Azpikontratazioari mugak ezartzen

2018/04/13
DSC_0058.JPG
Iruñeko SAS Automotive Atal Sindikalak erakutsi du hitzarmen on bat nola lortzen den: antolakuntzaz, plangintzaz eta baliabideez. Volkswagen-en azpikontrata honetako langileen borrokak fruituak eman ditu. Bertako ordezkariekin hitz egin dugu (enpresa-batzordean ELAk dauka gehiengoa, 6 ordezkarirekin)

Elkarrizketa hau Landeian argitaratu da

-2016-2020 urte bitarteko enpresa-hitzarmena sinatu berri duzue. Zer azpimarratuko zenukete negoziazio-prozesu luze horretan?

-Berriz ere ikusi ahal izan dugu antolakuntzaz, plangintzaz, gizarteratzeaz eta borrokari eusteko baliabideez edozein gauza lortu daitekeela. Gure kasuan, negoziazioaren hastapenetan Zuzendaritzak hitzarmena murrizteko asmoa zuen, eta greba-egun bakar bat ere egin gabe, azkenean gure plataforma onartu du.

-2016ko urtarrilean Zuzendaritzak asmo bakarra zuen negoziazio-mahaian: lan-baldintzak jaistea.

-Enpresaren arabera Polo berriaren aginte-panela 8 urte gehiagoz egiten jarraitzea lortua zuela, beherantz lizitatzearen truke; eta beraz lan-gastuak ere murriztu behar zirela.

Horretarako, hurrengo neurri hauek proposatu zizkiguten: kategoria berri bat sortzea -gaur egun soldatarik apalenekoa baino beheragokoa-, lanaldiari lau egun gehitzea -VWgoarekin parekatzeko-, soldatak indarraldiko hiru urteetan izoztea, eta plus eta osagarri ia guztietan beherakadak egitea. Proposamen hori borobiltzeko, enpleguaren mantenimendua beren plataforma onartzearen baldintzapean jarri zuten.

Mahai gainean jarri zutena xantaia oso bat izan zen.

-Zer erantzun zuen Batzordeak, ELAren gehiengoa zuela?

-Ezetz, ez ginela horretan sartuko. Eta horren ondorioz, hilabete batzuk geroago zuzendaritzak zera iragarri zigun: lan-kostuak hitzarmen bidez merkatu ezean, oraingo plantillako 42 langile kalera.

-Eta zein izan zen Batzordearen estrategia?

-Egoera aztertu ondoren, aldeko genituen alderdiak ikusi genituen, eta zuzendaritza makurtzeko moduko estrategia bat prestatu genuen. Lehendabizi, denborak kontrolatzea, eta negoziazioa luzatzea, gu sendoagoak izateko.

2017an bazegoen data bat giltzarri zena, ekaineko hilabetea, orduan gauzatuko zen eredu-aldaketa. Enpresaren eta ekoizpenaren aldetik une erabakigarria zen.

Ordura arteko hilabeteetan langileekin solasaldiak izan genituen, eta gure helburuak eta horiek lortzeko estrategia biltzarretan azaldu genituen.

-Enpresa ere ez zen geratuko lozorroan?

-Bitartekaritza-eskea sartu zuen Nafarroako Lan Epaitegian, guk greba egiterik ez izateko, asmo horrekin. ELAk batzordea premiatu zuen bitartekaritza-saiora ez joatera, eta horrela grebaren baliabidea izaten jarraitzeko.

Abenduan langile-batzar bat egin genuen, han gutxienezko eduki batzuk markatu genituen, eta Zuzendaritzari erran genion gutxienezko taula hura onartu ezean, grebara jo genuela. 2018Ko urtarrilean, azkenik, grebarako aurre-abisua aurkeztu genuen, baina greba egin orduko, Zuzendaritzak gure plataforma onartu zuen.

Bi urte horietan oso une latzak bizi ditugu, baina azkenean garaipena gure aldera lerratu zen, eta murrizketarik ez izateaz gain, hitzarmena hobetu dugu, sektorean erreferentziazkoa bazen ere.

-Hori ez da izan lehendabiziko aldia SAS Automotiveko langileek Zuzendaritza makurrarazi dutela. Zer dauka VWgo azpikontrata horrek, bertzeek ez daukatena?

-SASek bidea urratzen du, eta Polo parkeko bertze enpresa batzuk bide horretatik abiatzen ari dira. Horrek zerikusi zuzena dauka ELAren gehiengoarekin Batzordean, eta batez ere tailerrean.

ELAk ordezkaritzaren gehiengoa hartzen duenean ezinezko ziren gauzak bideratzeko moduan jartzen dira. Diskurtsoa desberdina da, eta antolakunde bat dago gibelean diskurtso horri baliabideak paratzeko, eta onbidetik eramateko.