Zer behar du Nafarroak: aldaketa politikoa edo erregimenaren suntsiketa?

2014/09/04
portada orain.png
“Zer behar du Nafarroak: aldaketa politikoa edo erregimenaren suntsiketa?” galderaren aurrean, Victor Moreno idazleak zein Carlos Pérez Conde kazetariak erantzun bera eman zuten: oso zaila den arren, betidanik Nafarroako agintean egondako sistema klientelista desegin behar da, harriz harri. Hain zuzena den galdera hori Manu Robles Arangiz Fundazioak eta ELA sindikatuak antolatutako mahai inguruko izenburua zen, baina iaz hasitako ekimenaren jarraibidea izan da. Orduan, Patxi Zamora, Ignazio Aiestaran eta Ricardo Feliu gurekin egon ziren hemengo eliteak agerian uzteko helburu.

Garaia 05, dokumentu osoa.

Suntsiketa, zalantza izpirik gabe

“Zer behar du Nafarroak: aldaketa politikoa edo erregimenaren suntsiketa?” galderaren aurrean, Victor Moreno idazleak zein Carlos Pérez Conde kazetariak erantzun bera eman zuten: oso zaila den arren, betidanik Nafarroako agintean egondako sistema klientelista desegin behar da, harriz harri. Hain zuzena den galdera hori Manu Robles-Arangiz Fundazioak eta ELA sindikatuak antolatutako mahai inguruko izenburua zen, baina iaz hasitako ekimenaren jarraibidea izan da. Orduan, Patxi Zamora, Ignazio Aiestaran eta Ricardo Feliu gurekin egon ziren hemengo eliteak agerian uzteko helburu.

Kasu honetan, Pérez Condek “betiko hegemonia politikoa aldatzea, berez, ez dela nahikoa egitura ekonomiko, mediatiko, enpresarial eta sindikala suntsitzeko” adierazi zuen. “Nafarroa erkidego txikia denez, klientelismoa oso errotuta dago modu naturalean, eta ustelkeriak oso ibilbide luzea eta sakona dauka”. Kazetari iruindarrak aldaketa politikoaren eta egiazko eraldaketa sozialaren arteko ezberdintasunak azpimarratu zituen: “Hazkunde garaietako xahutze ekonomikoak (‘mimetismo aldeanoa’: besteek daukatena, edo hobea ahal izanez gero, eduki nahi dugu, kosta ahala kosta) arduradun bat dauka (UPN) baina konplize asko. Zerbait antzekoa esan dezakegu Nafarroako Kutxaren auziari buruz”.

Erregimenaren osaketari dagokionez, Pérez Conde oso irmo agertu zen: “Botereak fagozitatzen ala kriminalizatzen zaitu”. Hau da, “bere sare klientelarretan sartzen zaitu edo, ezetz erantzuten baduzu, larru gorritan uzten zaitu”. Gogoeta zuzendu zien hainbat arloei: alderdiak, sindikatuak, komunikabideak...

Víctor Morenok, aldiz, banakako askatasunaren aldeko defentsa sutsua egin zuen, instituzionalismoaren ajeak seinalatuz: “Hiritarren eta erakundeen arteko harremanetarako moduak erabat aldatu behar dira”. Alesbesko idazlearen agerraldietan ohikoa den bezala, ez zuen bere kritikatik kanpo inor utzi. Kataluniako edo “beste nonbaiteko” independentziarekiko “saiakuntzak” egitera animatu zuen: “Jendeak nahi badu, ez dago arrazoirik hori oztopatzeko”. Alabaina, zalantzan jarri zuen ea independentzia, berez, krisiaren edo ezberdintasun sozialen aurkako irtenbidea izan daitekeen ala ez.

Eta Kataluniari buruz, bi ekarpen gehiago: Salvador Cardus soziologoarena (“independentista baino abertzale gehiago daude”) eta CUP-eko parlamentaria den David Fernández-ena: “Autodeterminazioaren bidean, eraldaketa soziala ez da bazterrean geratu behar”.