Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Prestazio sozialen gida

Prestazio sozialen gida

2015/06/11
Testu honen helburua prestakuntza eta informazioa eskaintzea da. Legez baliagarri diren testu bakarrak dagokien erakundeetako agerkari ofizialetakoak dira. ELA saiatzen da testuak eguneratuta izaten, zehatz jasotzen eta benetakoak izan daitezen, baina ohartarazi behar du hauek ez direla testu ofizialak; beraz, zehaztasun ezagatik edo akatsak medio gerta daitezkeen oker edo kalteen ardurarik ez du bere gain hartzen. Halaber, espero dugu gidaliburu hau irakurri edo erabiltzen duenak kontutan izan dezala duela hainbat urtetik hona legedia soziala etengabeko erreforma jasaten ari dela; beraz, gisa honetako edozein material zaharkituta geratzen da epe oso laburrean.

 

Prestazio sozialen gida, Dokumentu osoa

Gizarte-prestazioen sistema egoki bat kohesio soziala izateko funtsezko osagaia da. Prestazio sistema honek izan beharko luke gero eta handiagoak diren gizarteko sektorerik ahulenekiko konpromiso kolektiboaren oinarrietako bat. Errealitatea da gaur inoiz baino areago behar direla gizarte prestazioak biztanleriaren benetako eta premiazko beharrizanak asetzeko. Gero eta jende gehiago, oso kolektibo desberdinetakoa, laguntza hauen beharrean geratzen da bizi ahal izateko.

Baina aldarrikapen hau ez da berria. 80etako hamarkada bukaeran Eusko Jaurlaritzak Pobreziaren kontrako plan orokorrari ekin zionetik, zeina EAEn gaur dagoen gizarte-prestazioen sorburua izan zen, ELAk, beste eragile batzuk bezala, plan hartan ezarritako estaldura hedatu eta hobetu beharra zegoela adierazi zuen. 90etako hamarkada amaieran hainbat erakunde eta kolektibok gizarte eskubideen kartari buruzko herritar legegintza ekimena plazaratu zuten. Honen bitartez Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari galdegiten zitzaien asteko lanaldia 35 ordura jaisteko (arlo publikoan, eremu pribaturako ez baitago eskumenik) eta oinarrizko errenta ezartzeko. HEHan 100.000tik gora sinadura bildu zen ekimen honen alde.

Borroka haren ondorioz, esaterako, 1998ko greba orokorraren aldarrikapen nagusiak lanaldia 35 ordura murriztea eta oinarrizko errenta izan ziren. Egungo gizarte-prestazioen eredua oso mugatua izanagatik ere, aldarrikapen eta mobilizazio dinamika haren fruitu da.

Egoerak okerrera egin du; izan ere, sistema aski urria zen, baina gainera ez da hobetzeko ahaleginik egin, guztiz kontrara baizik. Hartutako erabaki guztiekin sistema apurka eraitsi dute.

Hala da. Prestazioak azken urteetan murriztu egin dituzte. Eusko Jaurlaritzan izan diren alderdiek hala erabaki dute. Urkullu zein Lopezen gobernuek gastuaren kontrola lehenetsi dute eskubide sozialak sustatu ordez. Aurrekontuen murrizketekin prestazioen zenbatekoa gutxitu da (Patxi Lopezen gobernuak prestazio ekonomiko guztiak aurrekontuetako xedapen baten bidez %7 moztu zituen, eta portzentaje hau urtero finkatu da. Urkulluren gobernuak ere aurrekontuetan murrizketa berbera aplikatzen du urtero), eta prestazioak jaso ahal izateko baldintzak zorroztu egin dira, gero eta kolektibo gehiago estaldurarik gabe geratu delarik. Murrizketa hauek eta ezarri izan diren beste doitze politika guztiek langabeziaren, desberdintasun sozialaren eta babes gabeziaren gorakada handia eragin dute [...]

Aurkibidea


1. LANGABEZI PRESTAZIOAK

KOTIZAZIOPEKO PRESTAZIOA ETA ORDAINKETA BAKARRA
LANGABEZIA-SUBSIDIOAK
LANERATZEKO ERRENTA AKTIBOA (LEA)
ENPLEGURAKO AKTIBATZEKO PROGRAMA

2. EAE-KO GIZARTE-PRESTAZIO PUBLIKOAK

DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA
LANEKO SARREREN ERRENTA OSAGARRIA
PENTSIOEN OSAGARRIA
ETXEBIZITZARAKO PRESTAZIO OSAGARRIA
GIZARTE LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK


3. GIZARTE-PRESTAZIO PUBLIKOAK NAFARROAN

GIZARTERATZE ERRENTA