Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Martxoak 8an, nik planto!

Martxoak 8an, nik planto!

2018/03/06
Martxoaren 8a emakume langilearen nazioarteko eguna da. Honela esanda, pare bat hitzetan, sinplea dirudi guztiak. Baina bat batean denboran atzera joateko gogoa piztu zait eta XX. Mende hasierara egin dut salto. New York-eko Triangle Shirtwaist Company enpresara hain zuzen ere.

Esther ArrutiEsther Arruti, ELA ETEak Oria Goierri

Izan ere, bertan lan egiten zuten emakumeak beraien lan baldintza prekarioak salatzeko protestak egiten hasi eta grebarako deialdia egin zutenean enpresariak ez zien grebarako eskubide hau onartu nahi izan. Erantzun gisa emakumeek enpresa okupatu zuten, eta enpresariak, ate guztiak itxita, enpresari su eman zion, barruan 129 emakume kiskali zirelarik.

Ez daukagu dudarik badirela martxoaren 8an zerbait egin nahi duten milaka eta milaka gizonezko ere. Gure ustez, beraien amei, alabei, arrebei, lagunei eta lankideei babesa emateko modu onena etxeko zereginetan ardura hartzea da

Eta bat-batean beste salto bat atzera, eta imajinatzen dut lan egiteko eskubidea bera ere borrokatu egin behar izango zutela, baita botorako eskubidea, dibortziorako eskubidea... Zenbat borroka pausu bakoitzean...

Gaur egun borrokak darrai, oraindik emakume langile batek dituen baldintzak, emakume izate hutsagatik, oso ezberdinak baitira gizonarekin alderatuta.

Emakumeen langabezia tasa handiagoa da, eta, lana lortuta ere, Hego Euskal Herrian batez beste gizonezko batek baino 7.500€ gutxiago jasotzen ditu urtero. Okerrena da azken hamarkada aztertuz gero soldata arrakala hau ez dela apenas txikitu. Estatistikek diote erritmoak horrela jarraitzen badu 170 urte beharko direla soldata arrakala desagertzeko, hau da 2.186 urtera arte itxaron beharko genuke!

Nola ez, honek ondorioak ditu jubilazioan ere, gizon eta emakumeek jasoko duten diru kopurua desberdina izango baita. Lanaldi partzialeko kontratuei dagokionez, emakumeak dira mota honetako kontratuetan protagonista. Zuzendaritza postuetan zein politikan berriz ia ez dute presentziarik. Kasualitatea? Hau gutxi balitz, amatasunagatik batzuetan baztertuak izaten dira. Gainera, etxeko egin beharren karga handiena beraien bizkar gainean dute. Eta luza naiteke... Izan ere, 2016an idarkeria matxistagatik 46 hildako izan ditugu (2015ean baino bi gehiago) eta batzuek, oraindik, abortu eskubidea ere eztabaidatu nahi dute. Ez duzu arrazoi nahikorik ikusten egun hau defendatzeko?

Aurtengo Martxoaren 8an lehenengo aldiz greba feminista bat egitea planteatzen da “Emakumeok* planto” lelopean. Eredu ekonomiko honi kritika egin nahi zaio, emakumearentzat zapaltzailea delako. Lan produktiboaz eta erreproduktiboaz ausnartzera bultzatu nahi da jendea, kaleak emakumez betez. Izan ere, emakumeek beraien lana, zaintza eta etxeko funtzioak egiteari utziko baliete sistema kapitalista heteropatriarkal hau erabat kolapsatuta geratuko litzateke, hankaz gora.

Dena dela, ez daukagu dudarik badirela martxoaren 8an zerbait egin nahi duten milaka eta milaka gizonezko ere. Gure ustez, beraien amei, alabei, arrebei, lagunei eta lankideei babesa emateko modu onena etxeko zereginetan ardura hartzea da, ume eta ezinduak zaintzea, lankideen postuak zaintzea, babesa ematea, eta egunero desoreka hauek guztiak salatzea. Honela emakumeek greba egitea ahalbidetuko dute.

Hau guztia (eta askoz gehiago) dela eta, Martxoaren 8a emakume langileen eguna baino askoz gehiago da: Emakume borrokalarien eguna da!!

Martxoak 8an nik planto!!!