Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Soldata arrakalaren aurkako 9 hileko greban ikasitakoak

Soldata arrakalaren aurkako 9 hileko greban ikasitakoak

2019/07/09
"Sektore feminizatuetan aspalditk ezagutzen dugu lan munduan emakumeek pairatzen duten prekaritatea. Edonola ere, ELAn abian jarri genuen genero ekitatearen aldeko aldaketa prozesuari esker, betaurreko moreak jantzi genituen eta ordutik ez ditugu kendu. Horiei esker, prekaritarearen gaineko irakurketa feminista egin ahal izan dugu eta, adibidez, garbikuntzako bi azpisektoreren artean dagoen soldata-arrakala identifikatu ahal izan dugu."

Mirari Irureren hitzaldia "Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa" mintegian

Kale garbikuntzako sektorea batetik, oso sektore maskulinizatua (%80tik gora gizonak dira) eta eraikin eta lokaletako garbikuntza bestetik, erabat feminizatua (%95 emakumeak dira). Hego Euskal herriko 4 lurraldeetako hitzarmen desberdinak aztertu genituen eta kasu guztietan arrakala zegoen. Hitzarmena ekiparazio prozesu eta borrokei esker hobetua zuten kolektiboetan ere bai. Zergatik? Kale‑garbitzaileek kalean lan egiten dutelako? EZ. Kalean egoteagatik kobratzen duten plusa kendu egin dugu konparazioa egiteko. Dena den, nire iritzian, plusa kontuan ez hartzearena bera ere diskutigarria da, gero azalduko dizuet zergatik. Baina, jendarteari gure mezua interferentziarik gabe iristeko, nahiago izan genuen minimoen konparazioa egin. Eta asmatu genuen, izan ere, kontra egiteko botatzen diguten lehen argudioa hori izan baita hainbat eragiletatik gainera: enpresa eta patrona, Arartekoaren teknikariak, Emakunde, prentsa... Ez duzue imaginatzen zenbat erresistentzia ebidentzia onartzeko!

Garbikuntzako soldata-arrakalaren aldarrikapena abian jarri genuenetik, lortu dugu kolektibo batek arrakalarik ez izatea, Gipuzkoako Diputazioko garbitzaileetaz ari naiz. Haien soldata hitzarmen guztietan altuena zen eta negoziazio bidez, arrakala gainditzeko falta zitzaien portzentaia adostea lortu zuten. Gero, Zarauzko garbitzaileena etorri zen lehendik sinatutako hizarmenari esker aurten ez dute arrakalarik. Baina hortik aurrera arazoak etorri ziren. Soldaten arteko aldea handiagoa zen negoziazioei ekin genien: Gipuzkoako probintziala, Osakidetzako garbikuntza eta Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbikuntza, besteak beste. Azken hauek jakingo duzuenez, astezkenean 9 hilabete bete zituzten greban. Ba jarraian denbora honetan gatazkan zehar bizitakoak zuekin partekatzen saiatuko naiz. Grebalariek greban 5 hilabete zeramatzatenean (Martxoaren 8aren atarian hain justu), iritzi artikulu bat idatzi nuen ordurarte ikasitakoak 7 irakaspenetan laburtuz. Banekien orduan ikasketa prozesua amaitzeke zegoela eta hala izan da; 4 hilabete geroago, badut orduan idatzitakoari zer gehitu. Ea gai naizen, modu ordenatu batean garrantzitsuena gaur zuekin partekatzeko:

1.-SOLDATA-ARRAKALA poliedrikoa da
2.-AHALDUNTZEA prozesu amagaibea da
3.- SORORITATEAK existitzen du. Eta emakumeen gatazketan bor-bor azaltzen da
4.- GREBA tresna baliagarria da ez bakarrik borrokarako, baizik eta baita ezagutzarako eta boteretzerako
5.- DUINTASUNA dela erresilientzia dakarkigun azken gotorlekua
6.- Grebak AZPIKONTRATETAN geroz eta politikoagoak dira eta, geroz eta luzeagoak
7.- ERRESISTENTZIA-KUTXArekin borroka  gogorra da, hori gabe jasanezina
8.- EMAKUMEAK benetako PROTAGONISTA izan direla greba eredugarri honetan