VAS zapatak: kalera, hauteskunde sindikalak egin nahi izateagatik

2018/02/12
VAS2.jpg
Bost urte eta erdi Donostiako VAS zapata dendan lanean ibili ondoren, kalera bota dute Aitziber Gurrutxaga hauteskunde sindikalak deitzeko langile asanblada bat egiteagatik. Hemen, bere testigantza. Zabaldu ahal bezain beste, lan munduan orokortzen ari den inpunitate honekin amai dezagun.

VAS zapatakGure eskubideak aldarrikatu behar ditugu eta beldurra izateari utzi, ez dezaten jarraitu gurekin nahi dutena egiten! Orain dela pare bat aste kaleratu egin ninduten bost urte eta erdi lanean neramatzan enpresatik.

Arrazoia? Beraiek diotenez oso haserre nengoelako... Baina nire ustez beraiek ziren benetan haserre zeudenak! Besoak gurutzatuta eta ahoa itxita jarraitzeari uko egin niolako!

Gertatu zena:

Akats bat egin zuten umeak zaintzeko eskatu nuen murrizketan, eta ez zidaten konpondu nahi, haiek ziotenez, gaizki eskatu nuelako. Horrek 9 hilabeteetako diru laguntzak eskatzeko aukera galarazten zidan.

Sindikatura jo nuen eta, nire harridurarako, aldatu behar zidatena aldatu zezaketela esateaz gain, esan zidaten gaizki kobratzen ari nintzela, kategoria gaizki jarrita nuela eta beste hainbat kontu gehiago betetzen ez zuten hitzarmena zela eta.

Sindikatua harremanetan jarri zen beraiekin gauzak konpontzeko. Bitartean nik lankideei gertatutakoa kontatu nien. Beraiek ere informazio gehiago jasotzeko interesa azaldu zuten.

Asanblada  antolatu nuen sindikatuarekin batera urtarrilaren 14ean hauteskunde sindikalak deitzeko asmoz. Enpresako nagusiak jakinaren gainean zeuden, eta urtarrilaren 16an kalera bota ninduten. Kointzidentzia handia ezta?

Hortaz, hemen naiz zarata egiten jarraitzeko, isilik eta ezer egin gabe jarraitzen badugu gauzek hobetu gabe jarraituko dute eta!