Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Murrizketez ez da hitz egiten; borrokatu egiten dira

Murrizketez ez da hitz egiten; borrokatu egiten dira

2013/03/26
Zerbitzu publikoen babesa ez da bertan lan egiten dutenen zeregina soilik. Herritar guztion bizia dago jokoan. Eta ez da gehiegikeria bat: osasuna, hezkuntza, ahulenekiko arreta eta babesa (ongizate soziala) eta beste oinarrizko gauza asko arrisku larrian daude. Ez da berriro errepikatu behar Nafarroa gizarte larrialdi egoeran dagoela eta foru Gobernuaren (UPNren zein PSNren eskutik) zein besteen murrizketek, errezeta neoliberalekin tematuta, gauzak okertu besterik ez dituztela egiten.

Ivan GimenezIván Giménez Gil, ELA-Gizalaneko Nafarroako arduraduna

Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoen deuseztapena bizkortzen du eta arro azaltzen da enplegu zuzenen suntsiketaz: hori da bere helburu nagusia eta ez berreskurapen ekonomikoa edo sistemaren eraginkortasuna. Langabeziaren datuek hori azaltzen dute behintzat, hilabete eskasean 479 langabetu gehiago Osasunbidean eta 233 gehiago Gobernuaren beste zenbait zerbitzutan. Gehitu horri Hezkuntzan eraitsi dituzten 800 interinoen lanpostuak. Adibide batzuk baino ez dira.

Gobernu honen benetako aurpegia agerian uzten dute ospitaletako sukaldeetako pribatizazioek, oinarrizko errentaren murrizketa lazgarriak, desgaituentzako arretetako murrizketek, ehundaka atzerritar osasun sistema publikotik kanporatzeak... NUPeko tasen garestitzea, zerga iruzurleekiko tolerantzia edo Madrilen PPk agintzen dituen murrizketa guztiak zuzenean hemen indarrean jartzen dira...

Horren aurrean ezin da mina gutxitzeko estrategian babestu (hori da murrizketak negoziatzea), ezta Gobernuari adierazi Administrazioa nondik ebaki behar den (hori da eta ez besterik langileen berlokalizazioa hurrengo pribatizaziotan edo zerbitzu itxieretan). Politika hori kalean eta lan zentroetan borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen. ELAk zerbitzu publikoen alde kalera ateratzera bultzatzen du, baina azpimarratu nahi du, era berean, horrek zer esan nahi duen (edo zer esan beharko lukeen):

Gobernuari eta murrizketei nolabaiteko babesa ematen dieten (partzialki bada ere) erakunde politiko eta sindikalei enbarazurik egiten ez dien aldarri generikoen aurrean, ELAk dio aldarrikapenek zehatzak izan behar dutela eta zuzenean beren arduradunak interpelatu behar dituztela. Zerbitzu publikoen aldeko mobilizazio batek ospitaletako sukaldeen lehengoratzea ez exijitzea onar al daiteke? Edo batzuentzat gehiegi eskatzea al da, Mediterranea de Catering-ek Rubalcabak Iruñera egindako bisita patrozinatu zuela ikusita?

Hori zenbait mobilizazioetako aldarrikapenen adibide bat besterik ez da. Honez gero dudarik gabe AHTa gelditzeko eskatu behar da (milioietako odolustea hezkuntza eta osasuneko murrizketen bidez finantzatua) edo Gizarte Inklusioaren Lege deitua bertan behera uzteko, 5.000 nafar inolako baliabide gabe utzi baititu. Bada garaia Hezkuntzan, gutxienez, 2010eko ikasle ratioetara eta ikas-orduetara itzultzeko eta behingoz nafar ikasle guztiek, nahi izanez gero, D eredua trabarik gabe hautatu ahal izateko.

Ez da koherentea zerbitzu publikoen eredu berri bat eskatzea Plan Moderna bertan behera uzteko exijitu gabe, Administrazioarekiko paralelo den muntaia pribatu bat besterik ez da, funts publikoak interes pribatuen esku uzten dituena inolako kontrol parlamentariorik gabe. Eta ez dezagun ahantzi Opusentzako Donapearen oparia plan horren barnean kokatzen dela...

Zerbitzu publikoen defentsak murrizketak aurrez aurre borrokatzea eta fiskaltasuna errotik aldatzea eskatzen badu, ELA hor egongo da, beti egon den bezala. Baina hori ez da osagarria kontzertazio sozialarekin, zilegitasuna ematen baitio Nafarroako Gobernuari, honek sindikatu guztiak hurrengo egunean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko duen dekretua emateko soilik deitzen dituenean. Negoziaziorik ez badago mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen eta elkarrizketa sozialean parte hartzeak murrizketa gehiago besterik ez du ekarriko (albo ondorioren bat txikituz agian) Enplegu Plan sonatu hura 2012rako (45 milioi euro) eta 2013rako (33,5 milioi) berritzearen truke, honaino ekarri gaituena: 56.000 langabetuen Nafarroa.