Hemen zaude: Hasiera Artikuluak STOP TTIP: Demokrazia berreskuratu eta multinazionalen botereari aurre egin

STOP TTIP: Demokrazia berreskuratu eta multinazionalen botereari aurre egin

2014/12/12
TTIP, CETA eta TISA uneotan negoziatzen ari diren merkataritza arautzeko hitzarmen berriak dira; beren edukia benetako mehatxu bilakatu da gure eskubideentzat, eta bide batez, lehenago ere oso ahul zeuden gure sistema demokratikoentzat.

Laura Gonzalez de Txabarri, ELAko Nazioarteko Arduraduna, Landeia 201.

Laura Gonzalez de TxabarriTTIP, CETA eta TISA uneotan negoziatzen ari diren merkataritza arautzeko hitzarmen berriak dira; beren edukia benetako mehatxu bilakatu da gure eskubideentzat, eta bide batez, lehenago ere oso ahul zeuden gure sistema demokratikoentzat.

TTIP Merkataritza eta Inbertsio Hitzarmen Transatlantikoa negoziatzen ari dira Europar Batasuna (EB) eta Amerikako Estatu Batuak (AEB). CETA, berriz, Ekonomia eta Merkataritza Hitzarmen Orokorra da, EBk eta Kanadak itxi berri dutena; orain berrestear dago. TISA Zerbitzuen Merkataritzarako Hitzarmena da, hainbat estaturen artean negoziatzen ari dena, EB ere tartean delarik. Akordio hauek gure bizimoduan eragin handia izan dezaketen arren, guztiak erabateko sekretupean ari dira egosten.

Akordio hauen xedea merkataritzarentzat eta inbertsioentzat “oztopo” izan daitekeen oro ezabatzea da. Hain zuzen ere, hainbat araudi, ingurumena babestekoa, lan-arlokoa, elikagaien segurtasunari buruzkoa, datuen babesa bermatzen duena, finantza arlokoa eta beste hainbat, traba eta eragozpen gisa ikusten dira merkataritzarako eta inbertsioak egiteko. Hortaz, aipatutako hitzarmenekin araudi horiek saihestu nahi dituzte, edo ahal den gehiena ahuldu.

Ondorioz, luzaz egindako borroka bati esker lortutako eskubideak kendu nahi dituzte merkataritza librea eta inbertsioak errazte aldera, hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortuko delako aitzakiaz. Baina halako promesak zalantzan jarri behar dira. TTIPari dagokionez, Europar Batzordeak eskatutako txostenik baikorrenek ere hazkunde oso mugatua aurreikusten dute, eta ez dituzte aipatzen hitzarmenak eragingo lituzkeen doikun-    tza eta kostu sozialak. Sinesgarriagoak diren beste txosten     batzuren arabera milioi inguru lanpostu suntsituko lirateke. 
Atlantikoaren bi aldetako enpresa transnazional handiak izango dira, oraingoan ere, akordio hauen onuradun bakarrak.

Enpresa horiek babesteko hitzarmenetan inbertitzaile-estatu gatazkak bideratzeko prozedura berezi bat jaso da, ISDS izenekoa. Honen bitartez atzerriko edozein inbertitzailek auzitegi pribatu batean estatu bat sala dezake honek politika publikoan hartutako erabakien ondorioz izandako etekin galerak medio. Prozedura hau CETAn aurreikusten da, eta TTIPrako negoziatzen ari dira. Beste merkataritza hitzarmen askotan ere ezagutu izan da, eta estatuek milioika dolar ordaindu behar izan diote multinazionalei lege edo arauak egin dituztelako osasun publikoari, gutxieneko soldatari edo ingurumenari buruz...

Baina ISDS delakoa ez da TTIParen alde kezkagarri bakarra; Erregulazio-Kooperazioa ez da hain ezaguna, baina bai oso arriskutsua: korporazio handiei ahalmena emango lieke indarrean dauden arauak eta egiteko prozesuan daudenak ere hasieratik kontrolatzeko, beren interes ekonomikoen kalterako izan litekeen edozein erabaki ekiditearren.

Beraz, non geratzen da parlamentuen subirania? Non geratzen da demokrazia bera?

Asko daukagu jokoan. Hitzarmen hauekin oraindik indarrean diren lorpen sozial guztiak bertan behera utzi nahi dituzte, eta erabat desaraututako egoera batera iritsi, korporazio handien neurrira.

Negoziazioak sekretupean garatzen diren arren, enpresa-taldeek egundoko lobby lana egin arren, propaganda ofiziala hitzarmenen alde egonagatik ere, egunez egun erresistentzia gehitzen ari da.

Akordio hauen aurkako erakunde eta mugimenduok gero eta gehiago gara, Europan, Kanadan eta AEBetan. Ez alferrik, gero eta jende gehiago jabetzen baita     hitzarmen horiek bere bizimoduan izango lituzkeen ondorioez.

Europar gizarte zibileko hainbat erakunde eta mugimenduk osatutako aliantza batek TTIP, CETA eta TISA salatzeko ekintza-egun bat deitu zuen urrian; orain mobilizazio gehiago prestatzen ari da: abenduaren 19an Bruselan eta udaberrian Europa guztian zehar izango dira. Euskal Herrian ere borroka hortan sartuta gaude, mobilizazioetan parte hartuz.

Hitzarmen horiek geldiarazi, demokrazia berreskuratu eta multinazionalen botereari aurre egingo diogu. Pertsonak eta planeta enpresen etekinen gainetik baikaude.