Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Manifestua RIO+20 Goi Bileraren aurrean

Manifestua RIO+20 Goi Bileraren aurrean

2012/06/21
2012ko ekainaren 20tik 22ra mundu osoko gobernuak Brasilgo Rio de Janeiron elkartuko dira, ustez, Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren, hau da, “Lurraren Goi Bilkura” delakoaren 20. urteurrena ospatzeko. Hain zuzen ere, “garapen iraunkorrerako” agenda globala ezarri zen han, estreinakoz. Goi-bilkura hartan, 1992an, nazioarteko hiru hitzarmen onartu ziren: Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, Nazio Batuen Hitzarmena Aldaketa Klimatikoari buruz eta Basamorturatzearen aurkako Borrokari buruzko Hitzarmena. Hitzarmen haietako bakoitzaren baitan ekintza-sorta bat abiarazi behar zen, planeta eta bertako bizia babestera eta gizaki guztiek bizitza duina izatera bideratua.

Une hartan, gizarte-erakunde askok pozez hartu genituen hitzarmen haiek, eta geure babesa ere adierazi genuen. Hogei urte beranduago ikus dezakegunez, oraindik ez diete eraso egin ingurumena, ekonomia eta gizartea kaltetzen duten benetako kausei. Are okerrago: gaur egun ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-krisialdi ezin larriagoan murgilduta gauzkaten politika neoliberaletan eta kapitalismoaren hedakuntza-, kontzentrazio- eta bazterkeria-prozesuetan sakontzeko bide izango da ekaineko bilkura. “Ekonomia berdea” izena engainuz eta asmo gaiztoz erabilita, honakoak iragartzen dizkigute, gaur egun: kutsatzeko eta ingurumena suntsitzeko modu berriak, oinarrizko zerbitzuak eta sektore estrategikoak pribatizatzeko prozesu berriak, gure lurrak eta lurraldeak monopolizatu eta bertatik kanporatzeko prozesuak, pobreziaren feminizazio-prozesua edo giza eskubideak, demokrazia eta giza duintasuna defendatzen dituztenen kontrako militarizazioa eta indarkeria —areagotzen ari direnak—.

Ez zaizkigu ez euren galderak ez euren erantzunak balio. Aurrez aurre ditugun arazo larriei erantzuteko, beharrezkoa da bide berriak urratzea, ezinbestekoa gizartean eta politika parte hartzeko modu berriak behetik gora eraikitzea, erdigunean, ekonomiaren ordez, pertsonak izango dituzten bestelako garapen-ereduen bitartez. Ekarri diguten krisialdi-egoera honetan garrantzi handiagoa du galerak dituen edozein bankuk, eginahalak,

Soldata eta eskubideak ostu zaizkiola ikusten duen edozein pertsonak baino. Hori dela-eta, aberasten gaituen aniztasunetik eta indartzen gaituen batasunetik, molde berrien aldeko apustua egiten dugu: ekoizpen-modu berriak sortzearen alde (bestelako energia-iturrien bitartez, multinazionalek ezarritako monolaborantzak gainditu eta molde kolektiboen alde eginda, desazkundearen proposamenei atxikita...), harreman sozial eta pertsonalak garatzeko modu berrien alde (patriarkatua eta arrazismoa gaindituta), erabakiak hartzeko modu berrien alde (korporazio ekonomiko handien mende dagoen demokrazia liberalaren muga estuak gaindituta)... Neoliberalismoaren aurkako esperientzien, borroken eta ametsen sarea da euren amesgaiztorik handiena.

Rio+20 goi-bilkura ofizialean inposatu nahi den Ekonomia Berdearen aurka Ekintza Globalerako Eguna garatzeko deiari erantzunda, gure konpromiso antikapitalista eta antipatriarkala berretsi egiten dugu, eta desazkundea, elikadura-subiranotasuna, bizimodu ona, feminismoa eta herrien, langileen eta pertsonen arteko elkartasuna aldarrikatzen, hori baita kapitalismoaren aurrean dagoen alternatiba bideragarri bakarra.

Ekintza Globaleko Eguna. GIZA KATEA-KONZENTRAZIOA
Asteazkena ekainak 20. Bilbao 19:30
Euskadi Plaza (Iberdrola Dorreraren aurrean)


DEI EGITEN DUTE:
Berri-Otxoak (Plataforma Contra la Exclusión Social y Por los Derechos Sociales), Desazkundea, KEM/MOC, Eguzki, Ekologistak Martxan, M15M,
Bizilur, Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza, Euskadi-Cuba, Mugarik Gabe, Mundubat, Paz con Dignidad-Bakea ta Duintasuna, Veterinarios Sin Fronteras-Mugarik Gabeko Albaitariak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea - Coordinadora de ONGD de Euskadi, Berdintasuna, Harresiak Apurtuz - Coordinadora de ONG de Euskadi de Apoyo a Inmigrantes
EHNE-Bizkaia, STEE-EILAS, ESK, ELA, LAB

Manifestua RIO+20 Goi Bileraren aurrean