Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Troquenor: langileen negarrak eta besarkadak

Troquenor: langileen negarrak eta besarkadak

2013/09/19
Langile bat propio hesian zabaldu den tartetik atera da, burumakur. Jendea metatu den alderantz doa pauso geldoz. Pausu gutxi batzuk eman ondoren eskuzorroak atera eta amorruz lurrera bota ditu; keinuaren amorruaz lehen malkoak agertu dira bere begietan. Eskuak aurpegira eraman ditu. Ez dago negar egiten ohitua eta, lotsaz, amorruzko malko horiek estali nahi dituela dirudi. Kanpoan daudenen besarkaden artean jende multzoan murgiltzen da.

Iker Alustiza

Beste langile bat. Laneko jantzia eta aurpegia erabat belztuta ari da irteten, aurrekoak irten diren hesiaren tarte beretik. Eskuak, aurpegia eta jantzi guztia ikatz zulo batean egon izan balitz bezala belztuta dauzka, errau-tsez. Gaur goizean bere lanpostura joan da, baina bertan, egunero lan egiten duen dolare erraldoiaren kontrolaren aurrean jarri ordez, dolareak aldamenean duen eskaileran gora jo eta inoiz egon ez den sabaira igo da, beste lankideekin batera. Han ordu batzuk egin ondoren ohartu da bertan pilatuta dagoen hauts eta lohi koipetsuarekin. Eskuak, jantziak eta aurpegia belztu dizkion lohia.

Nola eraikitzen da herri bat langileak beraien lanpostutik indarrean atereaz?

Laster sumatu da kanpoko iskanbila, aurreko gauean ateak trabatzeko jarritako barrikaden aurkako kolpeak, kristal hautsien hotsa. Jende andana arrapaladan lantegian sartzen dela sumatu du, hotzikarak ezin ekidinez. Lantegian uniforme beltz eta aurpegia estalita daramatenez hartuta ikusi ahal izan duen arte.

Dena amaitu denaren ustearekin, dolarearen sabaira igo den eskailera beretik behera joan eta uniforme beltz eta aurpegia estalita dutenen artean kalerantz doa. Jada kalean, lagunez inguratua, esku belztuei so, garbitzeko asmoaz, instintiboki lantegi barrurantz joateko imintzio egin du une batez, baina segituan ohartu da ezinezkoa izango dela betiko iturrian eskuak garbitzea. Segundu batzuez zalantza egin ostean, lantegitik gertu, errepidearen bestaldean dagoen tabernara doala esan die besteei. Eskuak garbitu eta zerbait hartzera eta bakarrik abiatu da harantz. Han zeudenei bide hori bakarrik egin nahi zuenaren ustea izan dute.

Kanpoan direnen artean, lagunak, senideak, ezezagun perfektuak... denetarik. Poliziak langileak barrutik ateratzen hasi direnean amorruaren leherketa eman da. Gazte batek bere aita dignitatez atera dezaten exijitzen du, kanpoan dagoen orori arima zatitzerarte iristen den oihu garratz batean.

Guztien artean, ezezagun, kolore berberezko kamisetarekin jantzitako hainbat pertsona. Beste lan gatazka batetan murgildurik asteak daramatzate mobilizatzen, eta gaur ez dute bertara etortzeko erabakian hartzen zalantzarik egin. Bertan daude, beraien elkartasuna eta presentzia eskaintzen. Baita indarra ere.

Bejon daiela guztiei. Guztiengan, galdera berbera. Nola eraikitzen da herri bat langileak beraien lanpostutik indarrean atereaz? Ez dago erantzunik, horrela ez baita herri bat egiten, herri bat desegiten saiatu baizik.