Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Soldatak jomugan

Soldatak jomugan

2014/01/22
Mikel Zurbano, Argia 2014/01/12; Barne debaluatzearen politikarekin aurrera egin dezan, 2012ko lan merkatuko erreforman sakontzeko aholkua eman berri dio OCDE (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) erakundeak Espainiako Gobernuari. Lehengo lepotik burua, beraz. OCDEk bezala Alemaniako Gobernuak eta troikak agindutako austeritate politiken ardatz honen itxurazko helburua ekonomiak eta enpresek lehiakortasuna irabaztea da eta horren bidez enplegua sortzea. Bide erratua inondik ere.

Mikel ZurbanoMikel Zurbano, EHUko irakaslea (artikulu hau Argian argitaratu zen 2398. alean)

2012ko lan erreformak lan harremanak jabegoaren menpe jarri ditu erabat, negoziazio kolektiboa ahuldu du eta kaleratzeko askatasun osoa eta soldata apalagoak ahalbidetu ditu. Jakina da atzeraldian dagoen ekonomiarentzat kaleratzeak erraztearen ondorio nagusia kaleratzeak ugaritzea dena: azken bi urtean milioi bat enplegu baino gehiago galdu dira estatuan. Langabezia handitu da eta behin behineko kontratuak ere, egungo kontratu berrien %90 izateraino. Ekonomiaren motelaldia areagotu egin du horrek, itxarondako lehiakortasunaren hobekuntza zapuztuta. Nolanahi ere, lan erreforma horrek helburu bat bete du bederen: soldata errealak %5-%10 jaitsi dira bi urtean Espainiako Estatuan. Argudio ofizialak dio honek kostuak apaldu eta prezioen bidezko lehia hobetzea dakarrela.

Barne debaluatzeak ekartzen dituen soldaten eta unitateko lan kostu errealen jaitsierak ez ditu hemengo produktuen prezioak jaisten eta lehiakorragoak egiten atzerriko merkatuetan

Baina, soldata apalagoak izateak ez du halabeharrez produktuak kanpoko merkatuan lehiakorragoak izatea esan nahi. Agintari ekonomiko eta politiko ofizialen esanetan Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko arazoa lan merkatu zurrunak eta sindikatuen indarrak bideratutako soldaten igoera bizkorra zen. Haatik, Espainiako CESen azken txostenak dioen bezala 1986tik aurrera unitateko lan kostu erreala jaitsi egin da Espainiako Estatuan, aldian aldiko igoerak egon diren arren. Orobat, produktu osoarekiko langileen ordainketak %3 jaitsi dira 2000 ondoren eta kopuru horrek batik bat mozkinen tartea gizendu du. Gainera, mozkinen gehikuntza ez da inbertsio produktibora bideratu baizik eta enpresen zorra ordaintzera eta, batez ere, finantza arloko eragiketetara.

OCDEk indartu nahi duen lan merkatua malgutzeko politika ekonomia pizteko oztopo nagusietako bat da

Are gehiago, barne debaluatzeak ekartzen dituen soldaten eta unitateko lan kostu errealen jaitsierak ez ditu hemengo produktuen prezioak jaisten eta lehiakorragoak egiten atzerriko merkatuetan. Aldiz, estatuko inflazioa eurogunekoa baino %1,5 garaiagoa da batez beste. Horrek esportaziorako produktuak garestitu egiten ditu eta kanpoko merkatuetan bertako produktuak saltzea zailagoa da. Horregatik, azken urteetan Espainiako Estatuko kanpo balantzan egondako hobekuntza esportazioen igoeragatik baino gehiago inportazioen jaitsieragatik suertatu da, izan ere, herritarren eros ahalmenaren murrizketak bertako zein kanpoko produktuen kontsumoa apaldu du.

Beraz, Troikak eta OCDEk bultzatzen duten soldaten jaitsieraren bideak ez du kanpo lehian onura handirik ekarri orain arte. Ostera, barne merkatua uzkurtu egin du. Espainiako Estatuko produktuaren %22 baizik ez da kanpoko merkatuetara bideratzen, gainerakoa barne merkatuan trukatzen da. Etxeko kontsumoak produktuaren osaketan duen garrantzia %45 da. Barne debaluatzearen estrategiak herritarren eros-ahalmenaren galera nabarmena ekarri du eta honek kontsumoarena: INEren arabera etxe ekonomietako bataz besteko errenta %8,5 murriztu da azken bi urtetan. Beraz, OCDEk indartu nahi duen lan merkatua malgutzeko politika ekonomia pizteko oztopo nagusietako bat da. Azken buruan, esportazioak handitzeko asmoz soldatak apaltzeko estrategia sozialki bidegabea ez ezik ekonomikoki antzua da.