Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Mila aukera edo bat

Mila aukera edo bat

2015/06/01
Kutsatu dezakegu jantzita daramagunarekin, kutsatu dezakegu jaten dugunarekin, kutsatu dezakegu erabiltzen ditugun trasteekin. Petrolioa janzten dugu, petrolioa jaten dugu, petrolioz betea dugu etxea. Zer egingo dugu petrolio merkearen garai amaitu den honetan? Ekainaren 6an Donostiako Antigua auzoan ospatuko dugun Alternatiben herrixkan asko ikasiko dugu horretaz, planetaren mugak errespetatuz eta klima aldaketa apalduz mundu hobea eraikitzen joateko egunero har ditzakegun erabakietaz, bizitza ez baitago aukeraz beteta, bizitza da aukera bakarra

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua., Emeki Kunama

Unai OñederraEguraldia ez dute beti asmatzen. Egia da, bai, bizpahiru egun lehenago jakin dezakegula zer eguraldi egingo duen fidagarritasun handiz, baina ez beti. Ikusgarriak dira tifoiak edo hurakanak Estatu Batuetara gerturatzen erakusten dituzten irudiak. Kostaldera iritsi arteko ibilbidea marrazten dute detaile guztiekin, hirigunera noiz eta zer indarrarekin iritsiko diren zehaztasun osoz iragarriz. Horrela, ebakuazio planak jar daitezke martxan hondamendia gertatu aurretik.

Asko aurreratu da, tifoi edo hurakanen nondik norakoak kontrolatzen ditugu, baina hurakanaren sorrera ez (apur bat ekonomiarekin gertatzen den moduan). Esan beharrik ez dago, hurakanen zein lurrikaren ondorioak oso desberdinak direla herrialdetik herrialdera. Estatu Batuetan edo Japonian eragin dezaketen kalteak ez du zerikusirik Haitin, demagun, eragin dezaketen triskantzarekin. Desberdinatsun hori ez da naturala, gizakiok eragin dugu, eta hurakanak, ere bai. Klima aldaketa geu ari gara eragiten.

Gogoratzen duzue aukera bakarra, edo asko jota bi, genuen garaia? Ez, ez naiz ari frankismoaz, edo bipartidismoaz. Telebista zuribeltzeko katea aldatzeko besaulkitik jaiki behar ginenekoaz baizik (VHF ala UHF). Edo kafetegian, infusioa eskatzean, kamamila ateratzearekin batera “gaizki zaude?” galdetzen ziguten garaiaz. Orain infusioa eskatzen baduzu, mila eta bat gauko lurrinez beteriko menu bat jartzen dizute esku artean. Okindegian, ere, ogi handiak edo txikiak besterik ez zeuden.

Liluragarria da. Aukerak biderkatu dira, supermerkatura, okindegira, izoztegira sartzea besterik ez dago hortaz jabetzeko. Telebista kateak, telefono konpainiak, ginebra markak… Mila eta bat aukera dauzkagu, bai, baina golik ez dugu sartzen.

Kutsatu dezakegu jantzita daramagunarekin, kutsatu dezakegu jaten dugunarekin, kutsatu dezakegu erabiltzen ditugun trasteekin. Gure arropek, elikagaiek eta aparatuek kilometroak eta kilometroak pilatzen dituzte, travell club txartela bailiran. Zaborra ere bost edukiontzitan banatzen dugun arren, petrolioa botatzen dugu edukiontzi urdinera, petrolioa horira, petrolioa edukiontzi marroira. Petrolioa janzten dugu, petrolioa jaten dugu, petrolioz betea dugu etxea. Zer egingo dugu petrolio merkearen garai amaitu den honetan?

Arrazoi dute, libreak gara, baina aukera bi besterik ez ditugu: ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, gure kontsumoak pertsonengan zein ingurumenean eraginik izango ez balu bezala, ala kontsumo konszientea eta arduratsua egin, hartzen dugun erabaki bakoitza mundu hobea eraikitzen duen adreilu bihurtuz

Etengabea izan da gizakiak natura menderatzeko egin duen borroka. Bide horretan eraginkorragoak izateko gizaki gehienak esplotatzera iritsi da sistema, natura gehiago esplotatu ahal izateko. Hala, urtaroekin amaitzea lortu dugu. Meloia jan dezakegu neguan, eskiatzera joan udan. Inoiz baina elikagai gehiago ekoizten da, eta inoiz baino gosetu gehiago dago. Harritzekoa da. Geroz eta gehiago esplotatu behar da natura, geroz eta jende gehiago esplotatu behar da, sistemak naturaren gainetak aurrera egin dezan. Geroz eta desberdintasun handiagoak daude, geroz eta tenperatura altuagoak. Gutxi batzuen ametsak gehiengoen amesgaizto bihurtzen ari dira. Erne! Atzeraezina izan daitekeen aldaketa baten arriskuan egon baikaitezke. Uste dugu natura garaitzear garela, baina, gu ere ez al gara natura?

Jarraituko dute esaten libre garela, eta egun baina aukera ugariago ez dugula inoiz izan. Arrazoi dute, libreak gara, baina aukera bi besterik ez ditugu: ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, gure kontsumoak pertsonengan zein ingurumenean eraginik izango ez balu bezala, ala kontsumo konszientea eta arduratsua egin, hartzen dugun erabaki bakoitza mundu hobea eraikitzen duen adreilu bihurtuz.

Gauzak dauden bezala egonda, azken finean, aukera bakarra dugu, baina aurkera hori egunero jarri behar dugu praktikan

Gauzak dauden bezala egonda, azken finean, aukera bakarra dugu, baina aurkera hori egunero jarri behar dugu praktikan. Ekainaren 6an Donostiako Antigua auzoan ospatuko dugun Alternatiben herrixkan asko ikasiko dugu horretaz, planetaren mugak errespetatuz eta klima aldaketa apalduz mundu hobea eraikitzen joateko egunero har ditzakegun erabakietaz, bizitza ez baitago aukeraz beteta, bizitza da aukera bakarra.