Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zer da ekonomia feminista?

Zer da ekonomia feminista?

2012/10/17
Urriaren 12 eta 14 bitartean Estatuko Desazkunde Jardunaldiak egin ziren Gasteizen. 13an jardunaldi horren barnean ekonomia feministaren eta ekologistaren arteko elkarrizketa antolatu zuten Amaia Perez Orozco eta Joan Martinez Alierren artean. Hemen Amaia Perez Orozcok ekonomia feministaz esan zituenak bideotan.

1) Zeintzuk dira ekonomia feministaren oinarri nagusiak?

Amaia Perez Orozco: "Ekonomia feminista oso anitza da. Estatuan pentsamendu korronte bat den arren, beste leku batzuetan lotuagoa dago praktikara, latinoamerikan adibidez. Bere funtsetako bat da ekonomia bizitzari eta politikari guztiz lotua ikusten duela, eta horregatik ekonomia zerbait berezia bezala ikusten dutenak borrokatzen ditu. Hori esanda bi ideia nagusi: 1) Merkatu kapitalista deszentratu egin behar da, eta zentruan bizia jarri. 2) Ekonomia erlazio heteropatriarkalek zeharkatzen dute."

2) Ekonomia feministak bizia sostengatzeaz hitz egiten du, bizia zentruan jartzeaz. Zer da bizia ekonomia feministarentzat?

Amaia Perez Orozco: "Galdetu behar dugun lehen gauza da zein da bizitzea merezi duen bizia. Zein da sostengatu nahi dugun bizi hori? Eta hori erantzuteko indibidualismoaren eta autosufizientziaren ideal kapitalista eraitsi behar dugu.  Bizia ahula da, hauskorra. Bizia ez da berez, bere kabuz, sostengatzen. Bizia dago, soilik, baldin eta berau zaintzen bada. Denok dugu bata bestearen beharra, interdependentzia da biziaren funtsa. Autosufizientziaren ilusio hori posible egiten duena esplotazioa da."

3) Ekonomia feminista eta kapitalismoa bateragarriak al dira?

Amaia Perez Orozco: "Kapitala-lana gatazka ekonomia feministak kapitala-bizia gatazka bihurtu du. Kapitalismoarentzat biziaren sostengua medio bat da akumulaziorako. Kapitalaren beharrek antolatzen digute guztia, eta biziaren sostengua pribatizatua, feminizatua eta inbisibilizatua dago. Zaintzaren betebeharra merkatuak sortutako desperkektuak konpontzea da egun. Bizia erasotzen duen sistema bat mantentzeko era bakarra lana-bizia gatazka ez ikustea da. Horregatik bihurtu dute ikusezin.  Beraz, inoiz ez dira bateragarriak izango kapitalismoa eta ekonomia feminista, ezta kapitalismoaren urre aroan ere, Mendebaldeko ongizatea baliabide naturalen, Hegoaldeko herrien eta zaintza lanen expoliazioari esker izan baitzen posible. Ongizate estatua bateraezinak direnak bateratzen saiatu zen: kapitalaren beharrak eta pertsonen beharrak."