Navarplumako langileek lan ituna lortu dute 41 egunez greba egin ostean

2019/03/14
Orkoiengo (Nafarroa) Navarpluma enpresako beharginak lanera itzuliko dira 41 eguneko lanuztearen ondoren. Borrokak emaitzak eman dizkie, eta lan hitzarmena adostu dute zuzendaritzarekin. Beharginen soldatak %10etik gora igoko dira ahate lumak prozesatzeko fabrika horretan. Hori bakarrik ez; itunak baldintzak arautuko dituen bi urteetan 24 ordu gutxiago izango ditu lanaldiak.

Xabier MartinXabier Martin, Berriako kazetaria (artikulu hau Berrian argitaratu zen martxoaren 13an)

«Lan erreformaren alde kaltegarrienak ere akordiotik kanpo geratu dira, eta aurrerako eragin mugagabea lotu da», jakinarazi zuen Imanol Pascual ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak, atzo. Horrek esan nahi du Navarplumako beharginen borrokak epe luzeko ondorioak izango dituela, bi urte barru ituna berritzen ez bada ere aurrerantzean oraingo hitzarmenak finkatuko baititu baldintzak, epe mugagabe batez.

Ez hori bakarrik: Imanol Pascualek azaldu zuen enpresak egutegi bat egiteko «derrigortasuna» izango duela, «lan txandak finka daitezen, haiek errespetatzeko»

Lumen enpresan hauteskunde sindikalak egin ziren 2018ko apirilean; ELArentzat izan ziren hiru ordezkariak, eta haiek enpresa itun bat galdegin zioten zuzendaritzari, azken urteetan «izugarri okertu zirelako lan baldintzak». Berehala iritsi zen negoziatzen hasteko ezezkoa, eta horrekin batera mobilizazioak.

Soldatak argaldurik zeuden Navarpluman, ELAk azaldu duenez: «Hilero 400 euro gutxiago jasotzen zituzten langileek, batez beste». Zuzendaritza beharginen sinadurak lortuz joan zen soldatak murrizteko, «mehatxupean». Tailerrean diharduten «langile atzerritarren ahultasuna» baliatu nahi izan zuen enpresak. ELAk salatu zuen astelehenetik iganderako lanaldiak egiten zirela, «egutegirik gabe, txanda aldaketak ohartarazi gabe, segurtasun neurririk gabe, eta zigorrekin eta kaleratzeekin». Prekaritate eredu horretan langileen «erabateko kontrola» bultzatu zela zehaztu zuen sindikatuak, «segurtasun kamerak jarrita». Arau urratze horiek lan ikuskaritzaren esku utzi zituzten. Ikusteko dago nola eragingo duen lan itunaren akordioak salaketa horien geroan. Batera edo bestera, 38 langile grebalariak lanera itzuliko dira gaur bertan, baina beste lan baldintza batzuekin.

Esan beharrik ez dago: 41 eguneko grebaren emaitza dira negozioazioa eta hark ekarri duen lan itun berria 2019 eta 2020rako. Soldaten taulak aldatuko dira aurten: atzerapenak jasoko dira, antzinatasuna, mozkinen ordainketa bat, gaueko orduaren igoera eta orain arte jasotzen ez ziren beste hainbat kontzeptu. Hala, soldatak %10etik gora igo, eta lanaldia 24 ordu murriztuko da; igandeetan ez da lanik egingo. Ez hori bakarrik: Imanol Pascualek azaldu zuen enpresak egutegi bat egiteko «derrigortasuna» izango duela, «lan txandak finka daitezen, haiek errespetatzeko». 2020an, berriz, KPIa gehi %1 igoko dira soldatak, baina %3ko muga izango du igoerak, salbu eta KPIa %3tik gorakoa bada.

Erresistentzia kutxa

ELAko kideak erresistentzia kutxarekin lotu zuen grebaren arrakasta. «Ezinbestekoa izan da grebak aurrera egin dezan». Sindikatuko afiliatuen kuotaren laurden batek elikatzen du hilero erresistentzia kutxa hori. «Horri esker irabazi ahal izan dugu greba horrelako egoera batean». Horrekin batera, Arazuri-Orkoiengo enpresako langileen jarrera nabarmendu zuen: «Elkarrekin indar handiagoa egingo zutela sinetsi dute, eta lortu dute».

Navarplumako ELAko ordezkari Momar Diopek indartu egin zuen Pascualen tesia: «Elkarrekin sufritu dugu 41 egunez, bide luzea izan da; familia bat gara, eta langileen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu».