Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Zein da negoziazio kolektiboaren rola proiektu sindikaletan?

Zein da negoziazio kolektiboaren rola proiektu sindikaletan?

2017/10/16
Denboran zehar ikertu ditugun sindikalismoetan negoziazio kolektiboa estrategiarako erreminta bat zen hainbat proiekturentzat. Sindikatuak, mobilizazio indartsuen bitartez, bizitza sozialaren erdigunean kokatzen ziren, oso bestelako testuinguru ekonomiko batean: hazkunde urteetan, Gerra Hotzaren garaian, bi gizarte eredu aurrez aurre ziren garaian, eta langile izaera oso markatuko oinarriak kohesioa lortzen zuen garaian.

Adelheid Hege, l'IRES eta CRIMT-eko ikerlari alemaniarraren hitzaldia "Globalizazioa, lana eta botere sindikala" nazioarteko mintegian

Garai hartan sindikalismoaren ikuspegi zabalagoa zegoen: sozializazio sindikala eta sozializazio politikoa eskutik zihoazen. Esan bezala, testuingurua oso bestelakoa zen.

80 eta 90 urteetatik aurrera, sindikatuekiko atxikimenduak behera egiten duen garaian sartzen gara; sindikatuek afiliazioa galtzen dute. Hala ere, sindikatuen instituzioek eta negoziazio kolektiboak eusten diote, erresilientzia erakutsiz. Negoziazioak erronka berriei erantzun behar die, dibertsifikatu egin behar da, esparru instituzionaletan enplegua eta soldata negoziatzeko. Bertan sartzen dira ere lan baldintzak eta lanaldiak.

Arraroena da ez dagoela eztabaidarik, ez sindikalisten aldetik, ezta ikerlarien aldetik ere, negoziazio kolektiboak eta, modu orokorrago batean, instituzioek proiektu sindikaletan jokatzen duten rolaren inguruan

Eta batez ere ikertzaile sozialek gertutik jarraitu duten fenomeno bat azaltzen da: itun sozialak, zeintzuetan sindikalistak Estatuko eta patronaleko ordezkariekin biltzen diren akordioetara iristeko, batez ere babes sozialarekin lotutakoak. Rol teknikoagoa da, mahai horretan jokatzen dutena. Negoziazioak badirudi aktoreak legitimatzen dituela elkarrizketa soziala ezartzeko. Horrelako kontzeptuak eta solaskide sozialak bezalakoak gailentzen dira Europa, nahiz eta ezezagunak izan Erresuma Batuko eta Alemaniakoak bezalako sindikalismoetan.

Deskargatu diapoak

Aipatzeko da, era berean, sindikalistek zein garapen hau aztertzen duten ikerlariek ez dutela galderarik pausatzen elkarrizketa sozial hauen emaitzei buruz. Badirudi garrantzia handiago duela aktoreek elkarrizketa sozial honi esker lortzen duten protagonismoa, kontzertazio honen bidez lortzen diren emaitzek baino. Negoziazio kolektiboa ahultzen da, defentsiboagoa bihurtzen da. Oso zaila zaie sindikatuen erresistitzea (kontzesioak egin behar dituzte: enplegua, soldata...). Maiz, itun sozialak murrizketa sozialen abiapuntu dira: pentsio erreforma esaterako.

Gaur egungo egoeraz galdetzen badugu, ikusiko dugu 2000tik aurrera Europako sindikatuen baztertze fase batean sartzen garela, bai ikuspuntu politiko batetik, baita ikuspegi soziologiko zein zoial batetik ere. Alemaniako lan erreformak jar ditzakegu adibidetzat.

Gerra osteko itunetan sindikatuen iritzi oso kontuan hartzen zen. Zer gertatzen da, ordea, Schröder-en erreformarekin, Hartz lege bezala ezagutzen denarekin? Lege horiekin negoziazio kolektiboaren eta epe luzeko langabetuentzako ordainsarien lotura mozten dute. Hau kolpe latza izan zen Alemaniako sindikatuentzat, lehen desenplegua saria sektore esportatzaileen hitzarmen kolektiboarekin baitzegoen lotuta, beste sektoreentzat erreferentzi lana egiten zuena. Soldatek maila onargarria zuten, eta baita desenplegatuentzat babesa ere bai (hitzarmenean adostutako diru sarrera antzekoak jasotzen jarraitzen zen).

Hartz erreformarekin lotura hau erabat mozten da: epe luzeko desenplegatuentzat laguntza soziala besterik ez dago. Hau oso gogorra da materialki, nabarmenki igo zen desenplegatu pobreen kopurua, eta jende asko behartu zuen lan txikiak egitera biziraun ahal izateko. Baina sinbolikoki ere izan zuen bere eragina, langile kualifikatu izatetik laguntza sozialen beharra duen pertsona izatera pasatzen zinen enpresa baten berregituraketa batean kalean amaitzen bazenuen.

Sindikatuei argi gelditu zitzaien, nahiz eta indar instituzional handia zutela uste izan, Estatuak erabakitzen zuela zer paper jokatu behar zuten. Mobilizazioren bat antola zezaketen kalean, baina horrek ez zuen estatuaren lege geldituko.

Berbera esan daiteke Frantzian gertatzen ari denaz Macronen lan erreformarekin: sindikatuak jokoan sartzen dira, baina erabiliak dira, azken finean langile klasearen eskubideen murrizketa ekarriko duen jolas bat besterik ez baita

Sindikatuak, hortaz, garai honetan baztertuak dira, Hori ikusten da ere Estatua lan arautegian eskua sartzen hasi baita, baita lan harremanetako gaietan ere. Izan ere, Estatuak sindikatuak jada egin ezin dutena egiten du: Alemanian gutxieneko soldata arautu du ikusten zuelako, batez ere kualifikazio txikiko lanetan, soldatak -sindikatuek negoziatuak izan ala ez- oso txikiak zirela.

Zenbait herrialdetan Estatuak ordezkaritza araudian ere esku hartzen du: lege bidez arautzen du zeinek duen negoziatzeko zilegitasuna, zeintzuk diren sindikatu minoritarioak... hori guztia formula desberdinak erabiliz.

Beraz, honoko paradoxan bizi gara: zurruntasun instituzionala handia da, baina sindikatuak eztabaida sozialetatik baztertuak daude. Esaterako Alemanian argi ikusten da immigrazioaren auzian: gizarte zibilak paper garrantzitsua jokatu zuen lehen errefuxiatu oldea iritsi zenean; patronala etorrera horrek bi belaunalditan izan dezakeen eboluzioaz interesatu zen; sindikatuak missing zeuden (Elizak aktiboagoak izan ziren).

Sindikatuak gero eta gehiago mugatzen da sakabanatuz doan negoziazio esparru desberdinetara. Are, langile desberdinekiko tratu desberdina finkatzea laguntzen ari dira. Estatuaren esku uzten da gero eta jende gehiagoren gutxieneko babesa, eta sindikatuak beren bastioi tradizionaletara mugatzen dira. Aldi baterako langileen kasuan, ikusi da beraientzat sindikatuak eta enpresa batzordea bezalako instituzioak langile egonkorrentzako instrumentuak besterik ez direla.

Ondorioz, instituzionalizazioa tranpa bihurtu da sindikatuentzat. Egia da testuinguru oldarkor bat badela: globalizazioa, eraldaketa teknologikoa, soldatapekoen eboluzioa... kontuan hartzekok dira, dudarik gabe. Baina ekintza sindikalaren despolitizazioak autonomia galera dakar, eta beste aktore batzuk indartzen ditu, malgutasunaren aldeko patronala edo arau sozialak ekoitziko dituen Estatua esaterako...

Dena dela, arraroena da ez dagoela eztabaidarik, ez sindikalisten aldetik, ezta ikerlarien aldetik ere, negoziazio kolektiboak eta, modu orokorrago batean, instituzioek proiektu sindikaletan jokatzen duten rolaren inguruan.