Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Naomi Klein: "Klima-aldaketa da kapitalismoaren aurkako narratibarik indartsuena"

Naomi Klein: "Klima-aldaketa da kapitalismoaren aurkako narratibarik indartsuena"

2015/05/07
Naomi Klein kazetari eta aktibistak liburu bat argitaratu du, gaztelaniaz "Esto lo cambia todo. El capitalismo contra el clima" izenburua duena. Lan honekin agerian uzten du kapitalismoaren eta klima-aldaketaren arteko lotura; batzutan ez dugu argi ikusten, baina txanpon berearen bi aurpegiak baino ez dira. Kleinek lehenago ere salatu izan ditu kapitalismo basatiaren arriskuak, baina orain badirudi amaiera azkartzen ari dela. Bere ondoriorik larriena den klima-aldaketak iraungipen epea ezarri dio sistema neoliberalari.

28. Ingurumen buletina 2015/05/07

Naomi Klein kazetari eta aktibistak liburu bat argitaratu du, gaztelaniaz "Esto lo cambia todo. El capitalismo contra el clima" izenburua duena (gure liburutegian badugu!). Lan honekin agerian uzten du kapitalismoaren eta klima-aldaketaren arteko lotura; batzutan ez dugu argi ikusten, baina txanpon berearen bi aurpegiak baino ez dira. Kleinek lehenago ere salatu izan ditu kapitalismo basatiaren arriskuak, baina orain badirudi amaiera azkartzen ari dela. Bere ondoriorik larriena den klima-aldaketak iraungipen epea ezarri dio sistema neoliberalari. Natura saiatzen ari da ulertarazten eredu ekonomiko guztiz desberdina behar dugula. Klima-aldaketaren auzia hain denbora luzez atzeratu dugunez, irtenbide erradikalak baino ez zaizkigu geratzen. Sistema ekonomiko eta politikoa goitik behera aldatu behar da, sistemaren mamia den hazkundearen logikari aurre eginez.

Naomi Kleinek dio liburu hau aurreko bere lanari (La doctrina del shock) erantzuteko idatzi duela; lan hartan azaldu nahi izan zuen merkatu libreko politika asko ezarri zirela eraldatze sozial handi, desastre eta nahasmendu garaietan. Sistemak dotrina ezartzeko gaitasun handia duela jakinik, irtenbideak bilatu behar dira; jendearen shock dotrina bat, krisiari erantzuteko, demokrazia indartuz eta mundu berdinkoiago bat eraikiaz. Kleinek badu erantzun bat: “klima-aldaketaren justizia. Klima-aldaketa da kapitalismoaren aurkako kontakizunik indartsuena”. Horregatik dei egiten du mugimendu sozialek, austeritatearen kontra daudenek, politika sozialak berreskuratzeko borrokan badihardute ere, ez dezaten klimaren auzia ahaztu.

Kazetariaren arabera, “Europa klima aldaketaren aurkako borrokan aitzindari zen, baina hau ekonomia suspertzeko ahaleginaren poderioz sakrifikatu egin da. Klima-aldaketari aurre egiteko arlo publiko guztia garatu behar da. Emisioak murrizteko jendeak sistema energetikoaren kontrola berreskuratu behar du, eta multinazionalak arautu. Horregatik, austeritatearen aurkako borrokaren eta klima-justiziaren arteko mugimenduen gatazkak aztertzean, jabetzen zara bi joerek bat egin behar dutela”. Hemen ikusi dezakezue Naomi Kleini eginiko elkarrizketa osoa.

ELA bat dator Kleinen iritziarekin. Klima-aldaketa kapitalismoaren ondorioetako bat da; bi horiei jazartzeko bide bakarra sistema aldatzea da. Sistema aldaketa hau izango da Bilbon urriaren 24an ospatuko den Alternatiben Herriaren ardatz nagusia. Egun horretan agerian geratuko da alternatibak badaudela eta martxan daudela.