Occidental Bilbao hoteleko Kellyen lau izarreko garaipena

2018/03/14
IzantaEsan6portada.jpg
Occidental Bilbao hoteleko gela garbitzaileek, Kelly izenez ezagutuak, 6 eguneko grebaren ondoren 4 izarreko garaipena lortu zuten orain dela urte bete. Gatazka haren kontakizuna bildu eta "Izan ta Esan" sailean argitaratu dugu. Hemen dituzu argitalpena bera eta Aiala Elorrietaren sarrerako hitzak.

Occidental Bilbao HotelaIzan ta Esan 6
OCCIDENTAL BILBAO HOTELA: Lau izarreko garaipena
Aiala Elorrieta

Dokumentu osoa hemen

Sarrera

Inoiz sentituko zenuten etxetik kanpo egon zaretenean, hotel bateko gelan sartu eta erabat liluratuta sentitzea norkbere etxean topatzen ez duen txukuntasunarekin. Garbitasuna, ordena eta tolesturarik gabeko izara zuri-zuriak ohe gainean. Zer ezkutatzen da, baina, xahutasun horren atzean?
Nahiago genuke magiaz iratxoek egin dutela sinistu, baina jabetu gaitezen txukuntasun horrek estali ohi duen lan prekario eta ikusezinduaz.

Liburuxka honen helburua gatazka horretara gerturatzea da, emakume hauen bizipena hurbilagotik ezagutu ahal izateko. Ostalaritzaren munduaren eta, kasu honetan, Occidental-Bilbao hotelaren izarren atzean zelako esplotazioa existitzen den erakutsi nahi dugu

Kontatzera goazen gatazka lan hau egiten duten emakumeen greba da: 2017ko martxo hasieran, Bilboko Barceló-Occidental hotelak gelak garbitzeko azpikontratatzen duen SAMSIC enpresako emakume langileena. Gatazkaren beste muturrean, gelen garbiketa egiteko outsourcing bidez azpikontratatuta dagoen enpresa dago, subrogazio eskubidea bermatzen ez duena eta Ostalaritza Hitzarmena aplikatzeari muzin egin nahi diona. Ezaugarri hauek sektore prekarizatu eta feminizatuan gertatzen direnean, eztanda egiteko moduko osagaiak dauzkagu.

Azken urteotan ostalaritzak martxan jarritako estrategietako bat da outsourcinga. Geroz eta sektore gehiago dira, outsourcingaren bitartez lanpostuak kanporatzen dituztenak, azpikontratatutako enpresek miseriazko baldintzetan bereganatu ditzaten. Outsourcingak esan nahi du hotelak azpikontratatzen duen enpresa aldatzen duenean, langileek kalera joateko aukera handiak dituztela. Outsourcingak esan nahi du, langile azpikontratatuek hoteleko plantillakoek baino lan baldintza nabarmen prekariagoak dituztela.

2017ko martxoaren 31n, azpikontratazioaren epea amaitzera zihoanean, SAMSICen lanean ari ziren emakumeek mehatxu garbia jaso zuten. Hoteleko kudeaketaren arduradun batek jakinarazi zien ez zituztela hotelean nahi: gelen garbiketa zerbitzua  enpresaren esku lagako zutela eta beraz kalera joango zirela.  CONSTANT, ostalaritza sektorean jarduten duen enpresa erraldoia da, Bilbon NH eta Hotel Nervion-en garbiketa daramana. Ezaguna da baita ere Ostalaritza Hitzarmena aplikatu ordez, langileei enpresa hitzarmena aplikatu ohi dielako. Hitzarmen ez duin bat aplikatzeak dakarzki 800 eurotara iristen ez diren soldatak, emakumeei garbitzen duten gela bakoitzeko 2,22 euro eskas ordaintzea.

Azpikontratazioaren iraungitzeak erabat kolokan jartzen zituen SAMSICeko bederatzi langileen lanpostuak: martxoaren 31n kaleratuak izango ziren. Egoeraren larritasunaz jabetuta, haietako zazpik ekin zioten grebari sindikatuaren babesarekin.

Liburuxka honen helburua gatazka horretara gerturatzea da, emakume hauen bizipena hurbilagotik ezagutu ahal izateko. Ostalaritzaren munduaren eta, kasu honetan, Occidental-Bilbao hotelaren izarren atzean zelako esplotazioa existitzen den erakutsi nahi dugu. Baina horrekin batera, langileek, antolatzen direnean, egoera eraldatzeko duten gaitasuna ere nabarmendu nahi dugu.  Egia da Outsourcinga geroz eta hedatuago dagoen fenomenoa dela: bereziki zabalduta dago ostalaritza sektorean baina gainontzeko sektoreetan ere finkatuz doa. Baina hedatuz doaz baita ere sektore hauetako langileak antolatzen direnean eskuratzen diren garaipenak.