Soldatek ez dute doikuntza aldagaia izan behar

2013/03/27
salarios.jpg
“Barne-debaluazio” politikak -edo bestela esanda, soldata-austeritateko politikak- gaur Europaren baitako desorekak leuntzeko eta krisitik irteteko modu gisa aurkezten dira, horrela inplizituki krisiaren errua soldatei egozten zaielarik. Honen kontrako ikusmoldea argudiatzen da Salario y competitividad: por un verdadero debate liburuan. Lan honetan bi tesi jaso dira: egungo krisiaren jatorrian balio erantsian soldatek duten zatiak jasan duen jaitsiera orokorra dago, eta soldata-doikuntzak irteerarik gabeko ataka batera darama.

Artikulu hau Viento Sur-etik ( 2013/03/16) hartu dugu eta Gabriel Zeberiok itzuli du.

Michel Husson

Langabezia eta errenten banaketa

Lehen puntuari buruz adostasuna erabatekoa da, ELGEtik hasi eta Europar Batzordera, NMF ere tartean dela: erakundeok guztiok egin dituzten ikerketetan kontua ez zen aztertzea soldaten zatia murriztu ote den, baizik jaitsiera hori zergatik gertatu den. Halere, hau kontraesana da beste ikusmolde batekin, honen arabera Europa “Hegoaldeko” desoreka ekonomikoen zergatia lehiakortasun galera bailitzateke, eta hau, berriz, soldatak gehiegi haztearen ondorio.

Lanaren zatiaren jaitsierak -ELGEk honela deitzen dio-, noski enpresen etekin-marginak hobetzea ekarri zuen krisia hasi aurretik. Baina enpresek ez zuten horregatik inbertsio gehiago egin; aitzitik, dibidendo gehiago banatu zuten. Soldatapekoen poltsikotik akziodunenera gertatu zen transferentzia izugarri hau langabeziaren palankari esker izan da posible. Izan ere, hauek errealitate beraren bi aurpegiak baitira: batetik, soldatapekoei ez zaizkie produktibitate irabaziak helarazi -batik bat lanaldia jaitsiaz-; honek langabezia gehitzea eragin du. Bestetik, akziodunenganako transferentzia handitu da. Frantziako 35 orduko astearen esperientziak, perfektua ez izanagatik ere, erakusten du lanaldia murriztea enplegua sortzeko tresna indartsua dela: 1978 eta 1997 bitartean Frantzian enplegua arlo pribatuan ez zen gehitu. 1997-2002 epealdian, berriz, 35 orduko astea ezarri zenean, ia 2 milioi lanpostu sortu zen. Gero enplegua piska bat gehitu zen, krisiak abiapuntura itzultzea eragin zion arte.

Itxurazko absurdua

Europako erakunde eta gobernuek hiru zutabe dituen politika bati ekin diote: aurrekontu-austeritatea, soldata-austeritatea eta erreforma estrukturalak (lan merkatuan eta gizarte-babesean). Alabaina, honek ez du emaitzarik ekarri eta Europa atzeraldian itotzen ari da. Honen zergatiak ezagunak dira, eta gainera arazoari buruzko adostasuna handia da.

Austeritatearen mekanismo zitala ulertzea erraza da. Gastuak murriztu eta kontsumoaren gaineko zuzeneko zergak gehitzen dira, batik bat BEZa. Berehalako ondorioa defizitaren jaitsiera da. Baina ekonomia ziklo bat da, eta aurrekontu-austeritateak jarduera moteltzen du, eta ondorioz, diru-sarrera fiskalak. Emaitza: zor publikoak BPGarekiko duen pisua gero eta handiagoa da.

Hara hor lehen korrelazio nabarmena: aurrekontu-austeritatea zorrotzena izan den estatuetan okertu da gehien zorra/BPG ratioa. Olivier Blanchard NMFko ekonomista buruak duela gutxi autokritika egin du, aitortuaz gutxietsi egin zuela “aurrekontu-biderkatzaile”aren eragina (kasu honi dagokionez, “aurrekontu-zatitzailea”rena), zeinak ustez defizita murrizteak jardueraren gain duen eragina aurreikusten baitu. Aurrekoa bezain korrelazio nabarmen bat da, bestalde, aurrekontu-austeritatea latzena izan den estatuetan okertu dela gehien langabezia-tasa (edota ez da hainbeste onbideratu).

Aurrekoa ikusirik, lehen bistan ondoriozta liteke politika hauek absurduak direla, edo ezjakinen gauza ('illiterate' esaten die iruzkingile anglosaxoi batek). Baina bigarren aldiz begiratuta, itxuraz absurdu izanagatik ere, ikus daiteke enpresen irabazi-marginak berreskuratzeko aukera ematen dutela, hain zuzen langabeziaren igoeraren proportzioan. Finean, aurrekontu-austeritatea/langabezia/etekinak zirkulu bat daukagu, eta egindako politikak beste era batera interpretatzeko modua ematen digu: txoke-terapia bat da, zeina krisiaz baliatzen baita atzerakada sozial handi bat dakarten “erreformak” egiteko.

Hazkundea eta kapitalismoa

Haatik, txoke-terapia hau ez da halabeharrez bideragaria, ezta interes kapitalisten ikuspuntutik ere, eta hau dugu analisiaren hirugarren unea: etekinak hazkundearen lepotik berreskuratzen dira. Dena dela, kapitalismoak hazkundearen beharra du etekinak izango direlako aukera bera bermatzeko. Hau da une honen erroan dagoen gauzarik izugarriena: kapitalismo europarra itxuraz ahulena da; bi baliabide baino ez dauzka, kanpo-merkatuak edota lehiakortasunaren lasterketa (honen ondorio bakarra atzeraldia puztea izan daiteke). Eta horrek esan nahi du, halaber, etorkizunean ere enplegua suntsituko dutela. Beraz, Europa hiru mailako krisi batean kateatuta dago: zor subiranoen krisia, euroguneari berari dagokion krisia eta, azkenik, kapitalaren errentagarritasunaren krisi ezkutua: zorren azpian etekinaren kontua datza.

Haustura estrategia

Horrenbestez, krisi hau oso sakona da eta irtenbide erradikalak eskatzen ditu, oinarrizko bi gairen inguruan: errenten banaketa eta europar eraikuntza. Errenten banaketa aldarazi egin behar da zor ilegitimoa ezabatuz, finantza-errenten zatia murriztuz, soldatak igoaz eta zerga-erreforma eginez. Hau da enpleguak sortzeko baldintza, lanaldia murriztuz eta inbertsio publikoa eginez, batik bat trantsizio ekologikoa ahalbidetzen duten sektoreetan.

Europar eraikuntzaren helburua harmonizazioa izan behar da, egitura ekonomiko oso desberdina duten estatuen artean, harmonizazio-funtsak finantziatzeko aurrekontu baten bidez; halaber, bermatu egin behar da konbergentzia, legeria fiskaletan -esaterako, kapitalaren gaineko zerga bateratua ezarriz- eta sozialetan -adibidez, gutxieneko soldaten sistema europarra medio-. Honelako proiektu bat nagusi diren interes sozialen kontrakoa litzateke; hauek atzerakada sozial bortitza antolatzen ari dira. Aipatutako oinarri horiek ipar moduan hartu behar dira erresistentzia borrokarako, eta Europa neoliberalarekiko aldebakarreko haustura izan behar da bere heldulekua: zartatu behar den lehen harresia, zalantzarik gabe, banku zentralei aurrekontuen defizita finantziatzeko ezarri zaien debekua dugu.