Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Txetx:"Justizia sozial eta ekologikoaren aldeko klimaren borrokak aldarrikapen abertzalea hauspotzen du"

Txetx:"Justizia sozial eta ekologikoaren aldeko klimaren borrokak aldarrikapen abertzalea hauspotzen du"

2016/01/21
Txetx Etcheverry Bizi! mugimenduaren eta Alternatibaren sortzaileetako bat izan zen. Duela hiru urtetik hona Alternatiba dinamikan parte hartzen ari da; honek bultza ditu, hein handi batean, eta larrialdi egoera gorabehera, COP21aren inguruko mobilizazioak, urgentzia klimatikoari eta justizia sozialari buruz. Klimari buruzko Nazio Batuen goi-bileraren inguruan Parisen sei astez egindako lan gogorraren ondoren, Txetx itzuli da Euskal Herrira eta Alda!-ren galderei erantzun die, Iparraldean sortu zen klimari buruzko dinamika buruz, Euskal Herritik askoz haratago izan duen eragin handiaz eta Euskal Herrian bertan diren dinamikekin duen loturaz.

Elkarrizketa hau frantsesez argitaratu da Enbata.info-n

Zein izan da Alternatiba prozesuaren bilakaera 2012an Euskal Herrian sortu zenetik hona?

Jada 2012an, Baionan 2013ko urrian izan zen alternatiben herria prestatzen ari ginelarik, Bizi!k hau prozesu bat bihurtu nahi zuen, zeinaren xedea zen zabaltzea, estatu frantsesean eta Europan zehar klimaren inguruko mugimendu iraunkor bat sortzeko. Nagusi zen etsipena ikusirik -klimaren inguruan mobilizazio handirik egitea ezinezkoa zela uste zuen askok- Bizi!k Alternatiba metodoa apustu estrategiko gisa asmatu zuen. Baionako Alternatiba izan eta bi urte igaro berriak direlarik, balantzea aski harrigarria da, kontutan izanik tokiko ekinbide bat izan zela. Gaur Europan 113 alternatiba ditugu (batik bat Frantzian), eta Haiti, Togo edota Tunisiako biztanleak ere berena antolatzen hasiak dira. COP21eko 15 egunetan, Alternatiba izan da Parisen zeuden indar militante nagusietako bat. Klimari buruzko kaleko mobilizazioak debekatu zituen larrialdi egoera gorabehera, Alternatiba belaunaldiak garrantzi handiko lana egin du azaroaren 29tik abenduaren 12ra bitartean izandako herritar mobilizazio handiak antolatzen; horretarako ikusmolde estrategiko bera eta lan egiteko modu berberak izan dituzte bere kideek, baita erabaki oso irmoa ere.

Gure erronka da produkzio, kontsumo, garraio eta lurralde antolamendu modu iraunkorragoetara itzultzea

Zertan eragin dio Alternatiba metodoari jatorria Euskal Herrian izateak?

-Alternatibak erabili duen metodoaren oinarria Bizi!k hasieratik zeukan sistema izan da; honek, berriz, Ipar eta Hego Euskal Herriko borroka eta esperientzia kolektiboan zituen sustraiak. Sistema erradikal eta pragmatikoa, zorrotza, baina era berean ludikoa, dibertigarria, tokikoa eta mundu mailakoa lotzen duena, erresistentzia eta salaketa ezberdinetan parte hartu eta halaber proposamen eta alternatiba konkretuak eraikitzen dituena; eta goitik behera estrategia biolentziarik gabea hautatu duena.

Iparraldekoak hexagonoan gutxiengoa gara estrukturalki, baina baita Pirinio Atlantikoetako departamenduan ere. Honek derrigortzen gaitu ez itxarotera boterea eta gehiengoa izan arte, gure arazoak konpontzen hasteko. Horregatik, guretzat ez da nahikoa botere publikoen aurrean gure arazoen konponbidea aldarrikatzea. Ohitu gara guk erabakitako irtenbideak abiarazten, aurre egin beharreko arazoentzako alternatibak eraikitzen. Estatuari aldarrikapen ugari egiten dizkiogu euskara, nekazaritza eta ekonomiaren arloetan. Baina gainera alternatiba konkretuak altxa ditugu, esaterako ikastolak, gau eskolak, euskarazko irratiak, Arrapitz federazioa1, EHLG, Hemen Herrikoa, Euskoa, etab. Alternatiba hauek “mugimendua osatzen” dute, gure indar-erlazioa hobetzen dute, eta bide batez botere publikoei egiten dizkiegun aldarrikapen eta proposamenak indartu.

Klimaren alde zein Euskal Herriaren alde, borroka bera egiten ari naiz, herrien eta lurraldeen burujabetzaren alde, jarrera ireki, solidario eta internazionalista batekin; honen adibide bizia da Alternatiba

Kopenhageko goi-bileraren garaian estrategia globalaren oinarria klimari buruzko nazioarteko hitzarmen bat iristea zen, handinahia, eragingarria, derrigorrezkoa eta justua. Haatik, areago Kopenhagekoak porrot egin zuenetik, jendearengan frustrazioa eta desmobilizazioa zabaltzen zen, ez baitzuten beren burua gauza ikusten 195 estatuburuak behartzeko klimaren inguruko akordio handinahi bat lortzera.

Beraz, Bizi!k beste norabide bat hautatu zuen: abiapuntu gisa ez hartzea arazo globala, irtenbide eta aldarrikapen globalak, baizik alternatiba konkretuak, gertukoak, oinarritik edonork babestu, indartu eta parte hartzeko modukoak. Bapatean jendeak ikusi zuen zerbait egiteko aukera zuela, eta mugitzen hasi zen. Tokian tokiko mugimenduak biderkatu zirelarik, esaterako klima aldaketa dela eta alternatibak plazaratzen dituzten 100dik gora herriak, Alternatibak, indar kolektibo bat sortu zuen agintari politiko eta ekonomiko nagusiengan eragin handiagoa izateko.

Euskal Herrian dagoen mobilizazio eta borroka kultura aberatsa bera ere Bizik eta Alternatibak bultzatako ekintza moldearentzako inspirazio iturria izan zen: Alternatibak asko zor dio Lurramari eta Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiari. Aulkiak errekisatzeko kanpainak edota COP21 Ekintza ez Biolentoa Demoen haritik datoz; Alternatiba Tourra, berriz, batik bat Korrikak inspiratu du… Halaber, Azaroaren 13ko atentatuek eragindako trauma klimaren inguruko manifestazioak debekatzeko baliatu nahi zuen gobernuaren aurrean Parisen COP21 izan den bitartean hartu genuen jarrera irmoak ere bazuen bere erreferentzia: botere publiko zurrunekiko indar-erlazioa mantentzen badugu ohitura. Euskal Herrian ez dugu amore ematen botere publikoak zerbait egiteko ezezkoa botatzen digunean.

Mugimendu abertzaleak herritarren artean sostengu handiagoa izan nahi badu, erakutsi behar du  irtenbide konkretuak badituela jendeak eguneroko bizitzan dituen arazoentzat: enplegua, osasuna, bizilekua, garraioak, bizi-maila, ingurumena, etab.

Baina zertan dira berdinak klima egonkortzeko eta Euskal Herriaren aldeko borrokak?

Hedabide frantses askok galdera hori egin didate, eta nik erantzuten diet nire ustez lotura begibistakoa zela: Klimaren alde zein Euskal Herriaren alde, borroka bera egiten ari naiz, herrien eta lurraldeen burujabetzaren alde, jarrera ireki, solidario eta internazionalista batekin; honen adibide bizia da Alternatiba.

Gure erronka da produkzio, kontsumo, garraio eta lurralde antolamendu modu iraunkorragoetara itzultzea, lurraldeen errealitateari hobeto egokitzen direnak, biziguneetatik eta herritarrengandik hurbilagoak, garraio gutxiago eta eskualde espezializatu gutxiago behar dutenak, eta kontrara aniztasuna, berlokalizatzea, eta elikadura, energia, ekonomia, politika eta demokraziaren burujabetza sustatzen duena.

Eskualde bakoitza espezializatzeak dakarren sistema zentralizatuaren aurka (hemen zerria, han esnea, laboreak beste nonbait, hor makina-erreminta…), sistema hau etorkizunari begira dago, eta lurralde bakoitza autonomoagoa bihurtu nahi du, osoagoa eta krisietatik bere onera etortzeko gaitasun handiagoa duena.

Energia-trantsizioak berak bi zango ditu, dezentralizazio politiko eta ekonomikoarekin, federalismoarekin, aniztasun kultural eta sozialarekin guztiz bateragarriak: neurritasun energetikoa eta energia berriztagarriak. Neurritasun energetikoa lortzeko bizilekuak isolatu behar dira; tokiko garraio kolektiboa garatu; nekazaritza industriala baserritarren nekazaritza iraunkor bihurtu; konponketaren, birziklapenaren, partekatzearen eta ondasun materialen berrerabilpenaren logika ezarri, etab. Honek guztiak aukera ematen du lurraldeetan bertan kudeaketa egiteko, baliabideak, enpleguak eta antolatzeko moldeak areago dezentralizatuz.

Energia berriztagarriaren politikak erantzun ezberdinak emateko aukera eskaintzen du, lurraldearen ezaugarri eta errealitateen arabera: zentral hidroelektrikoak, eolikoak, fotoboltaikoak, geotermia… eskalarik txikienean kudea daitezkeenak. Alderantziz, eredu zaharraren oinarria kapitalen eta enpleguen kontzentrazioa da, talde industrial eta finantzario handien, plataforma petrokimikoen edota zentral nuklearren inguruan; era berean horrek zentralizazioa, militarizazioa, uniformizazioa eta espezializazioa eskatzen du, eta gizarte mota jakin bat eraikitzea dakar; guk horrelakorik ez dugu nahi.

Beraz, borroka abertzaleak gai hauek integratu beharko lituzke?

Dagoeneko hortan ari da, eta asmatu egin du. Justizia sozial eta ekologikoaren aldeko klimaren borrokak aldarrikapen abertzalea hauspotzen du. Borroka abertzalea salatzen dutenek diote “berezitasunen defentsa, norbere baitara biltzea, beste lurraldeekiko eskubide edo pribilegioen aldarrikapena” dela. Aitzitik, nire ustez plazaratzen dituen logika eta kontzeptuak (elikadura eta energia burujabetza, ekonomia eta politika berlokalizatzea, jendearekiko, lurraldearen errealitatearekiko eta oinarriko herritarra ulertzetik hurbilago dagoen sistema bat eraikitzea) gure lurralde eta herriarentzat onak dira, baina baita besteentzat ere.

Abertzaletasunak ikusmolde unibertsal bat du eta bere baitan biltzen duen gizarte-proiektuak erantzun bat eman dezake Euskal Herriko biztanleek (bertan sortuak izan ala ez) pairatzen dituzten krisiak kontutan izanda. Mugimendu abertzaleak herritarren artean sostengu handiagoa izan nahi badu, erakutsi behar du bere ildoa ez dela soilik erantzun bat ematea identitate beharrari, partaide izateko sentipen kolektiboari edota proiektu eta etorkizun komunari -hauek oso garrantzitsuak diren arren-; halaber, adierazi beharrekoa da irtenbide konkretuak badituela jendeak eguneroko bizitzan dituen arazoentzat: enplegua, osasuna, bizilekua, garraioak, bizi-maila, ingurumena, etab.

Zer asmo ditu Alternatiba mugimenduak datozen urteetarako?

Gaur egun Alternatiba bere etorkizunari buruzko eztabaida eta gogoeta fasean sartu da, datozen urteetarako lan-ildoak, lehentasun estrategikoak eta bere antolakundearen eta funtzionamenduaren bilakaera definitzeko. Gai anitz ari gara eztabaidatzen: klima aldaketarentzako alternatiba konkretuen sustapen eta garapena; udal mailako lan eta proposamenak; mundu mailako kanpainak, esaterako energia fosiletako desinbertsioa edo elikadura burujabetza; estrategia ez biolentoa; biztanleriaren sektorerik ahulenen oinarrizko eskubideak bermatu eta beharrizanak asetzea; auzune herrikoietan sustraitzea… Saiatzen ari gara gogoeta honetan parte har dezaten 110 Alternatibetako bolondresek eta prozesu honek guztiak sortu eta prestatu dituen “koadroek”. Alternatiben ohiz kanpoko koordinakunde bat Bordelen bilduko da 2016ko otsailaren 20 eta 21an, eta datozen urteetarako lan-ildoak eta funtzionamendua erabakiko dira han.

1Nekazaritzako hainbat ekinbide biltzen dituen federazioa: Idoki, ekoizle ekologikoak, etab.