Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Sindikatuen krisi politiko eta ideologikoa gero eta autoritarioagoa den Europar Batasunean

Sindikatuen krisi politiko eta ideologikoa gero eta autoritarioagoa den Europar Batasunean

2014/03/26
Europa garaikidea drama politiko eta ekonomiko larriaren eraginpean dago. Finantza-krisiaren trauma lazgarriaren ondotik zor subiranoaren hondamendia etorri da. Eragin handiena jasan duten herrialdeetan, herritarrek eraso masiboei egin behar izan diete aurre: gizarte-zerbitzuen, soldaten, pentsioen, sindikatuen eta eskubide sozialen aurkako erasoei, besteak beste.

Dokumentuak28eus

Dokumentuak 28: Sindikatuen krisi politiko eta ideologikoa gero eta autoritarioagoa den Europar Batasunean

Austeritate-neurri latzen eraginez, egoera nabarmen okertu da herrialde horietan, eta beheraldi ekonomiko sakonean hondoratu dira. Horrek krisi politiko eta sozial are larriagoa ekarri du. Langabeziak gora eta gora jarraitzen du etenik gabe, eta bai Grezian bai Espainian, gazteen langabeziak %50a gainditu du. Egoera hori dela medio, liskar biziak sortzen ari dira Europar Batasunaren barnean, bai sozialak eta bai politikoak.

"Sozialdemokratek rol nabarmena jokatu dute agintea izan duten herrialdeetan sindikatuen eta ongizate-estatuaren aurka egindako eraso gogorretan"

Krisi ugari horien aurrean, betiko mugimendu sindikalak nahastuta, noraezean eta hein batean paralizatuta daudela dirudi. Sozialdemokrazia nahastuta eta desantolatuta dago politikoki eta ideologikoki, eta egoera hori mugimendu horiei eragiten dien krisi sakonaren isla baino ez da. Alde batetik, sozialdemokratek rol nabarmena jokatu dute agintea izan duten herrialdeetan sindikatuen eta ongizate-estatuaren aurka egindako eraso gogorretan. Baina, bestetik, badira Europar Batasunak gaur egun jarraitzen duen norabide politikoa errotik gaitzesten duten sozialdemokratak ere. Sindikatuek ere krisi ugari horien eragina jasan dute eta ez dute gaitasunik izan jasotako eraso horiek geldiarazteko. Dudarik gabe, langabezia masiboa dela-eta, sindikatuen indarra eta eragina ahultzen ari da negoziazio-mahaietan. Eta horrez gain, badira sindikatuen ahultze horretan eragina izan duten bestelako faktoreak ere: industrien berregituratze sakona, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta aldi baterako langileen ugaritzea, besteak beste.

"Indar kapitalistek uko egin diote Bigarren Mundu Gerraren ondoren langileen eta kapitalaren artean hitzartutako konpromiso historikoari, eta erasora jo dute mugimendu sindikala garaitzeko eta ongizate-estatuaren lorpenik handienak bertan behera utzi ondoren eskuak libre izateko."

Ezker politikoaren paralisi hori begien bistan geratu zen 2011n, Espainian, Grezian, Portugalen eta Italian milaka eta milaka gazte kalera protestan atera zirenean. Alabaina, Kairoko Tahrir plazan gertatutakoak akuilatu zituen protesta-mugimendu haiek, herrialde bakoitzeko alderdi politikariek edo sindikatuek baino gehiago. Azken horiek doi-doi agertu zuten burua, zertarako eta aliantzak sortzeko eta borrokaren norabidea eta edukiak politizatzeko eta adierazteko. Aldiz, burokrazia sindikalaren sektore zabalak jada esanahi osoa galdu duen itun sozialaren ideologian geratu dira ainguratuta; izan ere, indar kapitalistek uko egin diote Bigarren Mundu Gerraren ondoren langileen eta kapitalaren artean hitzartutako konpromiso historikoari, eta erasora jo dute mugimendu sindikala garaitzeko eta ongizate-estatuaren lorpenik handienak bertan behera utzi ondoren eskuak libre izateko.

1930eko hamarkadako beheraldi ekonomikotik izan den krisi ekonomiko sakon eta larriena gertatzen ari den honetan, kapitalismoari eginiko kritika, gutxiago edo gehiago, isilarazi egin dute. Kapitalismoa, krisiaren mende gaur egun, langabezia masiboa, pobrezia, sufrimendua eta miseria sortzen ari da Europako sektore handietan, eta langileen mugimenduak eta sindikatuak jada ez dira alternatiba nagusi eta sinesgarria kapitalismo horri aurre egiteko. Sindikatuek zenbait proposamen alternatibo aurkeztu dituzte, baina alde batera utzi dituzte estrategiak, eta erakutsi dute ez dutela ez gaitasunik ez prestutasunik aurrera egite aldera beharrezkoak diren borrokarako bitartekoak jartzeko eta abiarazteko.

"1930eko hamarkadako beheraldi ekonomikotik izan den krisi ekonomiko sakon eta larriena gertatzen ari den honetan, kapitalismoari eginiko kritika, gutxiago edo gehiago, isilarazi egin dute"

Europa mailan, sindika- tuek zorroztu egin dute beren erretorika, baina duda-muda asko izan dituzte erasoei aurre egiteko beharrezkoa den mobilizazioa deitzerakoan. Nola gertatu da hau Europan, non eta munduko sindikatu eta langile- mugimendu indartsu eta militanteenen altzoa izan den tokian? Zergatik oposizioa eta erresistentzia ez dira izan indartsuagoak? Eta, nola iritsi gara honaino, nola izan dira gai Grezia, Espainia eta Portugalgo gobernu sozialdemokratak sindikatuei eta ongizate-estatuari egin zaizkien erasorik larrienetakoak egiteko, harik eta herritarren eta boto-emaile gogaituen erresistentziak boteretik kendu eta haien ordez finantza-kapitalari are leialagoak zaizkion eskuineko gobernuak jartzera iristeraino?

Sindikatuek Europar Batasunean gaur egun dituzten erronka eta oztopoak aztertzen dira artikulu honetan. Europar Batasuna nazioz gaindiko erakundea da, eta, alde horretatik badira egiturazko zenbait muga EBren beraren barnean, baina, horren gainetik, bestelako harresi politiko eta ideologiko batzuk dira gaur egungo egoeran sindikatuen egitekoa galarazten dutenak. Europako Eredu Soziala esan ohi zaio gureari. Bada, eredu horretan eragiten eta, areago, eredua mehatxatzen ari diren eraso eta garapen nagusiak deskribatuko ditugu: zerbitzu publikoei, pentsioei, soldatei eta lan-baldintzei egindako erasoak, baita joera antidemokratiko indartsuak ere. Baina, hasteko eta behin, beharrezkoa da, historiaren argitan, sozialdemokraziak Europan izan duen eta gaur egun duen rola labur-labur aztertzea.