Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Txanpon lokalak: dirua birpentsatuz

Txanpon lokalak: dirua birpentsatuz

2012/11/12
Askotan entzun izan dugu krisi ekonomikotik irteteko bi bide daudela. Lehenengoa, gastu publikoaren zorroztasunean oinarritzen da: Estatuak diru gutxiago “xahutzea”, dituen zorrak ordaindu ahal izateko eta etorkizunean zor merkatuentzako erakargarri izaten jarraitzeko. Bi hitzetan: Angela Merkel. Jarrera neoliberalen aurrean, bigarren aukera bat ere aurkeztu zaigu: Gastu publikoa handitzea, sektore publikotik kontsumoa sustatu, hazkundea bultzatu eta honi esker etorkizunean zorrak kitatu ahal izateko.

Pello Lopez de Munain, Bilbodiru ekimena

Hazkunde gehiago al da irtenbidea?

Eztabaidak beraz, hazkundea nola berreskuratzea du ardatz. Bi bide nagusi daude, baina helburua bera: Barne produktu gordina berriz ere haztea. Kontsumoaren berpizteak ekoizpen maila handituko du, lanpostu berriak sortuz. Soldata berri horiek kontsumora bideratuko dira, ekoizpena bultzatuz eta borobila itxiz. Logikoa ezta?

Orain, kendu ditzagun ekonomilari betaurrekoak eta eman dezagun pausu bat atzera. Paisaia bere osotasunean begiratzen badugu, konturatuko gara aldagai makroekonomikoek ez dituztela hainbat gauza aintzat hartzen. Egia esan, ez dute ia ezer aintzat hartzen. Bobby Kennedy-k esan bezala, “Barne Produktu gordinak (BPG) autoen kutsadura eta arma nuklearrak kontuan hartzen dituen bitartean, muzin egiten dio gure semeen osasunari edota demokraziaren kalitateari. BPGak beraz dena neurtzen du, bizitzan benetan merezi duten gauzak izan ezik”.

Gaur egun, Euskaldun bakoitzak 2-3 planeta baleude haina kontsumitzen du. Beste era batera esanda, lurra tarta bat balitz gutako bakoitzak, bizpahiru zati jaten ditugu, bakarra dagokigunean. %100-%200eko “zor ekologikoa” dugu beraz, baina dirutan neurtu ezin denez, Barne Produktu Gordinarentzako ikustezina da eta beraz, inork ez dio arazoari erreparatzen. Hori gutxi balitz, gaur egun lur planeta bere birsortze gaitasunaren gainetik ari gara ustiatzen. Beste era batera esanda, %50eko defizit ekologikoa pilatu dugu jada, gure ondorengoek ordainduko dutena.

Gakoa diruaren izaeran dago: dirua tresna izatetik botere adierazle bihurtzera igaro da.

Bitartean, gehiago ere hazi egin behar garela entzuten dugu behin eta berriz, behar hitza azpimarratuta. Bai ala bai. Hala da, gaurko eredu ekonomikoa “hazi edo krisi” zalantzan bizi da. Baina, zer dela eta? Gakoa diruaren izaeran dago: dirua tresna izatetik botere adierazle bihurtzera igaro da. Bitartekaritik helburura. Kreditu bat eskaintzearen oinarria dirutik diru gehiago sortzea da, inolako aberastasun errealik ekoizi gabe. Honek esan nahi du, maileguaren hartzaileak jasotakoa baino aberastasun gehiago bueltatu behar izango duela etorkizunean. Kreditua jasoriko erakundeak lehen baino gehiago ekoiztera eta saltzera derrigortua dago beraz, mailegua itzultzeko eta gainera bere kontura etekinak lortzeko. Hau da, eredu honetan ekonomia nahi ta nahi ez haztera derrigortuta dago, zorrak kitatu ahal izateko.

Beraz, planetak “hazten jarraitzea ezinezkoa da” ohiukatzen duen bitartean, ekonomilariek hazkundea ezinbestekoa dela diote. Erantzunik gabeko ekuazioa. Gainera, dagozkigunak baino planeta “zati” gehiago jateak beste batzuek jateko ere ez izatea dakar. Krisia ez da beraz eremu ekologikora mugatzen, etikoa ere bada. Azken finean askatasunaren urrezko legea hauxe da: “bakoitzaren askatasuna besteena hasten den unean amaitzen da”. Gaur ordea, mendebaldeko kontsumo bizimoduak muga horiek gainditu egin ditu, eta lurreko biztanle gehienek duin bizitzeko duten eskubidea urratzen hasi da.

Epe laburreko eztabaidak gainditu, begirada egoera ekonomikoaren adierazleetakik altxatu eta ikuspegi orokorra lotzeko gai izan behar gara. Hazkundearen “aintzinako erregimena” puskatzen hasia da jada. Gero eta argiago dago eztabaida, eredu hau nola mantentzetik bihar zer nahi dugunera igaro behar dela. Krisiak dena birpentsatzeko aukera eman digu. Has gaitezen beraz.

Hitzetatik ekintzetara: Bertoko txanpona

Biharko mundu horretan, gauza asko aldatu beharko dira. Haien artean hazkunde derrigortuaren desagerpena eta herrialde garatuon kontsumo murrizketa, gainditu ditugun planetaren mugetara birmoldatzeko. Aurretik aipatu bezala, diruaren izaeraren aldaketak zerikusi estua de guzti honekin, eta arlo honetan jada hitzetatik ekintzetara igarotzen hasi gara batzuk.

Gure irtenbiderako ekarpen apurra: Bertoko txanponak, txanpon sozialak, libreak edota lokalak ere deituak. “Bertoko txanpon” bat zer den ulertzeko, lehenik eta behin kontzeptua bi hitzetan banatuko dugu.

Zertarako behar dugu trukerako tresna berri bat, Euroa izanda? Erantzuna, erraza: diru ofiziala jatorrian zuen helburua betetzeari utzi diolako

“Bertokoa” izatea, eremu geografiko murriztu batera mugatzea esan nahi du: auzo, herri, eskualde edota hiri batera. “Txanponak”, aldiz, elkartrukea errazteko jaio ziren tresnak besterik ez dira. Behin bi hitz hauen esanahia jakinda idatz dezagun definizioa: Zerbitzu zein ondasunen elkartrukea errazteko tresnak, eremu murriztu batetara mugatzen direnak.

Behin hau jakinda, hurrengo galdera honako hau izango litzateke: Zertarako behar dugu trukerako tresna berri bat, Euroa izanda? Erantzuna, erraza: diru ofiziala jatorrian zuen helburua betetzeari utzi diolako: Gaur, munduko diruaren %98a “finantza kasinoan” erabiltzen da, diruan oinarriturik diru gehiago sortzeko asmoz. “Diruak lan egiten du” falazia egi bihurtuz. Bitartean, benetazko aberastasuna sortzen dutenak haztera behartuta daude, finantza sektoreak ezarritako interes tasak ordaindu ahal izateko eta gainera diru eskasi kroniko batetan murgilduta bizi dira.

Bertoko txanponekin ordea, aurkako efektua lortzen dugu. Prozedura honako hau da: kontsumitzaileek Euroen truke erosten dituzte tokiko txanponak, 1€ 1Tokiko Txanponen aurka. Behin Tokiko Txanpona erabiltzailearen esku dagoela, txanpona onartzen duen edozein dendatan erabili dezake, Euroak balira bezala. Bitartean, txanpon lokala erosteko erabili den euro hori banku etiko baten kontu korrontean sartzen da, proiektu solidario eta jasangarriak bultzatzeko.

Behin txanpon lokala merkatari txikien eskuetara heldu, hauek bi aukera dituzte: edo truke bulegora bueltatu eta Tokiko Txanponak berriz ere Eurotan bihurtu edota Txanpon horiek berrerabili, ekoizleak, erosketak edota soldatak ordaintzeko. Esan beharra dago Euroen berreskuratzearen alde egiten duten enpresek “zigor” bat jasotzen dutela. Alemaniako “Chiemgauer” sarean adibidez, Txanpon lokal unitate bat Eurotara bihurtzean soilik 95 zentimo berreskuratzen dituzte, eta soberako %5a Tokiko Txanponaren sarearen gastuak ordaintzeko erabiltzen da. Oztopo honek aurretik deskribatzen genuen fenomenoaren aurkako efektua lortzen du: Ia edonon erabil daitekeen dirua (Euroak) soilik eremu mugatu batetan erabili daitezkeen txanponengatik ordezkatzen dira. Aberastasuna “kaiolatuta” geratzen da gure auzo, herri eta eskualdeetan. Diruak alde batera eta bestera egiten jarraitzen du, baina “finantza kasinora” alde egin gabe, bertoko ekonomia sendotuz.

Gero eta behar gehiago maila lokalean asetzeko gai garen einean, garraio beharrak txikitu egiten dira eta multinazionalekiko menpekotasuna murriztea lortzen dugu, azken hauei boterea kenduz bertoko erakundeen alde

Ekonomia birlokalizatzeak hainbat abantaila ditu, eta etorkizuneko eredu jasangarriaren oinarrietako bat izatera deitua dago. Lehenik eta behin, krisialdien aurkako sendagai hoberena delako. Globalizazioak promesa bat egin zuen: mundu mailako ekonomian krisialdiak desagertuko zirela, herrialde bat bidean erori ezkero beste guztien artean altxatuko luketelako. Hala ere krisiak erakutsi digu praktikan aurkakoa gertatzen dela. Egoera honetan inoiz baino beharrezkoa da bertoko ekonomien sustapena, ekaitz eta trumoi globalen aurrean babes izan daitezen.

Bestalde, bertoko txanponak jasangarritasun errealaren aldeko bidelagun ere badira. Gero eta behar gehiago maila lokalean asetzeko gai garen einean, garraio beharrak txikitu egiten dira eta multinazionalekiko menpekotasuna murriztea lortzen dugu, azken hauei boterea kenduz bertoko erakundeen alde. Azkenik, herri bizitzaren berpiztea estuki loturik dago bertoko merkataritzarekin. Ekonomia herri eta hirietako kaleetan garatzen den einean, inguruko talde, mugimendu sozial eta elkarteak ere indartzen direlarik.

Egungo egoera ez da bat ere erraza. “Merkatuak” aldaezina zirudien konstituzioa 48 ordutan beridazteko gai izan ziren eta gaur emakume batek bere buruaz beste egin du bankuak etxea kenduko ziolako. Gero eta argiagoa da boterea ez dagoela hautesontzietatik irtendako erakundeetan. Merkatuen menpe bizi gara.

Hala ere, ezin izango dugu egoera aldatu gu ere merkatu bagarela ulertzen dugun arte. Egiten dugun kontsumo aukera bakoitza bozka bat bezala ulertzen hasi behar dugu: garraio publikoaren ordez kotxea aukeratzea aldaketa klimatikoaren aurka bozkatzea da, dirua banketxetik ateratzea eta erakunde etiko batetan sartzea aldiz, espekulazioaren aurka egitea da. Bertoko txanponak kontsumo iraultza horren bidelagun izango dira.