Zergak igotzeko ideiaren asmoa ez da aberatsak itotzea

2019/01/28
Alexandria Ocasio-Cortez.jpg
Alexandria Ocasio-Cortezek (AEBetako kongresista) zergen inguruko eztabaida bat hasi du; oso beharrezkoa da debatea, baina oraingoz desbideratua izan da. Agerikoa da aberatsen etekinak 1980tik hona gehitu egin direla zergak jaitsi zaizkien heinean, eta diru-kutxa publikoetara ekarpen handiagoa egin dezaketela. Areago, herrialdeak diru-sarrerak behar dituela ikusirik, hori beharrezkoa da.

Emmanuel Saez eta Gabriel Zucman, ekonomiako irakasleak dira Kaliforniako unibertsitatean (Berkeley) (artikulu hau The New York Times-en argitaratu da)

Baina ez da hori zerga-tasa marjinal altuagoak nahi izateko arrazoi nagusia. Benetako arrazoia ez da diru-sarrerak izatea. Kontua da desberdintasuna eta merkatu-ekonomia arautzea. Eta demokrazia oligarkiarengandik babestea.

1930 eta 1980 bitartean zerga-tasa altuena batez beste %78koa izan da; %80etik gorakoa izan zen 1951 eta 1963 bitartean

Izan ere, arrazoia beti izan baita horixe. Har dezagun Estatu Batuetako historia. 1930 eta 1980 bitartean zerga-tasa altuena batez beste %78koa izan da; %80etik gorakoa izan zen 1951 eta 1963 bitartean. Konturatu behar dugu tasa horiek soilik sarrera izugarri handiak zituztenei aplikatu zitzaizkiela, egungo hainbat milioi dolar adina zutenei alegia. Soilik aberatsenei ezarri zitzaien.

1960an, esaterako, %91eko tasa diru sarrera batez bestekoa baina 100 bider handiagoa zutenentzako zen, gaurko 6,7 milioi dolar adina irabazten zutenentza alegia. Aberats normalak zirenek -diru-sarrera ugariko profesionalak, enpresa ertainetako zuzendariak, gaurko ehunda milaka dolar irabazten zituztenak- zerga %25 eta %50 bitarteko tasen arabera ordaintzen zuten, hots, gaur tipikoa dena (adibidez, Kalifornia eta New York estatuetan estatuko errenta-zerga barne sartuta).

%90eko gehieneko zerga-tasa jende gutxik ordaintzea ez zen huts egite bat izan; honek eragin zuen diru-sarrera izugarriak desagerraraztea. Zerga-tasa marjinal handiagoen xedea da aberastasuna neurrigabe metatzeko joera mugatzea, batez ere merezi ez denean. 1930 eta 1980etako hamarraldien artean AEB, beste edozein herrialde bezalaxe, gehienezko diru-sarrerak ezartzekotan egon zen. Zergak ordaindu aurreko diru-sarreren desberdintasuna zeharo murriztu zen.

Diru-sarrera handientzako zerga-tasa altuak ez dira ezarri nahi Medicare finantzatzeko. Aitzitik, asmoa da oligarkian amaitzen den bidea oztopatzea, izan ere, honi ez bazaio arretarik jartzen itun soziala areago ustelduko baita, demokrazia hiltzeko arriskuan jartzeraino

Diru-sarreren gehiegizko kontzentrazioak kontratu soziala usteltzen duelako iritziak erro sakonak ditu Estatu Batuetan; herrialde hau ez baitzen alferrik sortu XVIII mendeko egundoko desberdintasuna zuen Europa aristokratikoari erantzuteko. Zerga oso progresiboak AEBetan asmatu ziren: bertan ezarri ziren 1917an, diru-sarrera fiskalak ezarri eta lau urtera, %67rainoko zerga-tasak diru-sarrerarik handienentzat. Ocasio-Cortez ordezkariak 10 milioi dolarretik gorako sarrerentzat %70eko tasa proposatzen duenean AEBetako tradizio hartatik edaten du. Izpiritu hau Ronald Reaganek itoarazi zuen, baina XX. mende ia osoan zehar gailendu zen.

Eta hau gertatzen ari da premia handiena dagoen unean. Klima krisia dugun moduan, desberdintasun krisi bat baitaukagu. Diru-sarreren banaketaren erdiak baino gehiagok ez du hazkunde ekonomikoaren onurarik izan: 1980an heldu bakoitzeko sarrera 16.000 dolarrekoa zen (inflazioaren arabera doituta), eta gaur oraindik ere kopuru horren inguruan darrai. Aldi berean, gutxiengo txiki baten sarrerak lehertu egin dira: soldatapekoen %0,1aren sarrerak %300dik gora hazi dira;  %0,01enak, areago, %450. Eta %0,001arenak -AEBetako 2.300 herritarrik aberatsenak-, %600dik gora.

Karbonoa zergapetzearen helburua ez da diru-sarrerak lortzea, karbono isuria murriztea baizik; era berean, diru-sarrera handientzako zerga-tasa altuak ez dira ezarri nahi Medicare finantzatzeko. Aitzitik, asmoa da oligarkian amaitzen den bidea oztopatzea, izan ere, honi ez bazaio arretarik jartzen itun soziala areago ustelduko baita, demokrazia hiltzeko arriskuan jartzeraino.

Noski, politika ugari dago eskura datozen urteetan desberdintasuna geldiarazteko: monopolioen aurkako legeen aplikazioa edota hezkuntzarako sarbidea hobetzea; jabego intelektuala arautzea edota enpresen zuzendaritza hobetzea... Eta eginkizun berezia dute gobernuaren transferentziek, hala familientzako diru-laguntzak, nola osasun-aseguro publikoak.

Baina birbanaketa berez ez da nahikoa izango XXI mendeko desberdintasunaren erronkari aurre egiteko. Desberdintasuna behar bezala gainditu duten jendarte guztiek lortu dute, batik bat, zergak ordaindu aurreko diru-sarreren kontzentrazioa (merkatuek eragindako desberdintasuna) murriztuta,  merkatuko muturreko desberdintasunak birbanatzeko aukera bera galarazten baitu. Muturreko desberdintasuna ontzat emateak esan nahi du ukatu egiten dela hor porrot politiko larria gertatu  izana; arrisku larria da gure ideal demokratiko eta meritokratikoentzat, eta aberastasunaren banaketa okerra naturala eta bidezkoa dela aldarrikatzen du. Bere burua justifikatzeko ideologia sortzen du horrela, munduko merkatuetako “irabazleak” aldarrikatuz. Baina irabazle horiek, beren legimitateaz seguru, nekez partekatzen dituzte “nahi justuak” jendarteko gainerako jendearekin.

Aberastasunaren gehiegizko kontzentrazioak esan nahi du botere ekonomiko eta politikoa ere esku gutxitan zeharo metatu dela. Hainbat politika bidez konpon daiteke, baina tresnarik bidezkoen eta indartsuena errenta-zerga progresiboa da, murriztu egiten dituelako neurrigabeko diru-sarrera guztiak, edozein dela ere haien jatorria: boterearen monopolioaren esplotazioa, finantza-produktu berriak, zortea edo beste edozer.

Zerga-tasa handiagoak ezartzeko aipatzen den eragozpenetako bat izan ohi da hazkunde ekonomikoari kalte egiten diola. Begira diezaiogun ebidentzia enpirikoari. AEBak sekula baino gehiago indartu ziren, eta berdintasun handiagoz, 1946 eta 1980 urteen artean. Baina akaso AEBak,, II Mundu Gerra osteko hegemonia zuen aldetik, zerga-politika “txar” bat izan al zezakeen? Goazen, bada, 1945 Japoniara, gerrak suntsitutako herrialde pobre hartara. Estatu Batuek Japonia gerra bukatu zenean okupatu zuten, eta bi gauza ezarri zituzten: demokrazia eta %85eko zerga-tasa marjinala (ia beren herrialdean adinakoa, 1947an %86a baitzen). Begibistakoa da helburua ez zela diru-sarrerak ugaltzea. Aitzitik, tabula rasa hartatik oligarkia berri bat sortzea eragotzi nahi zuten. Politika honek hamarralditan iraun zuen: 1982an gehienezko tasa oraindik %75ekoa zen. Haatik, 1950 eta 1982 bitartean Japoniak inoiz neurtu den hazkunde tasarik azkarrenak izan zituen (urteko %5,1 batez beste), garai guztietako arrakasta ekonomiko kasurik handienetakoa.

Aldera ditzagun 1945eko Japonia eta 1991eko Errusia. Komunismoa erori zenean Errusia ere pobrea zen, mendebaldeko ekonomiak baino diru-sarrera eta bizi-itxaropen askoz kaskarragoak zituen. Alabaina, %85eko gehienezko tasak ezarri ordez errusiarrek pribatizazio azkarra eta gehienez %30eko zerga-tasa ezarri zuten; hau AEBetan orduan indarrean zegoen ereduaren parekoa zen (1991ean %31). Eta 2001ean tasa honen ordez are apalagoa finkatu zen, %13koa. Txoke-terapia honek oligarkia berria sortarazi zuen; herritar pobreenen diru-sarrerak murriztu egin ziren, demokraziarekiko haserrea hedatu zuen eta autoritarismoranzko joera piztu.

Errenta-zerga progresiboak ezin ditu injustizia guztiak konpondu. Baina historia ipar gisa erabili nahi bada, herrialdea noranzko egokian eraman dezake, Japoniaren arabera, eta Putinen Errusiatik aldenduz. Demokrazia ala plutokrazia: horretaz ari da, hain zuzen, zerga-tasen igoera.