Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zerga ihesaren kontrako garaipena

Zerga ihesaren kontrako garaipena

2017/02/20
Urtarrilaren 23an, Akizeko auzitegiak, Jon Palais auziperatua izan den lehen Aulki Bahitzailearentzat hobengabetze osoa (talde ohointzarentzat, lagin hartze genetikoaren eta hatz marka hartze errefusentzat) baieztatu du. Erabaki honek, 2015etik geroz milaka pertsonek burutzen dituzten aulki errekisizio ekintzei zilegitasun bat emaiten die. Ber denboran, epaia, zerga ihesaren kontrako eta trantsizio sozial eta ekologikoaren aldeko borrokan, garaipen sinboliko bat izan da.

Xabier HarlouchetXabier Harlouchet, Manu Robles-Arangiz Fundazioko kidea (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Aulki bahitzailearen auzitik...

Urtarrilaren 9an, Akizen, Aulki Bahitzaile baten lehen auzia iragan da. Hain zuzen ere 2009an sortu denetik geroz Bizi! mugimenduaren lehen militante baten kontrako auzia izan da. Karia horretara, zerga injustizia gaitzesteko, Euskal Herritik eta Estatu mailatik 2 000 pertsonatik goitik eta sustengu politiko bai eta elkarte eta sindikatu sutengu ainitzek parte hartu dute. Azpimarratzekoa da ohargarria bezain preziatua izan den ELAko ordezkaritza indartsuaren presentzia.

Goizean, Akizen, Frantses Estatuko Lehendakaritzarako 5 hautagai, mahain inguru batean galdezkatuak izan dira zerga iruzurrari eta optimizazio fiskalari buruz. Denak engaiatu dira zerga ihesaren kontra borrokatzea.

...zerga ihesaren auzira.

Salaketa pausatu duen BNP bankuak  euro sinboliko bat galdegiten du kalte-ordain gisa eta auzialdian bere ordezkatzeko ez du abokatu bat izendatu... begi bixtan da bankua gainditua izan dela herritar mobilizazioataz

13:20tan, Aulki Bahitzaileak sustengatzerat etorritako gaitzeko jendaldearen oihu eta txaloen artean, Jon Palais eta bere abokatuak, Eva Joly eta Caroline Joly, Akizeko auzi zibilen auzitegira sartu dira. Bertara etorriak ziren pertsonalitate eta kazetarien errezebitzeko ttipiegia zen auzialdi gela batean, Jon Palais-k asumitu ditu aulkien errekisizio ekintzak beren zilegitasuna aurkeztuz. Bere bi lekukoek bai eta ere bere abokatuek, hitza hartu dute zerga paradisuak diren mundu mailako ekonomiaren zilo beltzak eta BNP-ren jokamoldea gaitzesteko eta desobedientzia zibilaren zilegitasuna azpimarratzeko.

Garaipen kolektiboak

Salaketa pausatu duen BNP bankuak  euro sinboliko bat galdegiten du kalte-ordain gisa eta auzialdian bere ordezkatzeko ez du abokatu bat izendatu. Huts egite hori parezkatzen ahal da bankuaren errudun izaite aitormen batekin. Alabainan, begi bixtan da bankua gainditua izan dela herritar mobilizazioataz. Eva Joly-k untsa azpimarratu du BNP bankuak bere etekinen erena  zerga paradisuetan duela eta ber bankua hainbat eskandalutan inplikatu dela azken urteetan. Auzitegiak BNP-ren jokamoldeari buruzko argumentuekiko erakutsi duen interesa dela eta, Jon Palais-ren aurkako auzia bankuaren auzi bilakatu da. Frantses Estatuak, Jon Palais-ren hobengabetzea eskatuz, Aulki Errekisizio ekintza horien zilegitasuna baieztatu du.

#EndTaxHeaven mobilizazio astea

Mobilizazio eguna bururatu da #EndTaxHeaven zerga ihesaren kontrako mundu mailako ekintza astearen aldeko dei berezi batekin. Mobilizazioak hasiko dira 2017ko apirilaren 3an, Panama Papers-en agertzearen urtebetetzean eta bururatuko dira apirilaren 11n Aulki Bahitzaileen bigarren auzian. Data horretan Amis de la Terre-eko Lehendakaria, Florent Compain, auzitegira deitua izanen da.

Neurri zehatzak aldarrikatu

Aulki Bahitzaileen kolektiboak zerga iruzurrarekin eta inpunitate fiskalarekin bukatzeko eta trantsizio ekologiko eta sozialaren finantzatzeko neurri zehatzen plantan emaiteko deia plazaratu du:
Finantza delitugileen kontrako hesitzean parte hartzen duten administrazioetako funtzionarioen kopuru eta baliabideak indartu, jakinez Zerga kontrolatzaile batek Estatuaren aurrekontuari bere «gastuak» baino 20 aldiz gehiago irabazi ekartzen dituela.

Bercy-ko, hots Estatu aurrekontuaz ardura duen Ministerioko morroila hautsi, egiazko elkarlan instituzionalizatua izan dadin zerga iruzurraren arloan justizia, polizia eta zerga kontrolaren zerbitzuen artean.

Zerga delitugileentzat eta haien konplizeentzat zigorren eskala eta hautabideak zabaldu.