Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Owen Jones:"Langile klasearen sentimendu solidarioarekin amaitu nahi dute"

Owen Jones:"Langile klasearen sentimendu solidarioarekin amaitu nahi dute"

2015/12/01
Langile klasearen kontrako joera bat zabaltzen ari da, langile jendea demonizatzeko asmoz. Britainia Handian aspalditik hasi zitzaizkigun esaten guztiak klase ertainekoak ginela, lehengo langile klasea desagertua zela jada, eta gelditzen ziren apur guztiak alperrak, nagiak, gaizkileak, antisozialak... zirela. Chav hitzak ideia hori laburbiltzen du: langile klasetik gelditzen denaren degenerazioa. Hitz zatarra da, jendea gaizkile bihurtzeko eta, askotan, jendeari bizi dituen baldintza sozialen errua botatzeko.

Owen JonesOwen Jones-i Salvados programan azaroaren 22an egin zioten elkarrizketaren transkripzioa

Ikusi bideo osoa

Normalena da, gaur egun, klase ertaineko sentitzen den jendea topatzea, nahiz eta langile klasekoa izan. Janari bizkorreko kate batean lan egiten zuten langileek esango zidaten adibidez: “Gobernuak ez du zaintzen gu bezalako klase ertaineko jendea” eta “klase ertaina” espresioa erabili zuten nik “langile klase” erabiliko nukeen lekuan. Hori langile klasearen demonizazioak eragin du, zenbait pertsonak “Bai, langile klasekoa naiz eta harro nago”esan ordez dio: “Ez, nik klase ertaina izan nahi dut”, berritzailea eta autentikoa iruditzen zaiolako, eta ez delako zerbait negatiboa. Arazo handi bat dugu hor.

“Zuk gogor egiten duzu lan, zuk zergak ordaintzen dituzu, baina langabetu hori bikain bizi da zuk ordaintzen dituzun zergei esker. Ez duzu zure nagusiarekin haserretu behar soldata txikia ematen dizulako, ezta gobernuarekin ere zerbitzuak murriztu dizkizulako, langabetuarekin haserretu behar duzu”

Modu berean, azken urteotan, gure arazoen errua bizilagunei botatzeko saiakera bat dago. Esaten digute “Zuk gogor egiten duzu lan, zuk zergak ordaintzen dituzu, baina langabetu hori bikain bizi da zuk ordaintzen dituzun zergei esker. Ez duzu zure nagusiarekin haserretu behar soldata txikia ematen dizulako, ezta gobernuarekin ere zerbitzuak murriztu dizkizulako, langabetuarekin haserretu behar duzu”. Divide y venceras hau oso eraginkorra da mendebalde osoan, eta jendea bultzatzen du bere interes ekonomikoen kontra bozkatzera. Geroz eta gutxiago dira hauteskundeetan bozkatzen duten pobreak. Britainia Handian zenbat eta pobreago izan, bozka emateko hainbat eta aukera txikiagoa. Jende pobrea nahi adina zigortu dezake gobernuak, ez baitago zigorrik hauteskundeetan.

Langile klasearen irudi negatibo hau Margaret Thatcherrekin hasi zen. Berez, pobrezia eta langabeziari buruz dugun pertzepzioaren aldaketa eman zen. Lehen arazo sozial gisa ikusten zirenak, gobernuak konpondu behar zituen bidegabekeriak, 80. hamarkadan arazo indibidualtzat hartzen joan ziren. Baita Britainia Handian langabezia masiboki handitu zenean ere, gobernua salatu ordez, langabetuak ziren errudunak. Pobreziarekin berbera gertatzen da: “Gogor lan egingo bazenu, pobre izateari utziko zenioke”.

Pobrezia eta langabeziari buruz dugun pertzepzioaren aldaketa eman zen. Lehen arazo sozial gisa ikusten zirenak, gobernuak konpondu behar zituen bidegabekeriak, 80. hamarkadan arazo indibidualtzat hartzen joan ziren

Thatcherrek zioen gizarterik ez zegoela, soilik indibiduoak eta bere familiak existitzen zirela. Boterera iritsi aurretik, kontserbadoreek zioten Britainia Handiko arazoa ez zela klaseen existentzia, klase sentimendua existitzea baizik. Berak klase sentimendu solidario horrekin amaitu nahi zuen eta sinetsarazi nahi zuen bakoitza bere esfortzuz garatzen dela.

Oraindik Thatcherren Britainia Handian bizi gara, herrialdea eraldatu baitzuen. Bakoitza berera doan gizarte bat sustatu zuen. Jarrera hau oso hedatua dago eta politikari zein kazetariek lau haizetara zabaltzen dute. Herrialde honetan jendeak uste du zerbitzu sozialetan gastatzen dugun %27a iruzurra dela, nahiz eta iruzur hori, benetan, %0,7koa izan. Jendeak sinisten du laguntza sozial oparoak ditugula, Europako laguntza txikienetakoak ditugunean,. Zergatik da hori? Medioek desinformatu egiten dutelako, jendea bere artean lehiatzera bultzatzeko asmoz.

Herrialdeko ia prentsa osoa komunikabide talde txiki batek kontrolatuta dago, eta bere indarra eragin politikoa irabazteko erabiltzen du. Azken hauteskundeetan kontserbadoreek botoen %37a jaso zuten, baina medioen %70ak egiten du kontserbadoreen alde. Kontuan hartu behar da, kazetaritza ingurune pribilegiatuetatik datorren jendez josia dagoela, zaila baita medioetan lan egitea, kobratu gabe lan egin ezin baduzu behintzat. Hori hala, medioek ez dute arreta jartzen herrialdea desastre ekonomiko honetara ekarri duten bankariak bezalako boteretsuengan, fokua pobre eta etorkinengan jartzen dute. Adibide muturrekoak eta antipatikoak bilatzen dituzte eta guztien isla bailiran saltzen dizkigute.

Lan merkatuan sartzeko denbora tarte batez doan lan egin behar duzu, edo master oso garestiak egin, eta beti dago jendea halakoak egiteko aukerarik ez duena

Laguntza jasotzen duten pobreak bilatzen dituzte eta adibide txarrenak hautatu. Adibidez: emakume batek bere alaba bahitu zuen orain urte batzuk, Yorkshiren. Bahiketaren aitzakian medio sentsazionalistetatik dirutza jasotzea zen emakumearen helburua. Egia azaleratu zenean, medioek saldu zigutena izan zen istorio honek ederki islatzen zuela langile klasearen bilakaera, azpi klase bat bihurtzera iritsi dela iradokiz. Zabaldu zen ideia izan zen babes ofizialeko etxebizitzetan bizi den jende guztia alaba bahitu zuen emakumea bezalakoa dela, emakume horrek, talde sozial osoa baino, bere burua besterik ez duela ordezkatzen esan ordez. Agerikoa da halako auzoetan amek ez dituztela beren seme-alabak bahitzen dirua ateratzeko asmoz, baina halaxe kontatu zuten medioek, emakumea talde sozial osoaren ispilua zela ulertaraziz.

Dirudunekin ez dute horrela jokatzen. Herrialde honetan izan zen Harold Shipman izeneko doktore bat. Saileko hiltzailea izan zen, bere pazienteak pozoitu eta hil zituena. Imajinatu hedabideek diotela “hau da klase ertaineko adibide bat”. Barregarria litzateke. Bere burua besterik ez du ordezkatzen, bere ingurune sozialak ez du zerikusirik hilketa horiekin.

ChavsMedioek langile klasearen irudi txarra zabaltzen dute etengabe, “Subsidioen kalea” bezalako programak eginez. Ez dugu programarik aurkituko “Bankarien kalea” edo “Zerga iruzurgileen kalea” bezalako izenekin. “Subsidioen kalea” programaren ekoizleari galdetu nion zergatik ez zuten egiten aberatsen portaera makurrei buruzko programarik. “Ez zait interesatzen” izan zen bere erantzuna.

Bada beste programa bat “Lotsagabea” izenekoa, Manchesterreko babes ofizialeko auzo batean girotua. Auzo kaotikoa zinez, drogazalez josia, mundu guztiarekin larrutan eta egun guztia parrandan dabilen jendez betea… Ez dut uste babes ofizialeko auzoko biztanleek programa ikusi eta pentsatuko dutenik: “Hori ni naiz”. Barre egiten dute eta ez dute iraintzat hartzen. Ordea, bertan bizi ez den eta bertako jendea ezagutzen ez duen klase ertaineko batek programa ikusten duenean, pentsatzen du auzo horietako jende guztia halakoa dela. Desberdintasunez gainezka dagoen gizarte segregatu batean, arriskua da klase ertainak pentsatzea dokumental bat ikusten ari dela, benetan karikaturetan oinarritutako entretenimendurako programa bat besterik ez denean.

Nire ustez klase sistema presondegi bat bezalakoa da. Jendea harrapatzen du herrialde aberats batean existitu beharko ez zuten zirkunstantzietan. Lehen desorekak jaiotzean hasten dira: janaria, etxea… Londresen bizi gara, munduko hiririk garatuenetakoan, baina lau gaztetik bat gain okupatua dagoen etxe batean bizi da. Horrek eragin handia du osasunean, ongizatean eta heziketan. Berdina gertatzen da soldata gabeko bekadunen kontuarekin. Lan merkatuan sartzeko denbora tarte batez doan lan egin behar duzu, edo master oso garestiak egin, eta beti dago jendea halakoak egiteko aukerarik ez duena. Aberastasunaren arabera diskriminatzen da jendea eta ez norberak dituen gaitasunen arabera. Pentsa, langile klaseko bizi estandarrak inoizko erorketarik handiena izan du Victoria erregina tronura iritsi zenetik, 1870 inguru. Groteskoa da, justifika ezina.

Dena den, hau guztia alda dezakegula uste dut. Ezinezkoa da inolako borroketan engaiatzea itxaropenik gabe. Itxaropenak diosku bidegabekeria eta arazo guztiak behin-behinekoak direla, gainditu daitezkeela determinazio egokiarekin. Eta herrialde honen historiak, eta beste herrialdekoak ere, erakusten du aldaketak ez datozela boteretsuen eskuzabaltasunagatik. Boteretsuak ez dira egun batean jaiki eta esaten hasten: “Eskuzabal sentitzen naiz, emakumeei bozkatzeko aukera emango diet”. Jendeak borroka egin zuen Gizarte Segurantza lortzeko, sindikalistek borroka egin zuten langileen eskubideak eskuratzeko, eta langileek ikusten dutenean erasotuak direnean borrokatu eta irabaz dezaketela, besteentzat adibide bihurtzen dira.

Feudalismotik hona aurreratu dugu, borroka egin genuen bidegabekeria horiek gainditzeko. Hobera joan behar dugula suposatzen da, segurtasun eta erosotasunean hobetu, baina azken urteotan atzerantz goaz. 2008an ezkerrak pentsatu zuen: “Merkatu libreak sinesgarritasuna galdu du. Irabaziko dugu”. Ez genituen ideiarik, ordea, erresistentziarako sloganak besterik ez genituen: “Murrizketarik ez”; “pribatizaziorik ez”. Eskuinak ez ditu halako hitz teknikoak erabiltzen. Zentzu komuneko hitzak erabiltzen ditu, egunerokoak. Eta ezkerrak topatu behar du komunikatzeko modu berri bat, eta eskuinari begiratuz ikasi. Irabazteko modu bakarra da jendea bilduko dituen alternatiba koherenteak edukitzea.

Gakoa ez da jendea langile klasea izateaz harro sentitzea. Klasea desberdintasun egoera bat da, desagertu beharrekoa. Gustatuko litzaidake egun batean klaserik gabeko gizartea lortzea eta nire ustez horretarako borroka egin behar dugu, gainditzeko egun pairatzen ditugun aberastasun eta botere banaketa ikaragarri eta bidegabeak. Horrek suposatzen du oraingoa ez bezalako gizarte bat eraiki behar dugula. Ez da identitatearekin eta harrotasunarekin zerikusia duen zerbait, botere eta aberastasun desberdintasunarekin amaitzea da kontua. Hori da interesatzen zaidana.