Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Nola kontrolatzen da Kutxabank %30arekin?

Nola kontrolatzen da Kutxabank %30arekin?

2014/05/30
Eztabaida zabal eta sakona behar da Kutxabanken etorkizunaz. Egun proiektu pribatua da dagoeneko, bere akziodunen menpe dagoena, baina bere akzioduna gaur gaurkoz, oraindik kontrol publikopean dago. CANekin gertatu dena hor dago, eta kasu desberdinak izanagatik ere, hura handitzea ere ezinbestekoa zen... dena galdu arte. Alemanian aurrezki kutxak txikiak dira, haien lurraldeetara lotuak daude eta ez dute inongo asmorik banku bihurtzeko eta handitzeko. Ez da ezinbestean handitu behar finantza munduan bizirauteko. Frantzian mailegu kooperatiba txikien presentzia handia da eta Euskal Herrian ere beste finantza kooperatiba batzuk ez daude desagertzekotan. Eztabaida lau haizetara zabaltzea ezinbestekoa da. Orain, gainera, hauteskundeak pasatu dira eta hori posibleago da. Gizarte helduak tinko aldarrikatu beharko luke eztabaida, klase politiko arduratsuak hori bermatu beharko luke.

Xabier Letona, Argia 2014-06-01.

Kutxabank zer da orain? Zer izango da etorkizunean? Eta zer nahi dugu izatea? Ez da finantzetan aditua izan behar galderei erantzuteko, baina ezagutu behar dira auziaren klabeak eta eztabaida askatu behar da: Kutxabankek proiektu publikoa izan behar du ala pribatua?

Kutxabank gaur egun banku bat da, baina ezohiko bankua, hiru aurrezki kutxek osatutako bankua. Esan dezagun, finantzen mundu globalak eta finantza krisiak bultzatuta, Espainiako agintariek behartutako prozesuaren ondorioz, aurrezki kutxak banku bihurtzera bultzatu dituztela. Horren ondorioz, BBK, Kutxa eta Vital Kutxak beren negozioa Kutxabanken esku utzi zuten 2011n, baina haren akzio guztiak mantenduz (BBK-k %57, Kutxak %32 eta Vital Kutxak %11).

Legeen ustezko bultzadaz gain, estilo eta finantza filosofiaz ere egiten ari zen hau guzti hau, eta banku berrian Mario Fernandezek ordezkatu izan du estilo hori. Funtsean honakoa da: gaur egungo finantza munduan lehiakorra izan eta bizirauteko hazi egin behar da eta Kutxabank posizio onean dago hazteko eta lehiatzeko. Nola? Bere baitan kapital pribatuari lekua eginez. Sumatzen zen halakorik, baina otsailean publikoki jakinarazi zuen aurten hasiko zela bide hori. Fernandezek ez du zehaztu kapital pribatua jabegoaren zein ehunekora hel daitekeen, baina iradoki da %70era ere iritsi daitekeela. Beraz, %30a da BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak osatutako fundazioaren esku geratuko litzatekeena.

Lehen begiratuan eskandalua itzela da, prozesu honetan oraindik ere proiektu publikoa den zerbait esku pribatuetan jartzen delako. Bide hau sostengatzen dute EAJk, PSEk eta PPk, hauen ustez haztea ezinbestekoa delako eta biziraupenerako klabea delako. Gainera, zenbat eta handiagoa, negozio gehiago, irabazi gehiago, eta beraz, ekintza sozialerako diru gehiago.

ELA-K maiatza hasieran oso kritika gogorra kaleratu zuen eta txosten zabal baten bidez kritikatu du pribatizazioa. EAJk babestutako lapurreta litzatekeela salatu du. Txostena ELAren webgunean dago eta bere salaketa guztia argudiatzen da bertan. Jeltzaleek ere oso gogor erantzun zioten, baina argudioetan oinarritu eta txostenari erantzun beharrean, ELAk alderdi politiko bihurtu beharko lukeela erantzun zuen eta EH Bilduren tesietara lerratzea leporatzen zion. ELAren txostena irakurtzen duen edonork ikusiko du, aldiz, ELA oso kritiko agertu dela Bildurekin, honek 2011n Kutxabanken sorrerari baiezkoa eman ziolako.

EAJ oraindik ez da sartu argudioei publikoki erantzutera eta Iñigo Urkullu lehendakaria beraren adierazpenak Mario Fernandezengan duten konfiantza osoa adieraztera mugatu dira. Baina, erbia altxa ondoren, Fernandezek ez du tiro bakarra bota eta ez da batere ezagutzen pribatizazio horren nondik norakoaz. Udazken hasierarako izango ei dira erantzunak eta prozesuaren nondik norakoak.
Pribatizazioaren aldekoen ustez, iazko abenduan Espainiak onartutako Aurrezki Kutxen eta Banka Fundazioen Legeak horretara bultzatzen du Kutxabank, baina ziur dira BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak osatutako fundazioak kontrola dezakeela bankua nahiz eta, adibidez, jabegoaren %30 baino ez izan. Hori nola egiten den ez du inork azaldu eta, areago, ezta ere nola berma daitekeen etorkizunean. Kapitalaren munduan ezinezkoa da gutxiengoarekin boterea kontrolatzea, une zehatz batean akaso bai, baina oro har ez. Hori begi bistakoa da. Pribatizazioaren aurkakoentzat aipatu legeak ez du horretara behartzen, ez behintzat bere garapena gehiago zehaztu arte, esate baterako, bankuen jabetzan %50etik gorako jabegoa duten bankuen kaudimenari buruzkoa zertan geratzen den finkatu arte (BBKren kasua, Kutxabanken %57 duelako).

EZTABAIDA zabal eta sakona behar da Kutxabanken etorkizunaz. Egun proiektu pribatua da dagoeneko, bere akziodunen menpe dagoena, baina bere akzioduna gaur gaurkoz, oraindik kontrol publikopean dago. CANekin gertatu dena hor dago, eta kasu desberdinak izanagatik ere, hura handitzea ere ezinbestekoa zen... dena galdu arte. Alemanian aurrezki kutxak txikiak dira, haien lurraldeetara lotuak daude eta ez dute inongo asmorik banku bihurtzeko eta handitzeko. Ez da ezinbestean handitu behar finantza munduan bizirauteko. Frantzian mailegu kooperatiba txikien presentzia handia da eta Euskal Herrian ere beste finantza kooperatiba batzuk ez daude desagertzekotan. Eztabaida lau haizetara zabaltzea ezinbestekoa da. Orain, gainera, hauteskundeak pasatu dira eta hori posibleago da. Gizarte helduak tinko aldarrikatu beharko luke eztabaida, klase politiko arduratsuak hori bermatu beharko luke.