Marotori aurre egin, eskubide unibertsalen alde borrokatuz

2014/12/30
Zergatik pentsatzen du jendeak Marotok arrazoi duela?; eskubideen unibertsaltasunaren kontzeptua galtzeak ekarri ditu pairatzen ditugun arazoak; kontuz! eskubideak murriztuta, asistentzialismoan ari gara erortzen; oso desberdina da "mesedez laguntza bat eman" edo "hau nire eskubidea da" esatea. Hona Mikel Mazkiaranek (SOS Arrazakeria) abenduaren 18an Gasteizen eman zigun hitzaldiko zertzelada batzuk.

Migrazioaz ari garela, harreraren gaia ez da honez gero gai nagusiena, aniztasunaren kudeaketa baizik. Migrazio fluxuak egonkortu egin dira, etorkin gehienak erregularizatuta daude. Aniztasun handia dago, gakoa aniztasun honen kudeaketan datza eta, zentzu honetan, panorama konplikatua daukagu Europan.

Europako migrazio politiketan arreta jarriz gero, ikusiko dugu oso politika zurrunak direla; ez dute migrazioaren erregulaziorako balio. Errealitateak zurruntasun horrekin talka egiten du. Migrazio fluxuek beren erregulazio propioa dute, auto-erregulatu egiten dira. Zentzu horretan, Europa imigrazioaren kontrolean zentratzen jarraitzen du, aniztasunaren kudeaketan zentratu ordez. Kontrol hori, gainera, estatuetatik egiten da.

Cameronek esan zuen Europako hiritarren zirkulazioa erregulatu behar zela. Hala dio nahiz eta OCDE eta beste erakunde batzuk behin eta berriz errepikatu etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diotela estatuari. Berdin dio, diskurtsoa errealitatearen beste aldetik doa, eskubideak murriztearen aldetik hain zuzen, eta hor kokatzen da nazionalismo ekonomikoaren arriskua ere, ez da berria. 2009an Gordon Brown laboristak esana da "Ingalaterrako lanpostuak ingelesentzat".

Cameronek ez du ezer asmatu, Europa mailan egiten du Europako Batasunak Europatik kanpokoei egiten diena: etorri nahi dutenei gauzak zail jarri, etortzeko gogoa apaltzeko. Imigrazio kualifikatua besterik ez da nahi.

Politika horrek eragiten du, aniztasunaren kudeaketaz hitz egin ordez, kontrolaren afera azpimarratzea. Horixe da jendeak bere baitan barneratzen duena, eta horrek behartzen du agintaria, era berean, gidoi horretatik ezin atera ahal izatea. Adibide bat: 2004ean EAEko %80a ados zen Etorkinak lanera etortzearekin. 2012n jendea gehiago dago kontra alde baino. Marotok bere esperimentua abian jarri aurretik jada, EAEko %57ak uste zuen etorkinek bereganatzen zituztela laguntza sozial gehienak (2013ko datua). Hau guretzat erronka ikaragarria da.

Behar handiena dagoen momentuan baliabide eskasia duen sistema soziala dugu. Honek konfrontazioa eragiten du. Nori dagokio laguntza? Nor iritsi zen lehenago? Hau gertatzen da unibertsaltasunaren kontzeptua galdu dugulako. Hori galtzeak ekarri ditu bizi ditugun arazoak. Eskubideen unibertsaltasunaren kontzeptua berreskuratu behar dugu, gertatzen ari denari aterabidea aurkitu ahal izateko.

Zergatik pentsatzen du jendeak Marotok arrazoi duela? Hori aztertu egin behar dugu. Unibertsalasuna galtzen denean talde desberdinak egiteko aukera zabaltzen da. Nork du eskubidea eta nork ez? Eskubideak geroz eta eskubide eskasagoak dira, asistentzialismo bihurtu arte. Kontuz! hau gertatzean laguntza eske erreguka hasten gara "eskubide dugu" aldarrikatu ordez. Oso desberdina da bata eta bestea.

Unibertsaltasuna galduta borroka asko galtzen ari gara. Eskubidea asistentzialismo bihurtuta, honelako esaldiak sortuko dira: zergatik gastatzen duzu hainbeste? Baztertutako jendeak gastu handiegia eragiten digu, zergatik ordaindu? Bakoitzak merezi duena dauka...

Hori da joko zelaia Eskubide unibertsalaren kontzeptua galduta, eta joko zelai horretan zer leku dauka etorkinak? Azken tokia. Beldur handia dago, arrisku sentipena dauka jendeak, eta batzuetan "ni lehenagotik nago hemen" bezelakoetara jotzen du identitatearen estalkia erabiliz. Hori egiten hasten bagara Pandoraren Kutxa zabaltzen dugu. Oso arriskutsua da.

Horixe da Marotorenarekin gertatu dena. Eskuliburuko populismoa da hori: etorkinen gaia erabili (jakinda gehiengoaren ustea dela etorkinek laguntza sozial guztiak jasotzen dituztela) hauteskundeetan emaitzak hobetzeko.

Hori hala dela badakigu, eta gera gaitezke esanez "zer gaiztoa den Maroto...". Baina zer egin dezakegu? Hori da nik hemen esan nahi dudana: nola egin aurre horri? Zer egin dezake ELA bezalako sindikatu batek? Nire ustez garrantzitsuena unibertsaltasuna aldarrikatzea da. Horrela egin diezaiokegu aurre parean daukagun arazoari, datuen borrokan sartu gabe.

Eskubideak unibertsalak dira, eta imigrazioarekin bizitzen ikasi behar dugu. Laguntza sozialak etnifikatzea desastre bat da. Taldeak bereizteak ez dakar ezer onik. Adituek diote eskubide sozialen sistemak duintasuna berreskuratu behar duela, eta taldeak bereiztearen borrokak kontrakoa dakar.

Sindikatu bezala gauza hauek aldarrikatu behar dira. Laguntza sozialen sistema eraitsiz guztiok galtzen dugu, hori bazterkerian sartzea baita. Eskubide unibertsalen alde borrokatu behar da. Lan pedagogikoa egin behar da, eta ez da batere erraza. Nola azaldu lantegiko edo tailerreko lankideari bertakoek lehentasuna duten ideia horrek zentzurik ez duela? Eskubide unibertsalaren alde bagaude, horrek ez du zentzurik. Nola trasmititu hori, nola egin pedagogia hori... erronka ikaragarria da, baina ibili behar dugun bidea da.