Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Metalgintzako emakume langilea: “Zortzi orduz zutik egon behar eta haurdunarentzat gure lana ez dute arriskutsutzat”

Metalgintzako emakume langilea: “Zortzi orduz zutik egon behar eta haurdunarentzat gure lana ez dute arriskutsutzat”

2019/10/03
Saioa Fernandez Derioko Dibal enpresako langilea da eta ELA sindikatuko ordezkaria. Uztailean, ELAren udako ikastaroetan, hitzaldia eskaini zuen genero diskriminazioa euren haragitan nola bizi duten azaltzeko. Sektore zeharo maskulinizatuan ari da lanean, metalgintzan, eta gainera tailerrean. Berdintasun plana izateko batere beharrik sentitzen ez duen enpresan egiten du lan. Irailaren 30etik urriaren 4ra greban daude Bizkaiko metalgintzako langileak. Emakumeek berdintasun neurriak eskatu dituzte.

Onintza IruretaOnintza Irureta, Argia aldizkarian (Saioak hitzaldi hau Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa mintegian egin zuen)

“Dibal enpresan egiten dut lan eta 2017tik ELA sindikatuko delegatua naiz. Enpresak balantzak, pisuak eta etiketaje ekipoak egiten ditu eta gaur egun 180 langile gara. Urtarrileko erroldaren datuen arabera, %28 emakumeak gara eta %72 gizonak.

Nire esperientzia pertsonalari buruz hitz egingo dut, langile eta ordezkari bezala. 2007an hasi nintzen enpresa honetan lanean eta kontratu mugagabea 2015ean sinatu nuen. Zortzi urtez aldi bateko langilea izan nintzen, sartzen eta irteten, behin behineko kontratuekin, lan zehatzetarako kontratuekin eta ordezkapenak egiten. Gaur egun errealitate berdina daukagu, eta are gehiago emakumeen artean. Aldi baterako langile ibili nintzen garaian, kontratua amaitzerakoan, nahiz eta oso langile fina nintzela eta hainbat goraipatze entzun, inoiz ez zen heltzen kontratu finkoa egiteko momentua. Aitzakia mordoa zeuden. Askotan, enpresari eskerrak eman behar nizkiola sentitzen nuen, lana zegoenean deitzeagatik. Krisi garaian geunden eta inguruko lagun asko langabezian zeuden, baina nik lana neukan nahiz eta prekarioa izan. Egoera bikaina zen enpresentzako. Lana eta laguntza nahasten zituzten eta horrela ezin zinen kexatu.

Ez dago datu ofizialik enpresaren aldetik, baina esan diezazueket ia hamabi urte hauetan ezagutu ditudan lankideetatik bost emakume baino ez garela geratu produkzioan

2007tik sartu-irtenean genbiltzan batzuei kontratu mugagabeak egin zizkiguten. Beste batzuek egoera berean jarraitzen dute. Kasualitatez, gelditzeko erraztasun handienak izan dituztenak gizonak izan dira: bereziki gazteak eta aita izateko garaian. Emakumeen kasuan alderantziz izan da, nahiz eta urte askoz aritu aldi baterako, eta behin eta berriz frogatu behar izan zein ondo egiten genuen gure lana. Adin gehiagoko emakumeak daude, haurrak haziak dituztenak edo teorian behintzat jada umerik izango ez dutenak. Uste dut ni izan nintzela salbuespena: emakumea eta ugaltzeko garaian zegoena. Berria zen hori.

Ez dago datu ofizialik enpresaren aldetik, baina esan diezazueket ia hamabi urte hauetan ezagutu ditudan lankideetatik bost emakume baino ez garela geratu produkzioan, gizonak berriz hogei bat. Alegia, behin-behinekotasuna errazago gertatzen dela emakumeengan. Hala gertatu da behintzat nire sektorean, metalgintzan, eta zehazki tailerreko lanean.

Gure tailerrean behintzat, martxoaren 8ko greba klabea izan zen kontzientzia pizteko. Grebaren bidez borroka eszenifikatu genuen. Gure tailerrean emakume denak elkartu ginen eta lau orduko geldialdia egin genuen eta kalera atera ginen gure lan eta bizitza eskubideak aldarrikatzeko

2017an hauteskunde sindikaletara aurkeztu nintzen ELAren bidez eta aukeratu ninduten. Honetan sartzea erabaki nuen zeren aldaketa behar genuen, bisio berri bat. Enpresan sartu nintzenetik enpresa-batzordearen gehiengoa CCOOk osatzen zuen, eta gehienbat gizonek. Urte asko zeramatzaten batzordean eta enpresan ardura postuak zituzten. Emakume langile gisa ez nuen sentitzen haiek ordezkatzen nindutenik eta ez nuen uste nire beharrak ulertuko zituztenik.

Bi urtean behin negoziatzen den ituna daukagu enpresarekin. Itunak eduki gutxi dauka. Batik bat soldata hobekuntzak lantzen dira. Nahiz eta lorpen xumeak izan itun horretakoak aurrekoak lortutakoak baino hobeak dira.

Soldataz hitz egin daiteke, hobekuntza sozialez ez

Ordezkaria naizenetik bizi izan ditudan bi negoziazioetan tonua bera izan da: kostua izango duen ezeren aurrean ezetz esango duen pertsona baten aurrean eseriko zara. Pentsatzen dut enpresa gehienetan erabiltzen den estrategia klasikoa izango dela. Beti gai ekonomikoaz hitz egin nahi dute eta aurrez pentsatua duten mugaraino.

Hobekuntza sozialei dagokienez, denari ezetz esaten diote, aitzakiak bilatuz edo aitzakiarik jarri gabe. Gure eskaera sozioekonomikoek pertsonen baldintzak hobetu nahi dituzte. Kontziliazio familiarra, ordutegiak zure behar familiarretara egokitzea bezain gauza sinpleei iskin egiten die enpresak. Ez dute ezer idatzita utzi nahi langile talde osoarentzat. Langile bakoitzak bere baldintzak negoziatzea nahi dute.

Beste eskaera bat da udan lanaldi jarraitua egitea. Udan tailerrean daukagun beroa arintzen lagunduko liguke, baina ez dute onartzeko asmorik. Guk uste dugu horrek kosturik ez duela.

Aurten, azkeneko negoziazioan, berdintasun plana sartzea lortu genuen gure itunean. Egia esan, legez derrigortuta daude. Legea baino lehen, enpresak ez zuen uste gai hau lehentasunezkoa zenik. Proposatutako guztietan ezezkoa eman ziguten. Beraiek ez dute ikusten inolako parekidetasun gabeziarik, uste dute nahikoa dela emakumeak lanean ari badira. Baina egunerokoa ez da berdin guretzat. Ez dugu sumatzen borondaterik egoeraren diagnostiko egiazkoa egiteko. Hemen ematen ari naizen datuak, emakumeok lortutakoak dira.

Gure sentsazioa da gure hitzak edo gure lanak ez duela gizonarenak adina balio. Asko daukagu borrokatzeko. Gure tailerrean behintzat, martxoaren 8ko greba klabea izan zen kontzientzia pizteko. Grebaren bidez borroka eszenifikatu genuen. Gure tailerrean emakume denak elkartu ginen eta lau orduko geldialdia egin genuen eta kalera atera ginen gure lan eta bizitza eskubideak aldarrikatzeko. Bitxia da, tailerreko emakume denak atera ginen, enpresako beste eremuetakoak ez ziren asko izan atera zirenak. Gehiago aztertu beharko genuke jakiteko zergatik halako diferentzia. Aurten errepikatu dugu eta Bilbora joan ginen. Greba horiek ahaldundu eta indartu gaituzte. Gure ahotsak entzunak izateko beldurra galtzen ari garela sentitzen dut.

Nire ingurukoei gertatutakoak

Aldarrikatzen jarraitu behar dela adierazten duten adibideak emango dizkizuet, nire ingurukoei gertatutakoak:

  • Soldata arrakalari edo kristalezko sabaiari buruz adibide argi bat daukagu: aurreko itunaren bidez aurreko urteetatik blokatuta zeuden lan kategoriak gainbegiratzea lortu genuen, produkzio sailetik hasi eta gainerako sail guztietara. Desberdintasun garbia azaldu zen: produkzioan egin dituzten kategoria igoera guztietatik emakume bati eragin dio, eta zortzi gizoni.
  • Beste adibide bat. Pare bat arduradun ordezkatzeko jende bila zebiltzan eta gizonek ordezkatu dituzte nahiz eta esperientzia bereko edo gehiagoko emakumeak badauden. Hala, produkzioan ez daukagu emakume arduradunik.
  • Amatasunagatik lanpostua galtzeko beldurra dago. Berri ona izan beharko luke, baina enpresari esaterakoan beldur guztiek gaina hartzen dute. “Hobe zain egoten banaiz zeren bestela ez didate kontratua berrituko”, hori da entzuten dudan esaldia. Enpresak, Mutua ondoan duela, ez du batere erraztasunik ematen haurdunaldian baldintzak hobetzeko. Tailerreko lanpostuetan ez zegoen haurdunaldietako arriskuei buruzko ebaluaketarik eta enpresak abian jarri beharra du haurdunaldi abixua duenean. Baina ez da hala gertatzen eta prebentzio arduraduna naizenez giza baliabideen sailean behin eta berriz eskatu behar izan nuen martxan jar zezaten. Mutuak baiezkoa eman zuen; 34. astera arte ezin dugu baja hartu. Ez dute arriskutzat hartu, nahiz eta zortzi orduz egon behar dugun zutik eta zama jaso behar den. Uste dute nahikoa dela aulki bat jartzea. Kasualitatea, aldi baterako emakume langileei gertatu zaie, nahiago dute gatazkarik ez sortu zeren esperantza daukate haurra izan eta gero lanpostura itzultzeko. Entzun diot enpresari esaten emakumeok hartu dezatela baja familia medikuaren bidez. Horrek ere erakusten du ez dela haientzat intereseko gaia.
  • Beste adibide bat: Ugalketa prozesua hasi ahal izateko baja eman zion medikuak emakume bati. Bere arduradunak sarri galdetu zion ea noiz hasiko zen lanean, eta langileak orduan kontatu zion zein zen bere egoera eta zergatik zegoen bajan. Lan zehatz bat bukatu arteko kontratua zeukan eta orduantxe bukatu zitzaion kontratua. Ezin frogatu duzunez kalean geratuko zara.
  • Lagun batek esan ohi dit ama izan denetik lan merkatuan zigortu dutela. Bera ez da nire lankidea, baina horrek erakusten dit beste enpresetan ere antzeko gauzak gertatzen direla. Bere lanposturako erabat baliagarria zen, baina haurdun geratu zenean kontratua moztu zioten. Hilabete batzuk barru kontratu mugagabea egingo ziotela uste zuen langileak.

Adibide horiek errealak dira eta zoritxarrez gaur egun ere gertatzen dira. Negoziazio kolektiboan ere ikusi dut berdintasuna ez dela garrantzitsua. Orain dela urtebete sindikatuak Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiko kide izatera gonbidatu ninduen. Enpresetan gertatzen den gauza bera errepikatzen dela ikusi nuen. Patronalaren interes bakarra soldatak zifra-tauletara egokitzea da eta gainerako gaiak ez dira lehentasunezkoak. Prekarietatea ezabatzeko eta gure egunerokoa hobetzeko balio duten eskakizunak mahaitik kanpo gelditzen dira. Berdintasunaz hitz egitea egokitu zenean, testu bat aurkeztu zuten, ezertara behartzen ez dituena. Patronalak era guztietako aitzakiak jartzen eta komentarioak egiten ditu: ez dago desberdintasunik, emakume eta gizon langileak berdinak dira, soldata bera jasotzen dute sexuagatik desberdindu gabe… Arazoa, nonbait, sektorean emakumerik ez egotea da, eskulan kualifikaturik ez dutela aurkitzen. Ez diete begiratu nahi lan merkatuan emakumeok aurkitzen ditugun arazoei. Langileen hobekuntzarako bada ere, kostu ekonomikorik ez dute beren gain hartu nahi.

Oraintxe bertan greban gaude”.

Uztailean greban zeuden eta orain ere hala jarraitzen dute.

Mintegiko beste hitzaldi batzuk:
Prekaritatea: bizitza alanbre gainean
"Teknologia jendearen zerbitzura jartzea edo jendearen kontra, klase borroka da"
Soldata arrakalaren aurkako 9 hileko greban ikasitakoak
"Zaharrak muntai kateko produktu gisa tratatzen dira"