Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Palestinako lan-borroka garaikideen dialektika

Palestinako lan-borroka garaikideen dialektika

2018/05/23
Lan erreformak, pentsioen erreformak, interes pribatuak lehenesten dituzten bankuen babesa, politika neoliberalak... eta langileek hau guztiaren ondorio larriak pairatzen dituzten bitartean, askapen nazionalaren izenean auzi hauei aurre egiteko garaiak ez omen dira Palestinan. Zisjordaniako unibertsitateko Nithya Nagarajanen artikulu pare bat argitaratu dugu Dokumentuak sailean.

Palestina lan-borrokakDeskargatu dokumentu osoa

“Lehen Palestinaren alde egiten genuen borroka, orain irin-zaku bat lortzea da gure erronka”

Sarrera

2012an, Zisjordanian petrolioaren eta elikagaien prezio-igoeraren kontrako manifestazioetan protesta egiten zutenek halaxe oihukatzen zuten: “Lehen Palestinaren alde egiten genuen borroka, orain irin-zaku bat lortzea da gure erronka”. Goiburu horrek ondo biltzen ditu lan-munduak gaur egun pairatzen duen uztarri bikoitza: alde batetik, kolonoen indarkeria erregularra, eta, bestetik, langileen aurkako oldarraldi global neoliberala. Biak ala biak egiturazko fenomeno ideologikoak dira, mundu mailan kapitala izaten ari den aldaketetatik sortuak. Palestinari buruz hainbat azterlan egin dira azken aldian, eta guztietan agerian geratzen da gobernu-eredu neoliberalaren edo kapitalismo berantiarraren logika eskutik doala Israelen proiektu kolonialarekin (ikusi Hanieh, Haddad, Bhungalia, Tabar).i Alabaina, oraingoz ez zaio arreta handirik jarri Palestinako lan arloko politikari, nahiz eta langileen protesta jendetsuen eskutik aspaldiko herri-mobilizazio handienetakoak izan diren Osloko Akordioez geroztik.

Analisi hauen irakurketa egitean, testuinguru historikoa oso aintzat hartu behar da; izan ere, Palestinako langile-erakundeak borroka nazionalistaren eta anti-kolonialaren mendekotzat hartu izan dira historikoki (Beinin eta Lockman; Aruri). Baina 2011ko matxinada arabiarren argitan agerian geratu zen klase-borroka zeinen garrantzitsua den eskualdeko politika garaikidea ulertu ahal izateko (Joya et al; Beinin eta Lockman; al-Nasseri et al.). Palestinari buruzko azterlanetan lan-arloa alde batera uztea are esanguratsuagoa da kontuan hartuz gero lan-borrokaren molde berriak alderdien aparatutik ihes egiten saiatu direla, eta Oslo ondorengo proto-estatuak lan-identitate aktibistaren kategoria berriak sortu zituela eta praxi-eremu berriak garatu zituela. Bigarren Intifadaren ondoren Langabetuen Sindikatua sortu zuten, Israelek eskulan palestinarrari bere merkaturako ateak itxi ondoren langabezian geratu zen jende oldea ordezkatzeko. Sindikatu horrek ahalegina egin zuen komunitateetan sare- eta erakunde-estrategia berriak lantzen, ikusirik produkzio-zentroetan langileak ez zirela gai beren burua antolatzeko. Hamás alderdiak 2006ko Palestinako hauteskundeak irabazi eta lasterrera, Sindikatu Independenteen Federazio Nagusia sortu zen, Palestina Askatzeko Erakundearen (PAE) lan-federazio ofizialen oposizio gisa. 2016ko apirilean, Gizarte Segurantzaren 6. legearen aurkako kanpainetan, koalizio berriak sortu ziren sindikatu, GKE eta alderdi politikoen artean, langileen mobilizazio berriaren adierazle. Azken aldiko historian lan-protesta handiena Irakasleen Mugimendua izan zen. 2016. urtean, eskola publikoetako 35.000 mila irakasle mobilizatu zituen protesta horrek eta ordezkaritza-egitura horizontalak baliatu zituen: greba-batzordeak hain zuzen (Israelen okupazio militarraren garaian, 1967tik 1993ra, sortutako batzorde klandestinoak izan ziren greba-batzorde horien ernamuin).

Palestinari buruzko azterlan garaikideetan lan-munduaren egoera alde batera uzteak historiografia marxistaren ikuspegi bat gogorarazten digu: historia modu dialektikoan irakurriko badugu, ezinbestean ohartu behar dugu kapitalaren eraginez eratzen direla formazio sozialak, bai, baina baita kapitalak eragindako triskantzen aurrean batzuek eta besteek agertutako erantzun eta erresistentziaren bidez ere. Bada, Palestinako historia sozial garaikidea ulertuko badugu, lanaren ikuspegitik eta historia horren eta herrialdearen etorkizunaren muinean dagoen kontrolaren eta erresistentziaren arteko harreman dialektikoaren ikuspegitik aztertu behar dugu ezinbestean.

Jarraitu irakurtzen...