Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Teseoren greba

Teseoren greba

2012/09/26
Greziar mitologian bada Procusto izeneko pertsonaia. Mendi aldean zeukan etxea, eta ostatua eskaintzen zion bidaiariari. Bidaiaria lo zegoela, ohera lotu ohi zuen. Altua bazen, Procustok ohe txikian lotzen zuen, eta zerrarekin mozten zizkion ohetik kanpo geratzen ziren gorputz zatiak: hankak, eskuak edo burua. Txikia bazen, ohe luzea ematen zion, ondoren ohera lotu eta hezurrak luzarazten zizkion mailukadaka.

Joseba Azkarraga EtxagibelJoseba Azkarraga Etxagibel, HUHEZI (Anboto Durangaldeko aldizkarirako idatzia)

Procustoren ipuina konformismoaren sinbolo bihurtu da. Eta azal dezake bizi duguna: inbertitzaileek eta bankuek (politikari askoren laguntza estimagarriarekin), euren neurriko ohea diseinatu dute, bertan etzanarazi dute gizartea eta honen gorputza anputatzeari ekin diote.

Ondorioz, aberastasunaren banaketa egundokoa gertatzen ari da. Asko daukatenak gehiago pilatzen ari dira, jendarteari kirurgia aplikatuz aitzurkadaka eta anestesiarik gabe. Ez dago Orakuluari geroaz galdetu beharrik: zuzen goaz gizarte pobreago eta injustuagora, jarraituz gero panpina puzgarri baten iniziatibarekin baietz esaten Procustoren ohean etzateari.

Beheraldia ezinbestekoa da, ordea. Mundu pobreagora goaz, eskasiak jotakora, ez dago beste aukerarik. Arrazoiak asko dira, eta Mendebaldeko krisi finantzarioa ez da arrazoirik garrantzitsuena. Bestelako motiboek astinduko gaituzte oraindik bortitzago, prozesua hasita dago: krisi energetikoak, aldaketa klimatikoak, bioaniztasunaren galera masiboak, baliabide naturalen agortze hazkorrak... Eskasia halabeharrez dator, baina injustizia ez da halabeharra. Biharkoa mundu justuagoa izan daiteke. Beheraldia zelan antolatzen dugun. Autoantolatzen garen.

Ez da edozelakoa sistemaren bidegurutzea. Hazi ezik, zulora goaz. Haziz gero, zulora goaz. Sistematik kanpo pentsatzera behartuta gaude, beraz. Hazkundea eta kontsumoa ez den proiektuaz hitz egitera kondenatuta gaude. Beste guztia txiza egitea da haizearen kontra.

Nago grebalarien artean ere askok ez dutela barneratu oraindik: austeritate politika hauek txarrak dira aberastasuna banatzen delako asko daukatenei gehiago emanez; baina austeritatea da proiektu kontra-hegemonikoaren balio oinarrizkoena, etorkizuna eraikitzeko zimendua. Beheraldi antolatua, justua eta ekitatiboa da bidea.

Procustok luzaroan jarraitu zuen bere terrorea aplikatzen, Teseo heroiarekin topo egin zuen arte. Procustok seduzitu egin zuen, ohi zuen legez, baina Teseok, sedukzioan are txapeldunago, irauli zuen egoera: ohean etzateko konbentzitu zuen Procusto, bertan lotu eta aizkorakada moztu zizkion lehenbizi hankak, gero burua.

Teseok bere neurriko ohera ekarri zuen Procusto. Erabaki zuen utzi behar zitzaiola gizartea doitzeari ekonomiaren beharretara, ekonomia bera doitu behar zela giza premietara eta Lurraren neurrira.