Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Prekaritatea: bizitza alanbre gainean

Prekaritatea: bizitza alanbre gainean

2019/07/02
"Ezinbestekoa da borroka ezberdinak lotzea eta saretzea: borroka sindikala, feminista, klima aldaketaren kontrakoa, migranteen eskubideen aldekoa... Nancy Fraserrek dioen bezala, erreprodukzio sozialaren aldeko borrokak dira egungo langile borroka, soldatapeko eremuan ematen direnak eta bizitzaren jasangarritasunaren aldekoak." Prekaritatearen kokapena, bilakaera eta ondorioak azaltzen ditu hitzaldi honetan Leire Txakartegik.

UNED 2019"Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa" mintegian Leire Txakartegik eman duzen hitzaldia (Gasteiz, ekainaren 21a)

Prekaritateaz hitz egiterakoan, bi abiapuntu har ditzakegu:

a) Lehenik eta behin esan dezakegu gure bizitzak prekarioak direla berez, izatez. Teoria ekofeministak dioen bezala, Yayo Herrerok adibidez, guztiok gara interdependienteak eta ekodependienteak. Hau da, alde batetik, elkarren menpeko gara, elkar behar gara, harreman sozialak eta zaintza etengabeak behar ditugu. Era beran, bizirauteko planeta, lurra eta naturan dauden baliabideak behar ditugu derrigorrez.

b) Bigarrenik esan dezakegu sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek egiturazkoak dituela prekaritatea eta zapalkuntza: klase zapalkuntza; genero menderakuntza eta sexuen araberako lanen banaketa; zuriak ez diren beste arrazena eta mendebaldeko koloniak izan ziren herrialdeetako baliabide eta pertsonen menderatzea; hautu eta nortasun sexual ez hegemonikoena; hizkuntza eta kultura minorizatuena…

Argi dago menderakuntza orok gure izaera zaurgarria areagotzen duela bizitza babesten ez bada. Sistema gutxi batzuen etekin ekonomikoaren handitzean oinarritzen bada eta ez bizitzaren zaintza eta lehentasunean, prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bihurtzen da.

Historian zehar kapitalismoa (bi abizenekin beti: heteropatriarkal eta arrazista) eraldatzen eta egokitzen joan da beti ere kapitalak ahalik eta etekin handiena eskuratzeko. Bizi dugun fase honetan, ekonomia produktibotik atera dezakeen mozkina mugatzen ari denez, logika kapitalistan sakontzeko menderakuntza anitzak gogortzen ari da.

- Horren muturreko ondorioa klima aldaketarena da. Planetaren baliabide mugatuen neurri gabeko ustiaketan oinarritzen da sistema eta klima aldaketa atzera bueltarik gabeko puntu baten atarian dago. Eta jakina, planetarik gabe ez dago bizitzarik.
- Era berean, ikuspegi produktibo batetik “soberan” dauden pertsonak sistematik kanporatu edo hiltzen ditu. Nekropolitika da adibidez Mediterraneoan edo Ertamerikan etorkinekin gertatzen ari dena.
- Autoritarismoa eta faxismoa areagotzen ari dira, neoliberalismoari eusteko erregimen politiko funtzional bezala. Argi geratzen ari da politika neoliberalen eta demokraziaren arteko bateraezintasuna.
- Genero ierarkia patriarkala zorrotz mantendu behar du eta indarkeria matxistaren ondorioz munduan milaka emakume erailtzea naturalizatuta dago…

Eta testuinguru honetan… Prekaritatea ere eraldatu egin da. Kapitalismoaren historian nolabait ziklikoa edo orokortu gabeko egoera izatetik, egiturazkoa edo arau nagusi izatera pasatu da. Prekaritatea orden berri baten ardatz nagusietako bat da. Lanaren eta bizitzaren antolakuntzaren erregimen berri bat.

Jarraitu hitzaldia entzuten