Txipren gertatzen dena Europar Batasunararen parte da

2013/04/23
Buletina 19.JPG
2012ko azaroaren 23an, Txipreko Gobernuak Memorandum bat sinatu zuen Troikarekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa). Dokumentu honetan, Txipreko gobernuak hainbat neurri burutzeko konpromisoa hartzen du, mailegu bat lortzean truk.Akordio horretan sinatu zena, ez zen jakitera eman, ezkutuan mantendu zen (izan ere, iturburu ofizial guztiek ukatu zuten akordio lortu izana dokumentua sinatu zen egunean).

ELAren Azterketa Bulegoko 19. Buletinetik hartua

Baina akordioa sinatu egin zen, eta lan eta gizarte eskubideen murrizketa sakona martxan jartzeko neurri sorta bat bildu zuen, etorkizunean mailegu bat jasotzeko itxaropen baten truke. Hauek ziren neurrietariko batzuk: pentsio eta sektore publikoan soldata murrizketak (%12,5ra artekoak), pentsio eta sektore publikoan soldatak gutxienez 2017rarte ez handitzeko konpromisoa, pentsioak murrizteko hainbat neurri (adibidez 2018tik aurrera egonkortasuneko faktorea aplikatzeko), enplegu-murrizketa sakonak sektore publikoan, e.a. Eta gainera, maileguko diruaren etorrera geroagorako uzten zen.

Argi dago Memorandum hartan jasotako neurriek ez zutela Txipreko arazo nagusien arrazoien aurkako neurririk jasotzen (arazo hauek bertako finantza-sistemarekin lotura zuten). Txipreko banku sektorearen tamaina ekonomiaren tamainaren arabera izan beharko zena baino askoz handiagoa zen, eta hala da gaur egun ere. Europar Batasunaren barruan paradisu fiskal gisa funtzionatu duelako Txiprek gertatu da hau neurri handi batean, eta, ondorioz, zergak ez ordaintzeko helburuarekin, kapital asko erakarri duelako.

Europar Batasunaren barruan paradisu fiskal gisa funtzionatu duelako Txiprek gertatu da hau neurri handi batean, eta, ondorioz, zergak ez ordaintzeko helburuarekin, kapital asko erakarri duelako.

Beste alde batetik, Txipreko finantza-erakunde nagusien kudeaketa oso txarra izan da. Hala utzi du agerian Txipreko Unibertsitate Teknologikoko ikertzaile berezi eta Zorra Ikuskatzeko Komiteko Txipreko Iniziatibako kide Petros Kosmasek: Txipreko bankuek bere zuzendari eta akziodunei bermerik gabe ehunka milioi euroko maileguak eman zizkieten, Grezian emandako kita aurretik bono toxikoak erosi zituztenean espekulatu eta galdu egin zuten (adibidez, Deutsche Banki kopuru esanguratsuak erosi zizkioten, Alemaniako banku honek edozein eragileri bono haiek saltzearren %5eko komisioa eskaintzen zionean. Eragiketa honekin bitartekaritza entitate batek 100 milioi euro lortu zituen).2013ko martxoan Txipreko bankak porrot egin duenean, bertako gobernuak diru publiko asko esleitu du hau erreskatatzeko. 17.500 milioi euro bideratu nahi dira horretara, Txipreko BPGd-aren %100a (Txipreko BPGd-a Gipuzkoakoa baino baxuagoa da, hau da, 22.000 milioi euro baino txikiagoa).

Lehenengo galdetu beharrekoa zera da: arduragabekoa eta espekulatzailea den, eta zergak ez ordaintzeko kapitala erakartzean oinarrituriko banka salbatzeko, diru publikoa erabili behar da? Erantzuna argia da: ez.Nondik aterako dira bankari emango zaizkion 17.500 milioi euroak? Txipreko gobernuari 10.000 milioi eurotako mailegua (BPGd-aren %60a) eman ahal izateko akordiora heldu zen euro-taldea joan den apirilaren 12an. Mailegu hau (interesekin itzuli beharko dena) Troikarekin Memorandum berri bat sinatzera baldintzatua dago, eta honen edukia komunikabideetara filtratu da. Neurrien artean hauek daude: urte amaiera baino lehen pentsio erreforma berri bat, osasun publikoan murrizketa gogorrak (kopagoa, hainbat zerbitzutan eta tratamendutan tasa altuagoak, mediku-probetan murrizketak, ospitale publikoetan murrizketak, eta abar), sektore publikoko lan baldintza eta soldata ordainketa ereduak aldatzeko konpromisoa (langabezia-prestazioa barne), soldata indexazio mekanismoak aldatu, egoera ekonomikoa txarra bada lanbide-arteko gutxieneko soldata murriztu, etab.

Jarraitu beharreko bideak hauek dira: europar politikak (Troikarenak) errotik aldatu, eta zorraren herritarren auditoria prozesu baten ondoren, zor publiko bidegabearen ordainketa zalantzan jarri.

Beraz, lan eta gizarte-eskubide murrizketa neurri berriak datoz, defizita eta zor publikoa murrizteko beharrizanarekin argudiatzen direnak, hauek handitu egiten baitira bankari dirua emateko.

100.000 euro baino gehiagoko gordailuak dituztenei zerga altuak ordainaraztetik dator beste dirua. Txipren bizitako egoerak bezalakoen aurrean, europar legediak 100.000 eurorarteko kopuruak bermatzen ditu, eta diru kopuru hori baino txikiagoak ere zergapetu nahi izan zituen hasera batean Troikak. Atzera egin behar izan zuen. Kitaren zati handi bat Txipreko bankuetan dirua utzi zuten pentsio fondoek ordaindu beharko dute.

Txipren planteatu den irteerak ondorio tamalgarriak ekarriko ditu enpleguan eta biztanleriaren bizi eta lan baldintzetan, hori bai, banka salbatzen den bitartean. Urte askotan zehar gobernuaren ekintza baldintzatuko duen izugarrizko zor publikoa sortuko da, eta egiturazko murrizketa plan berri bat ezartzen zaio Europako Batasuneko beste estatu bati. Jarraitu beharreko bideak hauek dira: europar politikak (Troikarenak) errotik aldatu, eta zorraren herritarren auditoria prozesu baten ondoren, zor publiko bidegabearen ordainketa zalantzan jarri. Gobernuen jokabidea ikusita, argi dago mobilizazioa dela hau lortzeko bidea.