Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik Nafarroan?

Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik Nafarroan?

2013/04/11
Apirilaren 18an mahai ingurua Iruñean: Sagrario Aleman, Paula Kasares, Angel Erro, Kike Diez de Ulzurrun. Ohikoa denez, Manu Robles-Arangiz fundazioak Nafarroari buruzko hausnarketarako gonbidapena luzatzen die hiritar guztiei. Azken gaiak Nafarroako konkista (1512) eta pobreziaren zabalkundea izan direla jakinda, udaberri honetan beste esparru bat jorratu nahi dugu: euskara, ondorengo lemapean: “Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik?”

Bai, betiko kontua, aldarrikapen zaharra, baina galdera berriekin, ea erantzun berriak ere aurkitzen ditugun denon artean. Apirilak 18an, NUPen (goizeko 11.30etan, Olibondoak eraikinean), lau euskaltzale (Angel Erro, Kike Diez de Ulzurrun, Paula Kasares eta Sagrario Aleman) bilduko dira euskarari buruzko ikuspegi berritzaileen bila, eta eztabaida horretan denok parte hartuko dugu, gero GARAIA Nafarroa argitalpenaren zenbaki berrian islatzeko. Baina zer demontre esan daiteke euskararen inguruan betiko kexu ez baldin badira? Ba al dago zerbait esana ez dagoena? Saiatuko gara, behintzat.