Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Pobrezia larria bikoiztu egin da Nafarroan krisia hasi zenetik

Pobrezia larria bikoiztu egin da Nafarroan krisia hasi zenetik

2012/12/05
Krisia hasi zenetik pobrezia larrian bizi den pertsona kopurua bikoiztu egin da Nafarroan. Oso datu kezkagarria da, aditzera ematen duelako, berdin zaigula gure bizilagunak enplegua galtze hutsagatik bazterketara joatea. Beste herrialde batzuetan hau ez da gertatzen. Arrazoia? babes sozial sendoa dutelako. Hemen, berez eskasa zen babes soziala are gehiago murrizten ari dira, alarma egoera batera iristeraino.

Begoña Perez Eransus NUPeko irakasleak honi buruz hitz egin zuen Iruñean Manu Robles-Arangiz fundazioak azaroaren 22an antolatu zuen hitzaldian. Esandakoak duen garrantzia eta interesa kontuan hartuta, hitzaldiaren laburpen bat eskaintzen dizugu hemen bideoan. Bazterketan erortzen ari diren pertsonak kontuan hartzera gonbidatzen gaitu, murrizketa itsuen kontra borrokatzera, babes soziala indartzera eta berregituratzera, babes soziala gehien behar dutenei modu iraunkorrean iritsi behar zaielako bazterketan eror ez daitezen, kotizatu dutena gora-behera.

Familia ugari aiton amonen edo gurasoen pentsioek mantentzen dituzte. 18-34 urte bitarteko gazteen erdia gurasoen etxean bizi da. Eta pobreziari aurre egiteko babes sozialak duen garrantzia azpimarratzeko adibide argigarri bat eman zigun Begoñak: "Danimarkan Estatuak babes soziala banatu aurretik pobrezia maila %40koa da, ondoren %13koa. Hiru aldiz murrizten da pobrezia babes sozial indartsuari esker. Estatu espainiarrean berriz %42ko pobrezia tasa erdira baizik ez da murrizten babes soziala banatu ondoren. Babes sozialerako oso sistema eskasa daukagu."