Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Prozesu independentista, burujabetza sozialetik

Prozesu independentista, burujabetza sozialetik

2017/01/03
Plazera da lagun baten liburuaren edizioaren lekuko izatea. Hau gainera, sindikalismoaren apasionatua izateaz gain, zure idazkari nagusia izan bada, plazera harrotasun bihurtzen da, militanteek beti militante izaten jarraitzen duten erakunde baten parte sentitzearen harrotasuna. Eta, nire kasuan bezala, ELAren fundazioaren arduradun bazara, zeinak bilatzen duen sindikalismoaren aspirazio eta itxaropenek behar eta merezi duten oihartzuna lortzea, orduan harrotasuna gogobetetze bihurtzen da. Gogobetetzea sindikalismoak, ezkerrak, eta baita gure aspirazio nazionalak ere, bizi duten garai "likido"etan pentsamendu solido batek plaza hartzen duelako.

Xabi AnzaXabi Anza, Manu Robles-Arangiz Fundazioko lehendakaria

Testu hau Joxe Elorrietaren "Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas" liburuaren hitzaurrearen itzulpena da

Liburu honen edukia esaldi bakarrean sintetizatu behar banu esango nuke mendebaldeko sindikalismoaren garapenaren irakurketa kritiko bat dela, ELA bezalako sindikatu batentzat, eta hedaduraz, euskal burujabetza nazionalaren aldeko balizko artikulazio sozial, sindikal eta politiko batentzat eboluzio horrek sortzen dituen aukera eta mehatxuak marrazten amaitzeko.

Dena den, gure herriari begira, laugarren kapitulua izango da eztabaida gehien ekarriko duena

Azken urteotan, bere doktoretza tesia argitaratu ostean, Joxe eztabaida ekonomiko, politiko eta, nola ez, sindikalei buruzko bibliografia oparo eta garaikidearen irakurketan murgildu da. Irakurketa horietatik sindikatuko militante belaunaldi berriak ezinbestean ezagutu behar duen esentzia atera du, modu egokian enfoka dezan kapitalismoaren gaurko fasea eta bere helburu nagusienetakoa: sindikalismoaren desaktibazioa.

Lan honen lehen kapituluetan, Joxek neoliberalismoa “kolektiboen suntsiketa programa metodikoa” dela dioen Bourdieuren tesiaren fundamentazio eztabaidaezina josten du, mugimendu sindikalaren gertuko historiari aplikatua. Txunditu egin naute alde batetik Gerra Hotzak mendebaldeko sindikalismoaren garapenean, eta zehazki Europakoan, izan duen eragina, liburuak maisuki azaltzen duena, eta bestetik garai fordistak (orain arte sindikalismoaren “urrezko” arotzat jo dena) eragin dituen pitzadurak, bereziki genero eta ingurumen ikuspegitik.

Autoreak burujabetza sozialean oinarritutako prozesu independentistaren alde egiten du, gizarte eredua erdigunean jarriko duen artikulazio sozial eta politiko baten bidez, estatuei burujabetza kentzeko, beharrezkoa den gehiengoaren atxikipena lortzeko

Dena den, gure herriari begira, laugarren kapitulua izango da eztabaida gehien ekarriko duena. Norgehiagokan diren abertzaletasunaren bi familia politiko nagusiek lideratzen dituzten bi estrategia abertzaleen azterketa zorrotza egiten du: alde batetik programa neoliberalaren funtsa bere eginik egokitzapen itundua bilatzen duena, Euskal Herria estatuko azpisistema bat gehiago bihurtzeko, eta beste aldetik, akordio nazional interklasistaren hipotesia mantentzen tematzen dena (“Maltzaga”ren erreferentzia historikoa), zeinak epe labur-ertainean autodeterminazioa eskubidea blindatuko omen duen. Autoreak, logikoki, bi hipotesiak baztertzen ditu, eta burujabetza sozialean oinarritutako prozesu independentistaren alde egiten du, gizarte eredua erdigunean jarriko duen artikulazio sozial eta politiko baten bidez, estatuei burujabetza kentzeko, beharrezkoa den gehiengoaren atxikipena lortzeko.

Prozesu hau abian jartzeko Elorrietak ELAren sindikalismoa aldarrikatzen du, eta hedaduraz sindikalismo abertzale guztia, instrumentu bereizgarri eta baliagarri gisa. Hauteskundeetan duen oinarri eta zilegitasun zabalak, elkarrizketa soziala baztertzen duen kontrabotere ereduak, eta bere egiten dituen aldarrikapen nazional eta aliantza sozialak, irabazi nahi duen burujabetzarako proiektu batek inolaz ere baztertu ezin dituen berezitasuna osatzen dute.

Ea eztabaida estrategiko esanguratsu bat abiatzeko balio duen, bizi dugun krisi sozial, ekologiko, politiko... honetan gure herriak behar duen modukoa

ELAren XII. Kongresuaren ondoren, 2008an, sindikalismoaren ikerlari frantses batek ekitaldiari buruzko idatzia amaitzen zuen galdetuz ea gure sindikatua kontuan hartua izateko espresio txikiegia zen, edo, kontrara, bere eskalan, sindikalismoaren eraberritzearen esperientzia singular bat zen, zeinengan nazioarteko sindikalismoak arreta jarri behar zuen. Liburu honen irakurketa amaitzean pentsatu nuen orrialde hauek erantzun meditatu, oinarritu eta apasionatu bat direla gure lagun Cristian Dufourren galderari.

Liburu honek oihartzuna izango du. Ez dut dudarik. Ea eztabaida estrategiko esanguratsu bat abiatzeko balio duen, bizi dugun krisi sozial, ekologiko, politiko... honetan gure herriak behar duen modukoa.

Manu Robles-Arangiz Fundazioko arduradun gisa, Icaria argitaletxea eskertu nahi dut egin duen lanagatik. Bere parte hartze eta lan onak liburu hau gure kabuz sekula iritsiko ez ginatekeen espazioetara iristea ahalbidetuko du.

Eta Joxeri soilik gelditzen zait eskatzea -eta Gotzonek barka biezat- lanean, irakurtzen eta bere aurkikuntzen fruituak militante belaunaldi honen eskura jartzen jarraitzea. Belaunaldi honek aurrekoak bezala seguruenik, ez dio inoiz denbora nahikorik dedikatuko bere praxiaren azterketari, irakurketa pausatu horri, ezinbestekoa dena militantzia buruargi bat izateko.