Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Newark San Andrés:“Hemen, erreforma ez dago indarrean”

Newark San Andrés:“Hemen, erreforma ez dago indarrean”

2012/05/09
Iván Giménez eta Unai Oñederra / “Lantegi honetan, negoziazio kolektiboaren azken erreforma ez dago indarrean” lema jar dezakete Newark San Andrés Atarrabiako paper-fabrikako langileek. Erreforma hori geldi daitekela ELAk zioen, baina horretan tinko jarraitzeko ezinbestekoa izan da Atarrabiako adibidea, Newarken gertatutakoa erreformaren aurkako ikastaroetan irakasteko modukoa izan delako, bai enpresaren jokaeraren aldetik bai langileen borrokaren aldetik ere.

Artikulua pdf-n

Alabaina, bi jarrera horiek talka egin ondoren, ia bi hilabeteko gatazka gaindituta, zein izan da irabazle? Antolakuntza, indarra eta sinesgarritasuna erakutsi dituen lehiakidea: geureak, langileak. Hala ere, garaipena erraztu duen faktorea ez da izan, bakarrik, bi hilabete horien lana, baizik eta hogei bat urteko ibilbidea. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen, bilakaera koherente baten ondoren baizik. Emaitza ona erdietsi ondoren sindikalizazioa sendotu egin da, jakina, baina langileen oinarrizko sindikalizazioa lortuta zegoen azken gatazka hasi aurretik.

Eta nola hasi zen gatazka? Modu harrigarri batean: Europarako Newarken zuzendari nagusiak - Catalunyatik etorritakoa, hain justulangileen aurrean antolatutako asanblada batean (2011ko azaroaren 4an): “Newark galbidera doa eta artean indarrean dagoen enpresa ituna bertan behera geratuko da urtearen amaierarekin batera; hortik aurrera, Espainiako papergintzaren hitzarmenak aginduko ditu Atarrabiako baldintzak ere”. Aurrekariek ez zuten baikorrak izateko betarik. Adibidez, Newarkek Tarragonan zeukan lantegian asmo bera azaldu zuen sei urte aurrerago, eta ezer gutxi gertatu zen: bertako hitzarmena indargabetu zen inolako burrunbarik gabe. Jakina, Newarkek ikasi zuen bidea, eta Atarrabian ikasitakoa gauzatzeko unea iritsi zela uste zuen. Eta Espainiako hitzarmenaren aginteak zer ekarri ahal zien Atarrabiako langileei? Ba hasteko, urteko 8.000 euro gutxiago (kontratazio berrientzat, eta soldataren izoztea gainerakoentzat), hiru lanegun gehiago, erretreta okertzea eta hobekuntza sozialen galera. Eta are larriago zena: hemendik aurrera Atarrabian ez negoziatzea, baizik eta Madrilen sinatutakoari men egitea. Besteak beste...

Ordurako, Newarken 150 langileetatik 40bat ziren ELAkideak, baina “10-12 afiliatuekin hasi ginen 1990an”, oroitu zuten Paco Loidik eta Mikel Galdurozek (delegatu oihak). 20 urte jardun ondoren, Kepa Sesma, Andoni García, Jesús Nieto eta Alberto Rodrigoren txanda iritsi zen 2011ko amaieran, ELAko delegatu bezala. “Ez genuen inposaketa hori aitortu nahi; ez genuen nahi Espainiako hitzarmenetik hasitako inongo negoziaziorik; eta orduan geneukan enpresa-akordio hori legezko konbenio bihurtu nahi genuen”, azaldu du Sesmak. Gauzak horrela, enpresaren jarrera zeharo irauli behar zuten, inondik inora.
Langileen asanblada batean (2011ko abenduaren 5ean), ELA, CCOO eta LABeko ordezkariek txandakako bi orduko lanuztea eginteko proposamenak erabateko baietza jaso zuen. Ekimen horren aldeko faktore garrantzitsu bat: eguneko lau orduko lanuzte horrek 13 orduko geldialdia lortuko zuela, Newarkeko makinei geldi-egote ondorengo berotze prozesua asko kostatzen zaielako. Horren aurka, beste faktore bat: enpresa zuzendaritzak paper stock handia zeukan pilatuta biltegi batzuetan, balizko greba bati aurre egiteko tresna bezala. Gauzak horrela, lanuzteei eutsi zizkieten, 9 egunetan zehar, Eguberriak iritsi arte. “Inor ez zen lanera joaten, baina 2012 urtarrilaren 1etik aurrera, estatu hitzarmena hasi ziren aplikatzen; borrokan segitzeko baino ez zitzaigula geratzen argi zegoen”, azpimarratzen zuten Kepa Sesmak eta Alberto Rodrigok.

Arerioren erruak aprobetxatu beharra

Eguberriak igarota, urtarrilaren 9an berriro eutsi zizkien lanuzteei, baina abagune horretan gaueko txandetan ere. Orduan, enpresa zuzendaritzak ez zituen makinak geldirik utzi, stock jada nahiko ahuldua zegoelako eta ekoizteko premia omen zuelako. Gainera, aurtengo lehenbiziko 12 egunetan ekoizpen geldialdia agindu zuen Newarkek, “izugarrizko huts egitea eginez, haren stocka are txikiagoa gelditu zelako”. Langileek ezin zuten aukera hori desaprobetxatu, lan gatazka bat gure abilezia eta indarrari esker irabaz dezakegulako, baina arerioren erruei esker ere. “Greba mugagabearen unea iritsi zen, txandakako lanuzteek gure jendea ahultzen zutelako, enpresen jarrera mugitu gabe: haiek baino egun bat gehiago tinko eustearekin nahiko izango zela konturatu ginen”. Greba mugagabeari baietzak 78 boto jaso zituen, eta ezetzak, aldiz, 24. CCOOk txandakako lanuzteekin segitu nahi zuela, baina ezin.

Greba mugagabearen kronika

Greba mugagabea urtarrilaren 26an hasi zen, eta ia langile guztiak Atarrabiakoak izanik, haien borroka oso modu azkarrean zabaldu zen herrian zehar. Egun berean bertan, adibidez, langileen aldeko mozioa eztabaidatu zen Atarrabiako Udalean, talde politiko guztien atxikimendua lortuz. “Udaleko laguntza (Bildu dago alkatetzan) oso garrantzitsua zen guretzat, herri osoa gurekin zegoela adierazten zuelako, eta laguntza materiala helarazi zigulako”, besteak beste, lantegiaren aurrean ezartzeko akanpalekuaren jaima (holako kanpin-denda handia berogailuarekin eta guzti) eta zegozkien baimenak. “Egun eta gau osoan zehar egon ginen bildurik, Newarki aurre eginez, hor bertan, fisikoki, eta herriko jende andana igarotzen zen bere atxikimendua adierazteko; oso laguntza garrantzitsua zen guretzat”.

Aurrera zihoan greba, langileak denak batera, pitzadurarik gabe... Gauzak horrela, bost egun geroago heldu zen Newarken zuzendaritzaren porrota: “Ez dugu estatu hitzarmena aplikatuko”, zion jerenteak. Bai, atzerapauso ikaragarri hori sahiestua zegoen ordurako, baina hortik aurrera, zer? Soldataren igoera, lanaldiaren iraupena, gainontzeko baldintzak... dena zegoen negoziatu gabe. Bi hilabeteko gatazka latz baten ondoren, abiapuntuan zeuden berriro. Atzerapauso bakar bat ere ez, bai, baina etorkizunari begira, zer?

Orain, enpresa-hitzarmena

“Bide erdia baino gehiago oraindik egiteko zegoela konturatu ziren lankideak”, orduan ohartu zuten ELAko batzordekideek, eta greba eteteko asanbladan agerian geratu zen hutsune hori. “Ez zitzaien nahiko iruditu enpresarekiko adostutakoa, hau da, enpresa-ituna mantentzea, eta eskatu ziguten enpresa-hitzarmena negoziatzea”.

Beste moduan esanda, Newarkeko langileek oso argi zeukaten zein den, akordio moten artean, babes gehien eskaintzen dien legea: enpresa-hitzarmena. Agindu horrekin (langileen %53ko babesarekin), zuzendaritzarekin bilera-sail batean murgildu zen batzordea, konpromiso berri bat lortu arte: 2012ko urtarrilaren 31an, Newark enpresak eta langileen ordezkaritzak Nafarroako Gobernuaren erregistroan sartu zuten greba bukatzeko dokumentu erabakigarria: enpresa-hitzarmena negoziatzeko asmoa. “Argi dago hitzarmen horren edukiak ez daudela sinaturik, baina atzera bota dugu enpresaren hasierako erasoa, hau da, dena Madriletik inposatzea”.

Sindikatu esparrura ekarriz, ondorengo hau da Newarkeko langileek erakutsitakoa: “Negoziazio kolektiboaren erreforma geldi daiteke, eta guk lortu dugu: Atarrabian ez dute indarrean jarriko”, eta bertan gertatutakoa Euskal Herri osora zabaltzerik baino ez dago, tokian tokiko sindikalizazioaren, antolakuntzaren eta, behartzen bagaituzte, borrokaren bidez.