Valentin Bengoa: «Zerbait ona izango du gure sindikalismoak, atzerritik hona ikastera etortzen direnerako»

2013/03/04
9haundi.jpg
2013/03/03ko Berria egunkariko Igandea gehigarritik hartua. Arantxa Elizegik egindako elkarrizketa / «Ni ez naiz protagonista. Nik lagundu besterik ez nuen egin», dio Valentin Bengoak, ELAko militante historikoak, grabagailua pizteko ere denborarik eman gabe. Ukatu egiten ditu azkenaldian haren sindikalismoaren aldeko lana goratuz prentsan ateratako laudorioak. Hala ere, jesuitak oroitzapen gozoak ditu kontraesanez betetako urte haietaz.

Zer egiten du jesuita batek sindikatu bat sortzen?

Euskal Herrira etorri nintzenean, nahasmen handiko egunak ziren. 1950eko hamarraldiaren erdialdea zen, eta nire kargu utzi zituzten hainbat gazte talde, Luistarrak —mutilak— eta Mariaren alabak —neskak— . Jende asko biltzen zuten taldeak ziren; Azpeitian bakarrik, Mariaren alabak baziren 600 inguru, eta beste hainbeste mutilak. Baina hori desagertzera zihoan. Hamarkada horiek garrantzitsuak izan ziren hemen; 50eko eta 60ko hamarraldi horietan, Euskal Herria piztu egin zen. Pentsa zenbat gauza sortu ziren oso denbora gutxian: Arrasateko kooperatiba, ikastolak, euskara batua, ETA... Testuinguru horretan sortu zen ELA ere. Hura, berez, 1911koa izan arren, tartean egon ziren gerra, klandestinitatea, frankismoa.... eta, ondorioz, nora ezean geratu zen. [...]

Nikaraguan, sandinista artean. Ez zara gatazkak saihesten dituenetakoa.

Ni joan nintzenean, Somoza diktadorea zegoen agintean. Lagun asko egin nituen. Lehenengo ikasleen artean, barnetegia zenez, eguneko 24 orduak elkarrekin egiten genituelako. Giroa, gainera, oso ona zen. Orduan ezagutu nuen nik pobrezia ere. Ikastetxera zetozenak aberatsak ziren, baina kanpokoak, erabat pobreak. Aberatsak oso gutxi ziren, %5era ere ez ziren iristen. Kapa txiki horretatik sortzen ziren alderdiak eta agintariak, baina beste guztiak muturreko pobrezian bizi ziren. Hori guztia hona etorri aurretik ezagutu nuen. Azpeitira etorrita, beste apaiz batzuekin, oso modan zegoen gauza bat egin genuen, gizarte eskolak. Hortik atera zen gero lehen aipatutako taldea, sindikatua sortzeko lanean aritu zena. Horixe izan zen Nikaraguatik ateratakoa: batetik, pobreziak eragindako zirrara, eta bestetik, gizartearen alde zerbait egin beharraren sentimendua.

Ezagutzen nituen haiek, Euskadiko Alderdi Komunistako kideak ziren, eta halaxe esan nien: «Hau da hau, mutilak! Nikaraguara etorri jesuita bat Hezkuntza ministro izendatzeko! Hau Euskadin kontatuko dut, e!»

Hona etorritakoan, bikoiztua sentitu nintzen: batetik, hemen jasotako heziketa kontserbadorea zen, frankismo garaikoa; eta bestetik, gizarte eta pobreziaren inguruko kezka, Nikaraguan sortutakoa. Handik gutxira hasi zi- ren hemen entzuten askapenaren teologiari buruzko zurrumurruak. Handik urte batzuetara izan nuen nik haiekin lehen harremana, 1970eko hamarraldiaren amaieran, Nikaraguara oporretara joaten hasi nintzenean. Lagun batekin joaten nintzen, [Juan] Lekuonarekin, hemengo irratiko zuzendaria zenarekin. Hor ezagutu nituen mugimendu sandinista eta askapenaren teologia. Gaztetako lagun gehienak mugimendu horietan sartuta zeuden. Gazteek egindako iraultza izan zen sandinismoarena. Horrek irakatsi zidan niri mundua ikusteko beste modu bat, eta hori nire sinesmenekin elkartzeko aukera nuela ikusi nuenean, alde batera utzi nituen nire hemengo liburu zaharrak, eta beste mundu bat eraikitzen hasi nintzen, eta hor jarraitzen dut.

Eta hona etorritakoan, praktikan jarri zenuen ikasitakoa.

Bai. Horiek izan dira niretzako bi hamarkada gakoak: bata, 60koa, sorrera mugimenduekin, eta bestea, berriz, 80koa, Amerikako esperientziarekin. Orduan hil zuten [Ignacio] Ellakuria ere. Garai hartan Lekuona ere hara joan zen hiru bat urtez, haiek utzitako lanak hartzera. Izugarrizko kolpea izan zen. Neronek lagun asko nituen han. Fernando Cardenal jesuita eta gerora Nikaraguako Hezkuntza ministro izan zena nire ikaslea izan zen, baita laguna ere. Ernesto Cardenal, haren anaia, poeta eta iraultzailea ere oso laguna dut.
Jesuitek bazuten Nikaraguan egoitza bat, eta han denak zeuden askapenaren teologiarekin nahastuta. Beste mundu bat zen. Ezagutu nuen kasu bat familia aberats batena, sei seme-alaba zituena, eta hala ere, erabaki zuena pobre izatea. Aitortu zidaten bazituztela ikasketak eta baita babesa ere, beste senideak aberatsak baitziren. Eta hala ere, erabaki zuten errentak alde batera utzi eta beren lanetik bizitzea. Sandinismoaren arazo nagusietako bat izan zen nekazaritza erreforma, eta familia honek erabaki zuen bere lurrak horren mesedetan ematea. Emakumeak esaten zidan: «Okerrena da nire senarra ministro egin dutela».

Nahi eta ezin pobre izan...

Sandinistek ondo prestatutako jendea behar zuten, eta gizon hau bere promozioko lehena izan zen AEBetako Unibertsitate batean; horregatik, Etxebizitza ministro egin zuten. Emazteak halaxe esaten zuen: «Okerrena da ministroak ez duela dirurik irabazten. Nire senarrak ez ditu barazkiak besterik ekartzen, eta horri eskerrak! Nire sei seme-alabek izugarrizko apetitua baitute!». Badakizu zenbat irabazten zuen? 50 dolar hilabetean.
Hemengoek bezala...

Franco hiltzear zela gure ustea zen Europan indarrean zegoenaren antzeko demokrazia bat ezarriko zela, eta iraultza, etortzen bazen, gerora etorriko zela.

Baina haiek oraindik ere hala bizi dira, beren lanetik. Emazteak berak ere lanean hasi behar izan zuen, seme-alabak jantziko bazituen. Eta gaur egun telebistan aritzen da sukaldaritzari buruzko programa bat egiten. Halako hiru familia ezagutu nituen. Hori ikusita, errazago ulertzen da zein girotan bizi ziren. Ausartak ziren. Gogoratzen naiz behin, sandinistak oraindik gerran zeudenean, gazte batek esan zidala: «Gerra irabazita dugu!». «Eta zergatik, ba?», galdetu nion nik. «Kontrakoek ez dutelako inolako abestirik, eta guk bai». Lirismo batean bizi ziren. Niri batzutan gogoratzen zidan hemengo errepublika garaiko gazteen arteko giroa. Orduan, Euskal Herrian ere izugarrizko olerki pila egin ziren. Gerora etorri zen erorialdia, eta arazoak. Baina hura izan zen niretzako garairik garrantzitsuena, 80ko hamarkada hura. Aitortzen ari naiz, Arantxa. Kar-kar.

Nabari da, bai ,esperientzia asko izandakoa zarela.

Bizitzak behar ditu halako gorabeherak, horiek pertsonaren izaera markatzen dutelako; betiere, konprometitzen bada. Gogoan dut Fernando Cardenal ministro egin zutenekoa. Han nengoen uda horietako bat izan zen. Bederatzi komandante zeuden orduan agintean, hiru joera nagusiak ordezkatuz. Haietako bat etorri zen niregana, Barne ministroa, eta esan zidan ea ezer entzun nuen Fernando Cardenali buruz, zerbait atsegina. Eta nik, baietz. Handik gutxira ospatu zuten iraultzaren bosgarren urteurrena, eta plazan bildu ziren 250.000 lagun inguru. Egungo presidenteak —orduan ministro zen, Daniel Ortegak egin zuen hitzaldia, eta esan zuen: «Gauza bat egiteko baimena eskatu behar dizuet. Nahi duzue Hezkuntza ministroa, zuen seme-alaben aita espirituala Fernando Cardenal aita jesuita izatea?». «Baai», erantzun zuen jendetzak. Eta hark, berriz: «Ez, ez. Erantzun argiagoa nahi dut. Astindu zuen banderak ados bazaudete», eta jendeak berriz ere «baai» oihu egin zuen, eta banderak astindu. Nik ikusi nituen ikurrin batzuk bazter batean, eta galdera bigarrenez egin zuenean ikurrinak indarrez astindu zituzten. Ezagutzen nituen haiek, Euskadiko Alderdi Komunistako kideak ziren, eta halaxe esan nien: «Hau da hau, mutilak! Nikaraguara etorri jesuita bat Hezkuntza ministro izendatzeko! Hau Euskadin kontatuko dut, e!», kar-kar.

Ordurako hemen ezkututik atereak zineten, eta ELA martxan zen. Nola erabaki zenituzten ildo nagusiak?

Garrantzitsuak izan ziren bai proiektua bera eta bai frankismotik ateratzerakoan erabilitako estrategia. Ordura arte, ELA oso elkartuta zegoen EAJrekin, baina guk beharrezkoa ikusten genuen sindikatuaren erabateko independentzia. Hala, iparraldean ezkutuan zeuden EAJko buruzagi batzuekin bildu ginen; baina haiei ez zitzaien gustatu gure planteamendua. Niretzat, oinarrizkoa zen baldintza hori betetzen zuen jendea aurkitzea, sindikatua proiektu bakar izango zuen jendea, nahiz eta zaila izan. Garai hartan politikan nahastutako jende asko zegoen, baina oso gutxi sindikalistak.

Franco hil eta azalera irten ginenean, gure kuota besteena baino lau bider garestiagoa zen. Esaten ziguten erotuta geundela, ez genuela afiliaturik izango. Baina hemen jarraitzen dugu, eta 100.000tik gora kide baino gehiagorekin.

Franco hiltzear zela, hainbat erabaki hartu genituen, eta haietako bat izan zen diktadura amaitzen zenerako prestatzea, nukleo sendo bat sortuz. Hala, hura hil zenean bakoitzak bazekien nora joan behar zuen, nahiz eta ziurra izan ez handik hilabetera non egongo ziren edo soldatarik kobratuko ote zuten ere. Diktadura osteko langileen egoera nolakoa izango ote zen aurreikusten ere saiatu ginen. Batzuek uste zuten iraultza egiteko garaia izango zela, alegia, hura hiltzean kolpe bat eman eta sozialismoari ateak ireki behar zitzaizkiola. Baina guk ez genuen hala ikusten. Gure ustea zen Europan indarrean zegoenaren antzeko demokrazia bat ezarriko zela, eta iraultza, etortzen bazen, gerora etorriko zela. Pentsa ezazu non gauden!

Hartutako erabakiak zuzenak izan ziren?

Zerbait ona izango du gure sindikalismoak, atzerritik ikastera etortzen direnerako. Ikusten dute gurea ez dela sindikalismo instituzionala, ez duela jasotzen agintarien diru laguntzarik. Hasierako garaietan, UGT PSOErekin oso elkartuta zegoen, eta CCOO, berriz, PCErekin; hau da, Camacho zen CCOOko burua, baina baita PCEko komite zentraleko kidea ere. Guk ez genuen halakorik nahi, baina horrek eskatzen zuen ekonomikoki independenteak izatea. Ondorioz, Franco hil eta azalera irten ginenean, gure kuota besteena baino lau bider garestiagoa zen. Esaten ziguten erotuta geundela, ez genuela afiliaturik izango. Baina hemen jarraitzen dugu, eta 100.000tik gora kide baino gehiagorekin.