Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Pentsamendu nahasiak

Pentsamendu nahasiak

2016/09/26
Gaur eguerdian azken aldian hain ezaguna den Arte Ederren museoan egon naiz. Asteazkenetan doakoa da sarrera eta tartetxo bat lapurtu diot neure otorduari eskultura hiperrealisten erakusketa ikustera joateko.

Maite Sorazu, Manu Robles Arangiz Fundazioa

maite sorazu

Gaur eguerdian azken aldian hain ezaguna den Arte Ederren museoan egon naiz. Asteazkenetan doakoa da sarrera eta tartetxo bat lapurtu diot neure otorduari eskultura hiperrealisten erakusketa   ikustera joateko.

41 egunez bertako langileek ateak itxita izan dituzte greba mugagabe baten ondorioz, baina beraiek antolatu duten museo txikia ikusi ahal izan dugu kalean. Beraien eskaerak azaltzen zituen ekitaldi deigarri bat geneukan egunero. Akordio duin bat lortu zen momentuan museoko ateak ireki ziren. Irratian behin eta berriz entzun dut eskultura hiperrealisten erakusketari buruzko iragarkia, argi daukat irailaren 26an bukatzen dela. Bertaratu diren guztiek oso ondo dagoela esan didate, ikusgarria dela, iragarki handia egin dio museoari greba mugagabeak ere.

Pasadan astean nire lehen saiakera izan zen, arratsaldean joan nintzen eta ilarak buelta ematen zion eraikinari, etxera joatea erabaki nuen. Gaur nire bigarren saiakera izan da, oraingoan eguerdian joan naiz, norberak bere akatsetatik ikasten du eta.

Barruan nago, pozik nago, zer ikusiko dut? Denok begiratzen gaituzten hiru alu beraien gorputz biluztuekin ikusi ditut, bai! benetan egiazkoak ematen dute. Argazkizale asko dago, zorionekoak beraiek, egun ona da, erakusketa honetan argazkiak atera ahal dira, ez ordea hiru gorputz biluztuei. Hara hor nor dagoen, ezaguna dut zaintzailea. Hamar segundo berarekin hitz egiteko ere ez ditut izan, argazkizaleekin oso lanpetuta dago, hiru aluei argazkiak ateratzea debekatuta dagoela ez omen dira konturatu.

Emakumeen hiru gorputz biluztuak ikusi ondoren gizonen gorputz biluztuen bila aritu naiz segundo pare batez, neure senak bertan egon beharko liratekeela esan dit, badirudi hiperrealismoan gizonen gorputz biluztuek ez dutela inongo interesik.

Pentsamendu nahasiak izan ditut museotik atera naizenean, oso deigarria izan da erakusketa, baina niri zakil falta eta aluek jendearen gain sortzen zuten jarrera deigarriagoa egin zait.

Badirudi ez direla akordioa betetzen ari, badirudi inork ez duela inor errespetatzeko interesik. Greba mugagabe berri bat egonez gero ni berriro bueltatuko naiz, ea orduan bai, aldaketa ikusten dudan.