Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Trantsizio energetikoaz

Trantsizio energetikoaz

2015/07/06
Ekologismoak azken 50 urteetako ibilbidean bi ardatz nagusi izan ditu, biak banaezinak. Alde batetik, baliabide energetikoen krisia Antropoceno deitu berri den aro geologiko laburrean, eta bestetik, erregai fosilen konbustio hazkorragatik sorturiko beroketa efektua, honek dakarren aldaketa klimatikoarekin. Arazo bi, trantsizio bat.

Iñaki Barcina, Argia 2015/07/05

Ekologismoak azken 50 urteetako ibilbidean bi ardatz nagusi izan ditu, biak banaezinak. Alde batetik, baliabide energetikoen krisia Antropoceno deitu berri den aro geologiko laburrean, eta bestetik, erregai fosilen konbustio hazkorragatik sorturiko beroketa efektua, honek dakarren aldaketa klimatikoarekin. Arazo bi, trantsizio bat.

Trantsizioa zergatik? Sostengarritasuna ez delako aukera gizateriaren eta biosferaren jarraipenerako, ezinbesteko prozesua baizik. Bestela: kaosa eta anabasa. Mad Max-en eszenatoki krudela eta bortitza. Dagoeneko gerra asko ezagutu dugulako energiaren liskarrengatik, Ukrainakoa azkena. Eta erregai eta lehengai fosilen agorreriarengatik. Amalurra erraldoia da, baina mugak ditu eta petrolioaren erdia kontsumitu dugu jadanik (peak oil). Hemendik aurrera erregai fosilak garestiagoak, toxikoagoak, kaxkarragoak eta lortzeko zailagoak izango dira. Eta petroliorik gabe zer?

Kubaren adibidea. Uharte karibearrean petrolioaren falta nabarmena bizi izan zuten, 1989tik aurrerako Sobietar Batasunaren gainbehera izan zela eta, laguntza ezagatik eta Amerikako Estatu Batuen blokeoarengatik. Epealdi berezi horretan eta 90eko hamarkadaren erdira arte, kubatarrek gauza ororen gabezia pairatu zuten. Itzalketak eta garraio eskasia, janari eta garbiketarako artikulu oinarrizkoen falta. Pisuan, batez beste, kubatar bakoitzak 5,5 kilo galdu zituen “epealdi berezian”. Baina atera ziren. Venezuela eta Chavez-en laguntza etorri arte, borondate politikoaz eta jakinduri tekniko-intelektualaz, sozialismo kubatarrak asmatu zuen herritarren arteko elkartasuna, nekazal iraultza permakulturala eta aldaketa sozio-politiko-administratiboak martxan jartzen. Konturatu ziren energetikoki oso menpekoak zirela (eta oraindik ere badira, energia berriztagarrietatik %4a besterik ez baitute ekoizten). Horrexegatik iraultza energetikoari ekin diote, 10 CUC billetea horren bozeramale dute. Ikasi dute, Errusiakoa bezala, Venezuelako petrolioa buka daitekeela.

Eta gu? Euskaldunok ere oso menpekoak gara. Zor izugarri handia eta goranzko pobrezia energetikoa ditugu baina ez gara lar kezkatzen. Teknokratek diote zer edo zer topatuko dugula petrolioaren ordez. Eguzkia energia iturburu “amaiezina” dugu, egia. Baina energia berriztagarri orok mugak eta inpaktuak dituzte. Trantsizioan, deshazkunde sostengarriaren bidetik ibili ahal izateko, energia eredua aldatu beharra daukagu. Erronka itzela. Gure artean ere, gero eta eragile gehiago gaude trantsizio energetikoaren alde. Baina nortzuk daude aurka? Hor dago koxka.