkoa izango da Alternatiben Herria antolatzeko eta baita ondoren alternatibak eraikitzen jarraitzeko ere.

Nola ari da eraikitzen Alternatiben Herria?

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 2014ko urrian egin zen asanbladan onartu zuen 2015eko urriaren 24an Bilbon Alternatiben Herria ospatzea. Jadanik hilabete ugari pasa dira eta lan asko egin da, eta oraindik ere egiteko ugari ditugu.

Dagoeneko badira Euskal Herrian hainbat eta hainbat alternatiba sortuta arlo ezberdinetan, eta beste asko sortzeko bidean: ekonomia eraldatzaile eta sozialean aritzen direnak, energia berriztagarrien kooperatibak, elikadura burujabetzan aurrera egiteko ekimenak, hezkuntza eta aisialdirako proiektu berritzaileak, ekonomia feminista, lanaren banaketaren inguruko proposamenak...

Apirilean deialdi zabal bat egin zen Kartan parte hartu zuten sindikatu eta mugimendu sozialak, beste eragile batzuekin batera, asanblada batean bildu eta Alternatiben Herria elkarrekin antolatzeko gonbita egiteko. Eragile ugari batu ziren lanera eta apirila eta maiatzean zehar lan taldeak eratu eta herria osatuko duten auzoak forma hartzeko antolaketa lanak izan ziren. Ekainean egin zen aurkezpen publikoa.

Auzo bakoitzak bere dinamika propioa du. Auzo bakoitzean erabakitzen da zein gai landu, ze mahai-inguru eta eztabaida izango dituzten eta baita beste ekimen mota ugari ere: tailerrak, performanceak, musika berezia, azokak,... Urrian izango dugu egitarau zehatza, baina gaurdanik esan daiteke benetan ikusgarria izango dela!

Alternatiben Herriaren helburua ez da urriaren 24an ahalik eta jende gehiena biltzea soilik. Are garrantzitsuagoa izango da ondoren esperientzia eta eragile guzti hauek elkar ezagututa osatuko duten sarea, eta alternatibak biderkatzen joatea eta txoko guztietara iristea. Horregatik oso garrantzitsua da beste eredu baten alde lanean ari garen guztiok honetan inplikatzea. Dagoeneko lortzen ari gara eragile eta esperientzia kopuru oso handi batek parte hartzea. 120 eragile ezberdinekin kontaktatu dugu, 65 ari dira buru-belarri lanean, eta dagoeneko 100 esperientzia edo alternatiba konkretu identifikatu dira. Eta zerrenda goraka doa etengabe eta urriaren 24an askoz ere gehiago izango gara.

Ordurarte hainbat ekimen eta aurkezpen egingo dira Euskal Herriko eskualde eta herrietan, denok Alternatiben Herria ezagutu dezagun eta deialdia ahalik eta gehien zabaltzeko. Alternatiben Herrian 10.000 pertsonatik gora elkartuko gara! Parte hartzera animatzen zaitugu!

Zergatik bultzatzen du ELAk Alternatiben Herria?

ELAn badakigu zein garrantzitsua den gaur egun daukagun sistema jasangaitz eta injustuaren aurrean alternatibak eskaintzea. Kapitalismoa, murrizketa politikak eta hauen ondorioz sufritzen ari garen egoera larriari aurre egiteko denbora daramagu ELAn alternatiben inguruan lanean. Horregatik uste dugu behar beharrezkoa dela Alternatiben Herria bezalako ekimen bat aurrera eramatea, gure indarrak horretan jartzea eta beste batzuekin batera bide hau egitea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuan ELAk partehartze handia izan du. Adostu ziren aldarrikapenekin guztiz bat gatoz, gure borrokak bertan islatzen dira eta beste asko ere hartzen ditu bere baitan: langileon eskubideak, bizitzaren zentruan pertsonak izatea eta ez merkatuak, aniztasunari errespetua eta babesa, planetaren mugei erreparatzea... Sindikatuaren eguneroko lanean aldarrikapen hauek egiten ditugu eta horregatik Eskubide Sozialen Karta gure egin dugu hasieratik.

Baina orain beste pausu bat emateko garaia iritsi da. ELAn alternatibak ditugula aldarrikatzen dugu; borroka sindikala gure alternatiba da. Aldarrikapenetatik alternatibak eraikitzera pasatzeko garaia da. Horregatik Alternatiben Herria gure egiten dugu. Dagoeneko badira Euskal Herrian hainbat eta hainbat alternatiba sortuta arlo ezberdinetan, eta beste asko sortzeko bidean: ekonomia eraldatzaile eta sozialean aritzen direnak, energia berriztagarrien kooperatibak, elikadura burujabetzan aurrera egiteko ekimenak, hezkuntza eta aisialdirako proiektu berritzaileak, ekonomia feminista, lanaren banaketaren inguruko proposamenak... Alternatiben Herriaren helburu nagusia dagoeneko martxan dauden esperientzia hauek urriaren 24an Bilbon elkartzea eta gizarte eredu berri batean sinesten dugunoi ezagutaraztea da. Erakusleiho izateaz gain, hausnarketarako tokia ere izango da, etorkizuneko erronkei nola aurre egin eztabaidatzeko eta bide berean lanean ari garenok saretu eta etorkizunerako elkarlana indartzeko.

ALTERNATIBEN HERRIAN, SISTEMA ALDATZERA GOAZ

Egin deia zuk ere!

Alternatiben Herrian parte hartzera eta dei hau zabaltzera gonbidatzen zaituztegu. Parada ederra daukagu alternatibak ditugula erakusteko.

http://alternatibenherria.eus/manifestua-atxikimenduak/