Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Susan George: EB-AEB hitzarmenaren kontrako borroka irabaziko dugu

Susan George: EB-AEB hitzarmenaren kontrako borroka irabaziko dugu

2014/03/19
Susan George-k hitzaldia eman zuen martxoaren 17an ELA sindikatuaren Bilboko egoitzan. Areto nagusia txiki utzi zuen jendearen aurrean Susan George-k argibideak eman zituen EB eta AEB artean negoziatzen ari diren merkataritzarako eta inbertsiorako hitzarmenaz (TTIP edo TAFTA bezala ezagutua). Demokraziaren kontrako eraso honek negozioek mundua gobernatzea bilatzen du. Hemen duzue hitzaldiaren laburpena eta audio original osoa ingelesez.

Berri txar asko emango ditut gaur, baino baikor hasi nahi dut hitzaldia: borroka hau irabaz dezakegu. Garaipena lortzeko banpiroak hiltzeko estrategia erabili behar dugu, zer negoziatzen ari diren argitara atera egitasmoak hiltzeko. Hitzarmenak eduki oso larriak ditu langileentzat, gaixotu daitekeen edonorentzat, janariaren kalitateaz arduratzen direnentzat, fracking-az kezkak dituztenentza... Horiek guztiek jakiten badute zer ari diren negoziatzen, banpiroa hilko dugu.

Erne beraz, hau ez baita merkataritza akordio soil bat, hau epe luzean korporazio transnazionalek eraman duten estrategiaren fruitu gutiziatua da. Irabaztear daudela uste dute, baina ez, guk irabaziko dugu.

Nondik dator TTIP

II. Mundu Gerra amaieran sortzen da GATT (General Agreement on Tariffs and Trade, Tarifa eta Merkataritza Akordio Orokorra). Herrialdeen arteko negoziazio mahai bat zen kolonizatzaileei produktu industrialen tarifak jaisteko, merkataritzaren liberalizazioan sakonduz joateko asmoz. Negoziazio hauetan ez zuten korporazio transnazionalek parte hartzen, laurogeigarren hamarkadan, ez dakit nork, kontrakoa erabaki zuen arte.

Hau ez baita merkataritza akordio soil bat, hau epe luzean korporazio transnazionalek eraman duten estrategiaren fruitu gutiziatua da

Mahai zabaldu honetatik sortu zen 1994an WTO (World Trade Organisation, Munduko Merkataritza Erakundea) liberalizazioa esparru gehiagotara zabalduko nahi zuen erakundea. Transnazionalak itxaropenez bete zituen erakunde hau, berehala bihurtu zen antzu, gauzak adosteko zituen prozedura konplikatuengatik.

Hori gainditzeko transnazionalek Europako eta Estatu Batuetako gobernuak akordio bilateral eta multilateralak sinatzera bultzatu zituzten. Eremu geografikoa mugatuagoak izan arren, estrategia arrakastatsua izan zen, 3.000tik gora akordio sinatzeaz gain, merkataritza akordiotan inbertsiorako akordioak gehitzea lortu baitzuten.

Esaterako, Ekuador, Peru edo herrialde txikiagoei esaten zitzaien: politika hauek jarri behar dituzu abian, bestela ez dugu zure herrialdean inbertituko. Mehatxu horrek, eta isolatuak gelditzeko beldurrak, herrialde txiki asko eraman zituen Estatu Batuekin akordio hauek sinatu, eta merkataritzaren liberalizazioa besarkatzera. WTO gainditzea lortu zen horrela.

TTIPren (Transatlantic Trade and Investment and Partnership, Merkataritza eta Inbertsiorako Partzuergo Transatlantikoa) abiapuntua 1995ean koka dezakegu, Transatlantic Business Dialogue (Komertzio Transatlantikorako Elkarrizketa) martxan jarri zutenean Europako eta Estatu Batuetako korporazio transnazionalek, Estatu Batuetako Merkataritza Ganberak eta Europako Merkataritza Batzordeak.

Bertan sektore desberdinetako hirurogeita hamarretik gora transnazionaletako buruek hartzen dute parte, eslogan hau goiburu dutela: gure artean adostua, edonon onartua

Transatlantic Business Dialogue hau transnazionalek bultzatu zuten negozio gizonek gobernuburuekin harreman zuzena izateko aukera izan zezaten. Bertan sektore desberdinetako hirurogeita hamarretik gora transnazionaletako buruek hartzen dute parte, eslogan hau goiburu dutela: gure artean adostua, edonon onartua. “Gai hauetaz guk dakigu, zuek hobe duzue isilik egon” da negozio gizon hauek diotena, eta hori lortzeko lobby lan izugarria egiten dute.

Multinazional nagusien buruek lortzen dute Europako Batzordeak beraiek nahi dutena onartzea. Esaterako, lehiakortasunari buruzko Europako txostena, hauek idatzi zuten, Europako Batzordeak onartu, eta orain lege bihurtu da. Berbera gertatzen da atlantikoaren beste aldean: Estatu Batuetako Merkataritza Ganberak urtean 136 milioi dolar gastatzen ditu lobby lanetan, erraz esaten da.

Helburua Europa eta Estatu Batuen arteko integrazioa bizkortzea omen. Baina, nork esan du europarrok Estatu Batuekin integratu nahi dugula? Bozkatu al du inork hori? Ez. Transnazionalek sortu kontseilu horietako batek erabaki du erregulazioak kendu behar direla bi eskualdeen arteko harmonizazioa lortzeko, amaierarik ez duen prozesu batean. Hau demokraziarentzat arrisku ikaragarria da.

Zer da TTIP

TTIPk honokoak barnebilduko ditu: segurtasun estandarrak janarientzat, botikentzat, genetikoki eraldatutako organismoentzat eta fracking-arentzat, finantza egonkortasunerako proposamenak, kapitalak herrialdez aldatzeko askatasuna inbertitzaileentzat, pribatizazioak, zerga berriak blokeatzeko bideak (finantza transakzioentzat ezarri nahi duguna esaterako), lan legedian hobekuntzak galarazteko aukerak, negoziazio kolektiboa birrintzeko moduak, segurtasun klimatikoa bultzatzeko proposamenak geldiarazteko neurriak...

TTIPk honokoak barnebilduko ditu: segurtasun estandarrak janarientzat, botikentzat, genetikoki eraldatutako organismoentzat eta fracking-arentzat, finantza egonkortasunerako proposamenak, kapitalak herrialdez aldatzeko askatasuna inbertitzaileentzat, pribatizazioak

Inork ez daki zer jartzen duen negoziatzen ari diren testuan, ezta gure legebiltzarkideek ere. Talde hau hilero biltzen da, eta gure politikariek ez dakite zertaz ari diren zehazki. Hau demokraziaren aurkako eraso garbia da. Kontuan izan itun honek 800 milioi kontsumitzaile hartzen dituela barnean, munduko BPGaren erdia, munduko merkataritzaren %45a... Helburua merkataritza korporazio handien interesen mesedetan kontrolatzea da, negozioek gobernua erregulatzea. Eta, bide batez, Txina presionatzea politikak norabide berdinean bidera ditzan.

TTIPren oinarriak EBko kideek sinatu omen zituzten, baina nork idatzi zituen? Inork ez du erantzunik, ez omen dago idazleen zerrendarik. Hori bai, ikerketa talde batek dio itun honek urtero 120 bilioi eurotako onura ekar dezakeela (505 euro inguru urtero Europako familia bakoitzeko), eragingo duen prezioen merkatzearekin. Jakina, ikerketa egin duen taldea bankak finantzatutako Think Tank bat da., eta ematen dituen datuak, eszenategi baikorrenean oinarritutakoak dira. Horrela saldu nahi digute kontua, baina honen aurretik egon diren hitzarmenen eragina justu kontrakoa izan da.

Izan ere, TTIP hau TAFTA deitzen zuten hasieran, baina izen hori azkar alboratu zuten NAFTA zekarrelako gogora (Ipar Ameriketako Merkataritza Librerako Akordioa). Besteak beste, hitzarmen horrek Mexikon 2 milioi nekazari eta 28.000 denda txiki pikutara bidali zituen Estatu Batuekin lehiatu ezinik. Estatu Batuetan ere 682.900 lanpostu galdu omen ziren.

Inbertitzaileek auzitara eraman ditzakete estatuak, beren ekinbideren batek egungo edo etorkizuneko mozkinak murrizteagatik, baina ezin da alderantziz egin, estatuek ezin dute inbertitzailerik auzitara eraman eragindako kalteengatik

Corea eta AEB arteko halako hitzarmen batek esportazioak 10 bilioi dolarretan igoko zituela esan zuen Obamak, eta 3,5 bilioietan jaitsi ziren. 70.000 lanpostu berri sortuko zituela esan zuen ere, eta 40.000 galdu ziren. Hitzarmen hauek lortzen dutena da boterea korporazio transnazionaletan are gehiago kontzentratzea.

Arriskutsuena, ordea, TTIParen bidez sortu nahi den ISDS delakoa da (Investors to State Dispute Settlements, estatu-inbertitzaile ebazpen epaitegia pribatuak). Inbertitzaile batek ikusten badu gobernu baten lege edo neurriek bere mozkinak murriztu dituztela, estatua auzitara eraman dezake nazioarteko arbitraje tribunal pribatu batean. Auzi hauen kostuak ikaragarriak dira (batez beste 8 milioi euro) eta honi gehitu behar zaio estatuak korporazio transnazionalari ordaindu beharreko ordain saria epaia iristean (Ekuadorrek, adibidez, 1,1 bilioi dolar ordaindu behar izan zizkion Occidental Petrolium-i babes gune batean petrolioa erauzten galarazi ziolako; Suediako zentral nuklear batek auzitara eraman du Alemania, eta 4,2 bilioi dolar eskatzen dizkio bere ekoizpena eten arazteagatik). Dakigunez horrelako 560 auzi daude martxan, baina benetan gehiago izango dira. Ez dakigu ere transnazionalek zenbat eskatzen duten, normalean informazioa sekretupean gordetzen baita. Edonola, argi dagoena da auzi hauek sabaia jartzen dietela erregulazioei, halako auzi batean dirutza galdu duen estatuak hamar aldiz pentsatuko baitu beste erregulazio bat ezarri aurretik.

Honi gehitu behar zaio, ISDS horrek norabide bakarrean egiten duela lan. Hau da, inbertitzaileek auzitara eraman ditzakete estatuak, beren ekinbideren batek egungo edo etorkizuneko mozkinak murrizteagatik, baina ezin da alderantziz egin, estatuek ezin dute inbertitzailerik auzitara eraman eragindako kalteengatik. Transnazionalak babesten dira, ez hiritarrak.

Industriarentzat babesa, pertsonentzat arriskua

Araudiak oso desberdinak dira AEB eta EBn. AEBn apenas dago erregulaziorik zerbitzu eta produktuentzako. Guztia merkaturatu daiteke, baldin eta ez den zientifikoki frogatzen kaltegarria dela. Ardura ez dago ekoizlean, erabiltzailean baizik. Erabiltzaileak frogatu behar du produktu edo zerbitzu batek kalte egin diola, berau merkatuan debekatzeko.

Araudiak oso desberdinak dira AEB eta EBn. AEBn apenas dago erregulaziorik zerbitzu eta produktuentzako. Guztia merkaturatu daiteke, baldin eta ez den zientifikoki frogatzen kaltegarria dela

EBn, ordea, ez da hala. Ekoizlea da frogatu behar duena merkatuan jarri nahi duen produktu edo zerbitzua ez dela kaltegarria. Kaltegarria izan daitekeenaren susmoak badaude ezingo du merkaturatu. Hala, AEBn saltzen diren produktu kimiko asko ezin dira saldu Europan, AEBn nahieran zabaltzen diren transgenikoek mugak dituzte EBn... Itun hau sinatzen bada, gure osasuna arriskuan jartzeaz gain, Europako nekazari txiki guztiak pikutara joango dira, ezingo baitute AEBn diru laguntza oparoz ekoizten den nekazaritza industrialarekin lehiatu.

Fracking-aren kasua ere argigarria da. Badakizue Fracking gasa ateratzeko produktu kimiko ugari erabiltzen direla lur azpian. Produktu horiek lur azpiko iturriak kutsa ditzakete. Zer egin zuen Bushek? Fracking-ean zebiltzan konpainiak ur edangarriaren kalitatea ziurtatzeko araudietatik kanpo utzi, hau da, konpainiei nahi zituzten produktu kimikoak erabiltzeko aukera eman zien. Inguruko biztanleen iturriko ura kutsatuz gero, kaltetuek zientifikoki frogatu beharko dute kutsadura hori Fracking-etik datorrela.

Industriarentzat babesa handitzen da, pertsonen arriskuak handituz, eta jendea larrituta dago. Europako Batzordeak eta Europako korporazio transnazionalek pertsonak babesten dituzten erregulazioak kendu nahi dituzte, baina hiritarrek ez. Mugimendu sozial eta sindikatuak mugitzen hasi dira, eta Europako Batzordeak, hortaz jabetuta, ikusten du zailtasunak izango dituela nahi duena egiteko.

Hitzarmen hau demokraziari eraso zuzena da, langile klaseari eraso zuzena da, ingurumenari eraso zuzena da, hiritarren osasunari eta ongizateari eraso zuzena da

Orain bi urte, atlantikoko bi aldeetako lobby handienek (Business Europe eta US Chamber of Commerce) idatzitako txosten tekniko bat topatu nuen txiripaz, Regulatory Cooperation (Erregulaziorako Lankidetza), eman beharreko urratsak eta hartu beharreko neurriak zehazten zituena. Denbora pasa ahala, bazirudien hau bazterrean gelditutako ideia bat zela, baina orain, TTIP jasotzen ari den kontrako erantzuna medio, berriro ari dira txosten horretaz hitz egiten. Zer diote? EB eta AEB arteko Erregulaziorako Lankidetza Kontseilu bat sortuko dugu, TTIPtik banatua, momentuz, EB eta AEB artean erregulazio koherentzia bat eratzen joateko asmoz, legegileekin harremanetan izango diren lan taldeen bitartez.

Nire ustez honek esan nahi du, TTIP bere horretan ezin dutenez aurrera atera, halako kontseilu batekin pixkanaka pixkanaka neurriak hartzen joango direla, legegile eta hiritarrak kontuan hartu gabe. Eta oso argi esaten dute kontseilu hau betiereko izango dela, amaierarik gabea, etengabeko aldaketak egiten joateko, EBtik, bitartean, TTIPren onura liluragarriez kanpaina ikaragarria egiten duten bitartean. Ez dakit, gertutik aztertu beharko dugu nola doan gauza.

Amaitzeko, korporazioen presioari amore ematen badiogu, gure botere judiziala (gure demokraziaren zati garrantzitsua) sistema pribatu baten esku uzten badugu, galdetu behar dugu zer demontre den Europako Batzordea, berak sinatu baitu hau. Hau guztia ona dela uste dute, edo ez dira AEBen aurrean altxatzera ausartzen? Mandatu hau sinatu duten gure gobernuburuek ez dakite itun honek zer eragin izango duen? Inozoak dira, ala honek guztiak arduratzen ez dituen indar antidemokratikoak?

Hitzarmen hau demokraziari eraso zuzena da, langile klaseari eraso zuzena da, ingurumenari eraso zuzena da, hiritarren osasunari eta ongizateari eraso zuzena da. Honi eman dakioken erantzun bakarra da: mahaitik jaiki, atea itxi, eta aulki bat hutsik utzi.