Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zer du Gipuzkoako paperak besteek ez dutena?

Zer du Gipuzkoako paperak besteek ez dutena?

2013/04/08
Horixe da jendeak egiten didan galdera. Nola daiteke sektoreko negoziazio kolektibo guztia blokeatua dagoenean Gipuzkoako paperak akordioa lortzea, hitzarmen probintziala 2016ra arte ziurtatuz, gutxienez? Berezitasunak edo bitxikeriak bilatzen hasteko begirada negoziazio mahaira bideratu dit Luis Manuel Agirre Gipuzkoako papereko ELAko arduradunak.

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Fundazioa

Negoziazio mahaian lau sindikatuak daude eserita. Mahaiaren alde horretan ez da ezer berezirik beraz. Begira dezagun beste aldera. Beste aldean Adegi dago, baina, ez al dago bakarrik? Zeintzuk dira bere ondoan dauden beste laurak? Benetan bitxia da patronalaren aldea hain konkurritua egotea...

Berezitasunak, ordea, aspalditik datoz, begira bestela zer jartzen duen 1994an sektorean sinatu zuten lan hitzarmenak: Gizpuzkoako paper sektoreko hitzarmenak iraupen indeterminatua dauka. Halako besteren bat topatzea oso zaila da. Baina, iraupen indeterminatua izanda ere, urtero zenbait gai negoziatzeko aukera ematen du eta bost urtean behin hitzarmen osoa goitik behera berraztertzekoa.

Adegik lan erreformaren inguruan izan duen jarrera kontuan hartuz okerrena pentsatzea zen zentzuzkoena. Paper sektorean, ere, berdin jokatuko al du?

Gauzak honela izanda ere, hitzarmenak arazo handirik eman ez duenez bost urtero berritzen joan da 2011ko abendua iritsi arte. Orduan hasi ziren hitzarmena berritzeko azken negoziazioak. Guztia ohiko moduan joan arren, otsailaren 2012an Rajoyren Lan Erreforma iritsi zen. Honek eraginik izango al zuen hitzarmen berezi honetan ere? Adegik lan erreformaren inguruan izan duen jarrera kontuan hartuz okerrena pentsatzea zen zentzuzkoena, gogor egin baitu ultraaktibitatearen amaieraren eta hitzarmenen inaplikazioen alde. Paper sektorean, ere, berdin jokatuko al du?

Sektore honek beste berezitasun bat ere baitu: Gipuzkoan sektorea zazpi enpresa industrialek osatzen dute. Zazpi: Munksjo, Oria, Aralar, Itasa, Zinkuñaga, Gureola eta Zubialde. Zazpiak industrialak. Gehienak handiak. Inbertso handia eskatzen duten lantegiak; inbertsio hori berreskuratzeko 350 egunez urtean 24 orduz egunean martxan dabiltzanak. Ezinbestekoa dute jabeek egonkortasuna inbertsioek etekina emango badie. Kontuan izan behar da, ere, zazpietatik gehienak txukun dabiltzala. Egonkortasuna da bilatzen dutena eta sektoreko hitzarmenak hori ematen die. Ez dituzte gauzak konplikatu nahi. Ez dituzte negoziazioak enpresara eraman nahi. Adegik bai ordea. Hementxe lehen pista negoziazio mahaian patronal aldean hainbeste jende topatzeko.

Langileen aldetik sektorean ELAk du gehiengoa, %40; LABek %31, CCOOk %24 eta UGTk %5. Sektorean 1200 langile inguruk egiten du lan, 240 ELAko afiliatuak. Langileen helburua, lan erreforma ondoren, hitzarmenaren inaplikazioa galaraztea da. Negoziaziorako plataforman hori lortzeko aldaketak egiten dira.

Lau sindikatuek batera negoziatzen dute, ohiko moduan. ELAko ordezkaritza lau pertsonek osatzen dute: sektoreko arduradunak eta txandatuz doazen hiru ordezkarik. Bileren ondoren, beti, gainerako ordezkariekin biltzen dira informazioa partekatu eta proposamen berriak jasotzeko.

Horrek azaltzen du negoziazio mahaian Adegiz gain enpresa bakoitzak bere ordezkaria bidaltzea. Negoziazioa gertutik segitu nahi zuten, ez zuten tontakeriarik nahi. Adegik egin ditzala erakustaldi ideologikoak beste nonbait, ez gure lapikoan

Patronalak hamabigarren bileran onartzen du langileek eskatzen zuten inaplikazioaren kontrako klausula. Eskaintzen duen soldata, haatik, %1ekoa da besterik ez, KPItik urrun. Udazkena da jada, urria amaiera aldea. Langileek ez dute onartzen eskaintza. Garaia da ekintzetara pasatzeko: negu aurretik greba egutegi bat prestatzen dute. Lehen urratsa langile guztiak asanbladara deitzea Zinkuñagan batzordearen 6 greba eguneko proposamena onar dadin. Azaroaren 16a da aukeratutako data. Bezperan, azaroaren 15ean Adegik larrialdiko bilerara deitzen ditu langileen ordezkariak. Zer dela eta?

Dirudienez Zinkuñagak aski da esan omen zuen: “Egoera eskutik joan dakiguke. Gauzak ongi doazkigu, ez dugu zertan bizitza konplikatu. Hitzarmen honek balio digu, soldata igoerak onar ditzakegu, ez diezadala dena izorratu patronalaren ideologia neoliberalak.” Horrek azaltzen du negoziazio mahaian Adegiz gain enpresa bakoitzak bere ordezkaria bidaltzea. Negoziazioa gertutik segitu nahi zuten, ez zuten tontakeriarik nahi. Adegik egin ditzala erakustaldi ideologikoak beste nonbait, ez gure lapikoan. Egia esan, hori da sektore honek duen gauzarik bitxiena eta argi uzten du ekonomia errealean sinisten duen jendeak negoziazioetan parte hartzen duenean akordioak lor daitezkeela.

Azaroaren 15eko azken bilera horretan dator patronalaren behin betiko eskaintza: KPIa igotzeko prest. Beste hiru sindikatuek mahaian bertan diote baietz, segundo bakar bat ere itxaron gabe. Erabakia hartzeko ez al dute beste ordezkariekin hitz egin behar? ELAk proposamena gainerako ordezkariekin partekatu behar duela dio, ohi moduan. Orduan etorriko da erabakia. Arratsaldeko asanbladan aho batez onartzen da proposamena. Ondoren afiliatu guztiei ematen zaie erabakiaren berria akordioaren xehetasunekin batera. Guztiak pozik . Garaipen eder bezain berezia.